"Erabateko arte terapia da"

Andoni Uzkudun Irati Saizar 2015ko abu. 6a, 15:48

Koldobika Jauregiren ardurapean xilografian oinarritzen den grafika tailerra ari dira burutzen Alkizako Ur Mara museoan. Abuztuaren 3tik 8ra bitartean egongo dira bertan. Ataria bertan izan da eta Jauregirekin eta tailerra egiten ari direnekin hitz egin du.

Ur Mara artea eta natura uztartzen dituen espazio bat da. Aldi berean, Alkizan aurkitzen diren 11 hektareako gune baten eta Koldobika Jauregi artistaren museoaren izena da. Lau urte daramatza martxan uztarketa proiektuak eta pixkanaka "errotzen" doala esan du. Hilabete honetan Obra eta Teknika Grafikoari eta Irakurketa Poetikoari buruzko II. Topaketak egiten ari dira bertan.

Non dute hasiera topaketa hauek?

Lehen topaketak duela bi urte egin genituen. Artezale garen aldetik, kezka bat genuen: pentsatu genuen bultzada bat eman behar zitzaiela irudi, marrazki, grabatu, eta literaturari berari. Ikusi genuen gure inguruan bazegoela nahiko jende interesa zuena eta halaxe sortu zen. Orduan ere tailer batzuk egin ziren, bai grabatuarena eta baita paper egitearena ere. Irakurketa poetikoak eta erakusketak ere egin genituen. Horri jarraituz antolatu dugu aurtengoa.

Grafika tailerretan zer da zehazki egiten ari zaretena?

Grafika tailer honetan teknika konkretu bat lantzen dugu, gehienbat xilografia. Xilografia grabatuaren eta grafikaren munduko teknikarik zaharrena da.  Hitzak berak egurra eta marrazkiaren esanahiak biltzen ditu, beraz, nolabait esateko, marrazkia egurraren gainean esan nahi du. Guk egurra estanpatzeko eta kopiak ateratzeko posibilitatearekin lantzen dugu. Teknika hori, naturarekin lotuta dagoelako erabiltzen dugu, egurrarekin lotura zuzena baitu eta gure proiektuan ere zentzua du. Ez da gerora sortu diren beste teknika batzuk bezain konplikatua eta hemen ikasitakoa, norberak egin dezake bere etxean, bai egurrarekin eta nahi badu baita patata batekin ere.

Ze publiko mota hurbiltzen da?

Egia esan publikoa oso zabala da. Bai topaketetara datorrena eta baita Urmara museora urte guztian zehar etortzen den jendea. Hasiera batean pentsatzen genuen, artearekin lotuta zegoen jendea soilik etorriko zela, baina, egia esan, lau urte hauetan jendeak erakutsi dute, ez direla soilik artea gustuko dutenak etortzen, baizik eta naturarekin lotutako jendea ere etortzen dela, naturistak, biologoak, argazkilariak, bidaiariak eta irakaskuntzarekin lotutako jende asko. Egia esan, nondik datozen begiratuta, gutxi gorabehera herena Tolosaldeatik kanpokoa da eta erdia atzerritarra.

Ze balorazio egingo zenuke tailerren inguruan?

Oso ona. Lehen aldiz egin dugu xilografia tailerra eta hemen inguruan, ez gaude ohituta horrelako gauzak egitera. Nahiko gutxi egiten dira udako arte tailerrak, baina, nire ustez gehiago zabalduko da. Zehazki xilografia tailer bat ikustea oso zaila da, Euskal Herrian teknika hori oso gutxi lantzen baita.

Bigarren topaketa burutzen ari zareten honetan hirugarren bat baduzu buruan?

Bai, datorren urtean izango da seguruenik. Asmoa, teknika hauek geroz eta gehiago zabaldu eta azaltzea da jendeari. Zer den gainetik esplikatu eta eguzkipean jarri eta lantxo bat egitean datza, hau baino lasaiago lan egitea ezinezkoa da. Nik uste arte terapia totala dela. Badugu intentzioa honekin jarraitzeko. Adibidez, eskoletan 9-10 urtekoei tailerrak ematen dizkiegu. Txina ikastea tokatzen zaienean, ezin aproposagoa da paperari buruzko tailerra burutzea eta horrelako proiektuak egiten saiatzen gara. Teknika hauek garatzen joatea nahiko nuke, mundu konplexu honetan, ordenagailuen munduan, badago eta oraindik aukera bat, eskuz egindako grafikarena, lasaigarriagoa dena.

 

Topaketa bukatu bitartean, izango da zer ikusi eta zertaz gozatu. Hona hemen egitaraua:

  • Abuztuaren 8ra arte: Xilografia tailerra.
  • Abuztuak 8, larunbata: 17:00etan irakurketa poetikoa Juan Garziaren eskutik. Jarraian, kontzertua Susana Cencillo akordeoilaria eta Javi Perez tronpetariaren eskutik.
  • Abuztuak 23, igandea: Hilario Rodeiro & Iñaki Rodriguezen kontzertua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!