«Gure baratzeen atzean jakintza, kultura eta historia dago»

Jon Miranda Labaien 2015ko eka. 12a, 11:15

Argazkia: Dani Blanco (Argia)

Ingurumenaren Astearen barruan hainbat ekitaldi antolatu dira Tolosaldean. Ekitaldi horiekin amaitzeko, gaur, Alkizako Don Juanena etxean hitzaldi bat izango da. 19:30ean Jakoba Errekondo (Usurbil, 1961) ariko da azalpenak ematen.

Duela aste gutxi kaleratu duen Bizi Baratzea liburua aurkezteko baliatuko du emanaldia. Euskal Herri osoa zeharkatzen ari da liburua aurkeztuz. Bertan bildutako jakintza kolektiboa dela nabarmendu du paisajista ezagunak.

Zer moduzko harrera izan du 'Bizi Baratzea' liburuak?
Oso ona. Bigarren argitaraldia atera genuen duela gutxi eta jada bukatzen ari da. Dagoeneko hirugarren edizioa martxan da. Oso harrera ona izan du liburuak eta pozik nago.

Nola sortu zaizu liburu hau kaleratzeko aukera?
Jendea eske ari zitzaidan. Bestalde, badago premia Euskal Herritik pentsatutako horrelako informazioa sortzeko. Hemen erabiltzen diren liburuak, gehienbat, frantsesez eta gaztelaniaz egindakoak dira eta ez daude gure klima eta baldintza ekologikoetara egokituta. Euskaraz egin dugu eta Euskal Herritik pentsatuta dago. Bertako egutegia, lanen sekuentziak, landareak noiz eta nola egin azaldu dugu. Horri garrantzia eman nahi genion eta intentzio horrekin sortu da Bizi Baratzea.

Nola egituratu duzu liburua?
Sarreran oinarrizko azalpenak daude: lurra, ura, argia, ongarriak eta baratzean lanak nola egiten diren esplikatzen da. Beste atal batean baratzean maiz izaten ditugun buruhausteak jarri ditugu, esate baterako, izotz zuriak, izotz beltzak, haizea, itzala, gaitzak eta suerta daitezkeen izurriteak. Arazo horiek konpontzeko moduak ere jaso nahi genituen: txandakatzeak, landareak bata bestearen aldamenean nola jarri eta gisa horretako soluzioak azaltzen dira. Sendabide batzuk ere jarri ditugu: landareen urak, etxean egiten diren erremedioak eta intsektizida naturalak ere proposatu ditugu sendabide bezala. Ondoren, ilargiaren eragina ere aztertu eta urte osoa hartzen duen egutegi bat jaso dugu liburuan.

Barazkiak banan-banan aztertu dituzu.
36 barazkiren fitxak jaso ditugu. Barazki bakoitzari buruzko informazio guztia jaso da bertan: landare bakoitza nondik datorren, zeintzuk dituen oinarrizko premiak, berekin zein lan sekuentziak egin behar diren, zein gaitz eduki ditzakeen eta landare horrentzako trikimailu ohikoenak zein diren. Liburuaren atalik inportanteena hori da. Horrekin batera, belar finen inguruko azalpenak eman ditugu: perrexila, erromeroa, oreganoa eta milua ez dira landare baina baratzean lantzen diren belarrak dira.

Euskal Herri osoa hartu duzu aintzakotzat liburuan?
Bai klima ezberdinak topa daitezke Euskal Herrian eta hori kontuan izan dugu. Ez hori bakarrik, herri batean ere mikro klima asko topa ditzakegu eta, aldi berean, baratze bakoitza mundu bat da. Alkizan bertan, aldamenean dauden bi baratza ez dira sekula berdinak izango; bati haizeak gehiago emango dio eta beste batek lur jakin bat izango du. Horregatik, idatzitakoa ez da biblia bat, ez da araua. Liburuaren asmoa da laguntzea. Egiten ditugun lanak zalantzan jarri eta horien inguruan pentsaraztea. Soluzioak norberak topatu behar ditu bere tokirako. Liburuaren oinarrian lurralde atlantikoa dago baino bertatik abiatuta edozein lekutara jo dezakegu.

