Hondakinen kudeaketa egokiagoa egiteko deia

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 25a, 09:22

Errefusaren edukiontzian bildutako hondakinaren erdia baino gehiago birziklagarria da. Alkizako hondakinen kudeaketa bilketan aldaketak egin zituztenetik denbora pasa da eta emaitzak ez dira uste bezalakoak izan.

Alkizako hondakinen kudeaketa plan berria martxan jarri zenetik, aldaketaren emaitzak kuantifikatzeko, Tolosaldeko Mankomunitateak herriko errefusaren edukiontzien karakterizazioa egin zuen aurreko azaroan. Emaitzak argi adierazten du, edukiontzi horietan aurkitu denaren erdia baino gehiago birziklatu daitekeen hondakina da.

Alkizan birziklapen tasa handitu den arren ez dira hondakinak ondo sailkatzen. Kudeaketa egokia egiteko baliabide eta zerbitzuak jarri zituen udalak baina ez dira behar bezala erabiltzen. Auto konposta egiteko aukera dago herrian eta auzo konpostagailuak ere jarri diuzte. Astelehenetan errefusa biltzen dute edukiontzi berdean, asteartetan papera eta kartoia edukiontzi urdinaren bitartez eta ostegunetan edukiontzi horietan ontzi arinak jasotzen dituzte. Bilketa bereziak egiteko herriko ekarpen gunea dute aukeran herritarrek.

Bereziki Anoetarako bidean jarritako gunean topatu dute egoerarik aldrebesena. «Garbigunearen itxierak eta Anoetan atez atekoa bilketa sistema egoteak izan dezake eragina». Udalak uste du, hala ere, alkizarrena dela erantzukizuna.

Udaletik kudeaketa sistema berria jarri zutenean, herriko hiru gune prestatu zituzten, «ordutegi mugaturik eta kontrolik gabe, guztia herritarren erantzukizunaren truke. Zoritxarrez alkizarrok ez dugu emandako hitza bete eta helburua betetzetik urrun gaude».

Karakterizazioaren emaitzek ardura eta betebeharra ardatzera bideratu dute eztabaida. «Orain arte bezala edukiontziak libre eta irekita mantentzeak herritarren ardura eskatzen du. Bestela, beste hainbat sistema daude hondakinen bilketa kontrolatzeko eta horiek aztertzen hasi beharko dugu».

Arduraz jokatzeko deia luzatu die berriz herritarrei udalak. Edozein zalantza izanez gero, Tolosaldeko Mankomunitatera jo dezakete alkizarrek. Herrian asteazkenero ingurumen teknikaria egoten da eta berak ere herritarren zalantzak argituko ditu udaletxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!