Alkizako Abertzale Ezkertiarrak zerrendak eskuratu zituen boto gehien aurreko maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan. Datozen lau urteetan herriko alkate izango da Jon Umerez (Oñati, 1962). Kargua errepikatuko du.
Berriz ere talde berdinak errepikatuko du udalean.
Bai. Kanpora bizitzera joan den zinegotzi batek ezik, gainerako seik errepikatuko dugu. Hasieran ez genuen asmorik udaletxean jarraitzeko eta aurreko urte hasieran batzar bat egin genuen beste talde bat osatzen joan zedin. Izan ere, Alkizako Abertzale Ezkertiarrak siglak herriarenak dira. Herrian ez zen mugimendu handirik sortu eta hautagaitzak aurkezteko epea zabaltzear zegoela, eta ikusita ez zela herriko zerrendarik aurkeztuko, egoera hori ekidin nahian, egungo udal taldekook, azken unean, berriz ere errepikatzea erabaki genuen.
Zein inbertsio gauzatu dituzue azken lau urteetan?
Alkizako Udalak ez du zorrik. Aurrekontua, gutxi gorabehera, 400 milatik 600 mila artekoa izaten da. Foru fondoarekin eta zerga eta tasetatik jasotzen dugunarekin ohiko gastua estaltzea lortzen dugu. Inbertsio berriak egiteko beste erakundeen lankidetza bilatu behar izaten dugu. Umeen parkea konpondu dugu, lursailak erosteko eta herriaren ondare publikoa handitzeko ahalegina egin dugu eta udaletxearen teilatua eta goiko solairua konpondu ditugu, adibidez.
Nola dago Alkizako eskolaren afera?
Eskola txiki geratu da. Zaharkitua dago eta azpiegitura ez da egokia. Guk uste dugu eskola berri bat behar dela edo behintzat, erabat berritu behar dela. Hezkuntza sailean eskola berria egiteko beti aurrekontuaren aitzakia jartzen digute. Gaur egungo eskola erabat berreraikitzeko aukera aztertzen ari dira orain, eraikina bera, espazioa, ahalik eta ondoen aprobetxatzeko.
Etxebizitza berririk egiteko asmorik baduzue?
Gaur egun 380 pertsona inguru bizi gara. Orain Plan Orokorra prestatzen ari gara eta bertan sartuko dira etxebizitza proiektu berriak. Urte batzuk dira azkeneko etxebizitzak egin zirela eta orduan aseta geratu ziren bertako biztanleen beharrak. Orain berrikusi egin beharko dugu kontua. Guk pentsatzen dugu herritarren hazkunde begetatiboari erantzun behar zaiola. Herriko gazteak bertan bizitzen geratu daitezen. Jendeak promozio publikoko eskaintza tasatuak hobesten ditu.
Geratu al zaizue proiekturik bukatu gabe?
Plan Orokorra egiteak inbertsioa eskatzen du eta horrek lan asko emango digu urteotan. Hala ere, konponketaren lehen fasea amaitu ondoren, lehen pisua berregokitu nahi genuke. Beheko solairuan, postontziak eta ostatua dauden espazioa ere moldatu beharko dugu. Dagoeneko hasiak gara finantziazio bila eta parte hartze prozesua abiatuko dugu egokitzea nola egin erabakitzeko.
Zein ibilbide egingo du hemendik aurrera Fagus Alkiza interpretazio zentroak?
Anbiziozko proiektua da eta hori da bere bertutea. Poliki ari gara, helburu zentrala, hemengo ondasun naturala ezagutzera ematea da. Interpretazio zentroan informazioa jasoko duen erakusketa dago eta obrak amaituta irailetik aurrera martxan egongo da. Sortu ditugu unitate didaktiko batzuk, LH eta DBHko ikasleentzako. Eta osagarri bezala, bi ibilbide berreskuratu ditugu. Natura bera, gizakia ingurune horretan kokatuta eta bien arteko harremanak sortzen duen kultura. Horiek dira proiektuaren ardatzak.