Barbara Goenaga: "Gure etxean antzerkiak ziren eguneroko jolasa"

Iñigo Terradillos 2015ko mar. 15a, 11:34

Joseba Usabiaga aktore tolosarrarekin batera ‘Picadero’ filma ari da grabatzen, eta hori amaituta, Gernikako bonbardaketaren inguruko film batekin hasiko da lanean alkizarra; artisten etxea da berea, eta etxean ikusi eta ikasitakoa garela uste du.

Bizi osoa darama antzezten, hiru urte zituenerako hasi baitzen pertsonaiak irudikatzen jolasean, kamaren aurrean. Gerora, lanbide bilakatu du jolasa zena, eta taula gainean, zineman nahiz telebistan hamaika paper egitea egokitu zaio. Krisiak bete betean jo duen gaztearen lekuan jarriko da une honetan grabatzen ari den pelikulan, eta hori amaitzean, Gernikako bonbardaketaren atzean gertatuko den maitasun istorioaren parte izango da. Alkiza bihotzean darama Barbara Goenagak, «ezin dut bertatik igaro gabe bi aste jarraian egin», dio. Bere lanez gain, bizitza pertsonalaz ere hitz egiten dute aldizkarietan eta telebista katetan, eta hori, bereziki nabaritu da azken asteetan. Baina, bera ez da sartzen horretan, eta argi du ez dela «inoiz» sartuko, «pertsonaia eta pertsona bereiztu behar direlako».

‘Picadero’ filmaren grabaketetan murgilduta zaude une honetan.

Bai. Iragan astean hasi genituen entseguak Donostian, eta grabaketekin hilabete honetan hasi gara. Gogotsu nago, trailerra egin genuen, eta zetorrenaren aperitif modukoa izan zen. Irrikaz nago filmean bete-betean sartzeko. Joseba Usabiaga tolosarrarekin batera ariko zara bertan; beraz, bi tolosaldear protagonista moduan. Lagun asko dauzkagu komunean, asko ikusi dut bera lanean, nere semea Poxpoloren fan amorratua da, baina, pertsonalki ez nuen ezagutzen. Trailerra egin genuenean ezagutu genuen elkar, eta egia esan, etxera eramateko modukoa da, oso jatorra, eta oso ondo moldatu gara. Film batean elkar ondo ulertzea garrantzitsua da gauzak askoz ere errazago egiteko.

Ben Sharrock zuzendari eskoziarrak zuzenduko du filma. Gazteriarengan krisi ekonomikoak sortutako arazoak jorratzen ditu, larrua jotzeko ezkutuko toki edo ‘picadero’ horiek bilatu beharra, esaterako.

Zerikusia du horrekin, baina, ez guztiz. Ironia edo umore ukitua eman nahi izan diote izenburu horrekin. Eroso egoteko lekua topatzen ez duen bikotea da, ez dakite zer egin euren bizitzekin, egiten duten lanarekin ez baitzaie iristen… Azken batean, gaur gertatzen dena.

Eskoziako nahiz Euskal Herriko krisiaren ondorioak hartu ditu kontuan.

Bere neskalaguna bizkaitarra da, horregatik du lotura zuzendariak Euskal Herriarekin. Euskararekin txundituta geratu zen, eta euskara ikasten ari da. Nik galdetu nion ea nolatan erabaki zuen filma euskaraz egitea, eta esan zidan, jaialdietan ohituta zegoela filmak hizkuntza askotan entzutera, eta pentsatu zuela euskaraz egitea. Gaiari dagokionez, krisia dela eta, arazo nahiko antzekoak topatu dituela Eskozian eta Euskal Herrian esan zidan, eta horiek islatuko ditu filmak.

Eta, Barbara Goenagari, nola eragiten dio krisiak?

Guztioi eragin digu. Lanbide guztietan nabaritu da, eta gurean ere antzera. Okerrena da asko ari dela luzatzen, eta jende gazte asko lanik gabe dagoela. Nire adineko jende asko dago gurasoen etxetik irten ezinik lanik topatzen ez duelako.

Honekin amaitzean, Gernikaren bonbardaketari buruzko film baten grabaketan hasiko zara.

Oso proiektu polita da. Koldo Serrak zuzenduko du, eta nazioartekoa da, Euskal Herriko, AEBko eta Alemaniako koprodukzioekin. Gernikan filmatuko da. Gernikako bonbardaketaren atzean egon zenari begiratuko dio, Gernikara etorri ziren pertsonaiei, esaterako, eta guztia maitasun istorio baten bitartez kontatuko du.

Oso txikitatik ikusi zaitugu telebistan. Odolean al daramazu artista izatea?