Garaian garaikoa leloa entzuna dugu eta zuk liburuaren azpitituluan garaiz hitza erantsi diozu. Zergatik?
Garaian garaikoa inportantea da, baina garaiz ibiltzeak ere garrantzia handia du baratzean. Hemen gure ingurunean, egun batetik bestera aldatzen da eguraldia eta gaur landatu ez duzuna, agian, ezin duzu beste astebetean landatu.

Beste azpititulu bat ere jarri diozu liburuan: 'Eman eta hartu'.
Bai, askotan esplikatu dut. Hartu nola egingo dugu aurretik ematen ez badugu? Hartzeko eman egin behar da eta baratzean zer esanik ez. Fruitua, haziak eta loreak landarearen zati emeak ematen ditu. Emankortasuna hitza emetik dator eta hartu berriz ar hitzetik. Horregatik aldatu dut esaeraren ordena: hartu-emanetik eman-hartura.

Norengan pentsatuta idatzi duzu liburua?
Hiru multzo izan ditut gogoan liburua osatzerako orduan. Lehen multzoan kokatuko nituzke, sekula baratzean aritu ez direnak eta oinarrizkoarekin hasi nahi dutenak. Bigarrenean, baratzea egiten ohituta daudenak; haientzako trikimailuak, tratamenduak eta bestelako azalpen interesgarriak eman dira. Eta hirugarren multzoan, baratzerik sekula egin ez dutenak eta egiteko asmorik ez dutenak izan ditut gogoan. Baratzaren edertasunaz jabetzeko gai den publikoa da hori, badakitenak baratzearen atzean jakintza, kultura eta historia bat dagoela. Haientzako ere egokia da liburua.

Ugaritu egin dira azkenaldian herri baratza eta kontsumo taldeak. Oraindik ere formakuntzan lan handia dago egiteko?
Etengabe ari gara aurreratzen baina beti aurreratu daiteke gehiago. Azken urteetan urrats handiak eman dira baina horren areagotze handiago bat emango da hurrengo urteetan. Jakintzaren ikuspegitik, herri proiektuak, elkarlanak eta partekatzeak ugaritu egingo dira.

Urteotan jaso duzun jakintza esperimentala izan da? Non ikasi duzu hainbeste baratzeaz?
Esperimentala da, etxetik jaso dudalako. Baina inguruan ikusitakoa ere bada, beste baratzezainek egiten dutena, irakurritakoa, esaten dizutena... iturriak pila bat dira. Urte guzti hauetan gai honen bueltan ibili naiz eta hortik sortu da neurri handi batean liburua.

Zurea dibulgazio lana izan da.
Bai. Nik katalizatzaile edo bitartekari lana egin dut. Irratian zalantza askori erantzun behar izan diet. Baina galdera horiek ez dira niri zuzendutakoak bakarrik izan, baizik eta irratiaren bestaldean zeuden entzuleei egindakoak. Nik bitartekari lana egin eta sakabanatuta zegoen jakintza hori bildu eta zabaldu dut. Dakien horretaz jendea harro egotea nahi nuke. Liburu hau egiteko laguntza eskaini didatenak asko dira eta ni haiekin zorretan nago. Errazena liburua egin eta liburua dendetako apalean uztea da baina horrek, ordea, ezertarako ez du balio. Liburuari bizia eman behar zaio eta ni herriz herri hori egiten ari naiz. Gaur, Alkizan ariko naiz eta Tolosan, adibidez, hilaren 20an Goroldik gonbidatuta izango naiz San Joanetako azoka berezian.

Dibulgazio lan hori hainbat hedabidetan egin duzu.
Bai, hala da. Euskadi Irratian aritu naiz urteetan eta Argian adibidez 20 urte daramatzat astero artikulu bat kaleratzen. Beraiek eskaini zidaten liburua kaleratzea eta eskaintzari gustu handiz erantzun diot.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!