Oinezkoentzat nahi dute plaza

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 6a, 11:20

Alkizako herri eskolak galdeketa antolatu plaza oinezkoentzat bakarrik izatearen inguruan eta 104 herritarrek hartu dute parte

Ados al zaude plazako zati bat eskola orduetan ixtearekin? Galdera horri 104 pertsonek erantzun diote urria bukaeran Alkizan. Baiezkoaren alde 91 boto bildu dira eta 13 kontra. Gurasoek, ikasleek, irakasleek eta plaza inguruan bizi diren herritarrek izan dute bozkatzeko eskubidea.

Alkizako eskolako elkarbizitza batzordean ikasle, guraso eta irakasleak biltzen dira eta urtero antolatu ohi dute Aste Berdea. Aste horrek irauten duen bitartean plaza oinezkoentzat bakarrik izaten da eskola orduetan. Eider Amundarain irakasleak aipatu duenez, «umeei asko gustatu zitzaien plaza eurentzako libre edukitzea eta guk ere lasaiago uzten genituen jolasean». Gainerakoan kotxeen beldur, aktibitate guztiak pilotalekuan edo parkean egin behar izaten dituzte.

Eskolara sartzeko eta ateratzeko garaian sortzen da arrisku gehien, «batez ere irteeran umeak gurasoengana joaten dira korrika eta orduan kotxe bat pasatzeko arriskua dago», dio Amundarainek.

Alkizako herrigunera gerturatzen denak plazan utzi ohi du autoa. Bertako bizilagunek, umeen bila eskolara doazen gurasoek, taberna edo udaletxera doazenak, barnetegi eta eskolako langileak... denek uzten dute kotxea plazan. Hilerriaren ondoan badago nahikoa toki aparkatzeko, baina jendeak ez du bertarako ohiturarik izaten.

Umeen segurtasunarekin kezkatuta, gurasoen batzordean behin baino gehiagotan aipatu izan dute auzia eta ikasleek ere, astero egiten duten batzarrean jolaserako espazio zabala eskatu izan dute. Orduan otu zitzaien galdeketa bat egiteko aukera. Amundarainek aipatu duenez, «zeinek daki guk bezala pentsatzen ote duen jendeak? Iritzia jakin nahian atera zen galdeketa egiteko ideia. Badakigu ez dela gure eskumena, baina interesatuek zein iritzi dugun jakitea garrantzitsua ikusten genuen».

Umeek ez dute inoiz hauteskunde batean parte hartu eta beraz irakasleen laguntzaz prestatu dute galdeketa. Bosgarren eta seigarren mailakoen artean erabaki dute lehenik eta behin zentsua: Lehen Hezkuntzako ikasleak, eskolako ikasle guztien gurasoak, irakasleak, plazan bizi eta lan egiten duten herritarrak eta udaletxeko alkate, zinegotzi eta langileak. Proposamen zehatza landu dute: ikasturteak irauten duen bitartean irakasle gelako leihotik plazako kaleargira, soka edo kate batez plaza ixtea.

Galdera prestatu, udaletxetik hautetsontzia ekarri eta urriaren 28an, 29an eta 30ean eskola orduetan izan da bozkatzeko aukera. «Ikasleak aritu dira mahaiko kide gisa, botoak jaso eta kontatzen», dio Amundarainek. «104 pertsonek hartu dute parte. Helduek botoa delegatu zezaketen eta gustura gaude parte hartzearekin, plazako bizilagunek, begiraleek eta garbitzaileek parte hartu baitute. Barnetegiko langileak eta udaletxeko ordezkariak ez dira agertu ez dakigu ondo zergatik, gaizki etortzen zitzaielako edo egoki ikusi ez zutelako».

91 pertsonek ongi ikusi dute eskola orduetan plazako zati bat oinezkoentzat ixtea eta 13k berriz ez. Ikasleak egunotan emaitzak aztertzen ari dira: «Orain, adibidez, guraso edo irakasleen artean abstentzioa zenbatekoa izan den kalkulatzen ari dira. Taulak eta diagramak prestatu dituzte aste honetan emaitzak herritarrei jakinarazteko». Atzo herrian zehar galdeketaren emaitzen berri emateko kartelak zabaldu zituzten eta eskolako webgunean ere zintzilikatu zituzten.

Aintzakotzat hartuko da iritzia?

Denetariko iritziak bildu dituzte eskolan egindako galdeketan. Baiezko batek ñabardura bat egin du bere botoan: «Ados nago, baina ez zuek jarritako baldintzetan». Hori ikusita, Alkizako eskolak iradokizunak biltzeko epe bat zabalduko du. Irakasleen esanetan, «gurea eskola orduetan plaza ixteko proposamena da, baina gune publiko bat da eta jende gehiagoren iritzia jaso beharko da».

Jon Umerez alkateari galdetuta aitortu du aspalditik datorren kontu bat dela. «Eskaera hori beti izan dugu presente. Plaza ixtearen kontrako jarrerak ere egon dira eta eskolako sektoreekin ere bildu izan gara. Lehenago ere esan izan dugun bezala, ume bila eskolara etortzen diren gurasoek ere ardura bat hartu beharko lukete arazo honen aurrean».

Oraingo honetan, ordea, auziak badu berritasun bat, umeek hartu dutelako protagonismoa. Horrek «poztu» egin ditu udal ordezkariak. Udaletxera emaitzak eramaten dituztenean, gaia berriz aztertzeko konpromisoa hartu du udal taldeak. Umerezen ustez, «orain badugu beste elementu berri bat eta hori kontuan hartuta, ikusiko dugu zein irtenbide eman afera honi. Luze baino lehen izango da».

Babes handi batekin dator eskola orduetan plaza oinezkoentzat ixteko eskaera. Botoa eman dutenen %87,8a agertu da alde. «Gai honekin oreka bat bilatzen saiatuko gara. Umeek behar dute espazio bat eta lasaitasuna, arriskurik gabe plazan jolasean ibili ahal izateko. Bestalde, kaskotik kanpora bizi direnak ere hona gerturatzen direnean eduki behar dute aukera kotxea uzteko. Ea interes horiek nola uztartzen ditugun, erantzun ahalik eta egokiena ematen saiatuko gara», dio Umerezek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!