Ez dakit nik aukeratu ote nuen lanbide hau, edo lanbideak aukeratu ote ninduen. Egia da asko gustatu izan zaidala betidanik, eta etxean antzerkiak zirela gure eguneroko jolasa. Beraz, denetik pixka bat izango da, odolekoa eta etxean ikusitakoa. Azken batean, hori gara denak, etxean ikusi eta ikasitakoa.

Zaila zen, beraz, etorkizuneko Barbara abokatu edota mediku moduan irudikatzea.

Ba, pentsa, albaitaritza ikastear egon nintzen, baina, azkenean ez. Dena den, etxean, beti izan dira oso irekiak gurekin, eta norberak nahi zuena bultzatu izan dute. Amonak beti esaten zuen gauza bat, eta nik arrazoia ematen diot: «Egin ezazu nahi duzuna, baina ondo egin, edo ahalegindu behintzat».

Gerora, amonak zer esaten zizun zure lanaren inguruan?

Nire etxean oso kritikoak dira. Ondo dagoenean ondo dago, baina ez dagoenean ondo ere esaten dizute.

Ez da komeni beti ‘ondo’ esatea.

Hala ere, norberak ere jakiten du. Kritikoa izan behar da norbere buruarekin.

Artisten familia da zurea.

Artista hitz potoloa da, baina, aita margolaria da, eta Aizpea, izeba, denetarik. Erreferentzi handia izan da izeba txikitatik: oso langilea da, guztia ondo egiten du, eta beti energia askorekin. Ikaragarria da.

Hiru urte besterik ez zenituen ‘Bai horixe’ telesailean agertu zinenean. Eta gero, ‘Beni eta Marini’, ‘Duplex’ eta ‘Goenkale’ etorriko ziren.

Gogoan dut hasi nintzeneko garaia. ‘Goenkale’, berriz, nire eskola handiena izan zen. Sei urte igaro nituen bertan. Oso esperientzia polita izan zen. Aktore nahiz persona moduan bertan hazi eta hezi nintzen.

Eta, Madrilera saltoa emateko erabakia etorri zen gero. Erabaki erraza izan al zen?

Hamabost urte nituen, eta irten egin nahi nuen hemendik. Madrilgo telesail baten aukera suertatu zitzaidan, eta joan egin nintzen. Gehiegi pentsatu gabe egin nuen, eta konturatzerako hamabost urte igaro ditut Madrilen. Lehen hiru edo lau urteak oso errazak izan ziren, baina, ordutik aurrera etxera bisitak areagotuz joan ziren.

Zer balantze egiten duzu urte hauetatik guztietatik?

Inoiz ez diot uko egin une bakoitzean nahi nuena egiteari. Jende askok esan izan dit gauza asko galduko nituela hain gaztetxo nintzela antzezten hasi izanagatik, baina, nik ez dut sentsazio hori. Agian nire adinean ohikoak direnak baino ardura handiagoak izan ditut, baina denerako tartea izan dut.

Zein lan duzu oroitzapenen txoko kuttunenean gordeta?

Zaila da aukeratzea, baina, Vientos de agua esaterako, nire lagun Nacho Vigalondoren Cronocrimenes, Elena Tabernaren La buena nueva, Mikel Ruedaren Izarren argia…

Lan egitea egokitu zaizun horien artean, nori gordetzen diozu leku berezia?

Aipatu ditudan Mikel Rueda edo Nacho Vigalondoz gain, Maribel Verdu nabarmenduko nuke, lanetik kanpo ezagutzeko aukera izan dudalako, eta oso lagun egin garelako. Gorka Otxoa edo Gonzalo Suarez ere aipatuko nituzke.

Eta norekin gustatuko litzaizuke lan egitea?

Asko gustatzen zait Carlos Vermut zuzendaria edota Borja Cobeaga, esaterako.

Beste arlo bat ere hasi zara ukitzen. ‘Soulbask’ izeneko proiektuan zaude murgilduta.

Sara Lopez lehengusina eta biok konturatu ginen hemen bazirela etxe batzuk, handiagoak edo txikiagoak, ezagunagoak edo ezezagunagoak, eta ikusi genuen interesgarria izango litzatekeela guztiak batzeko plataforma moduko bat egitea. Etxe horiek ezagutarazi, eta jendeari erosketak egiten erraztea du helburu. Blog bat zabalduz hasi ginen, eta bertan esperientziak kontatuz, esaterako, bizkaitar batek eskuz nola egiten dituen zapatak. Horrelako gauzak kontatzeaz gain, saldu egiten ditugu.

Internetek dio donostiarra zarela. Zer sentitzen zara, alkizar ala donostiar?

Donostian beti sentitu izan naiz alkizarra, eta Alkizan nagoenean, berriz, donostiar. Bietakoa sentitzen naizela esango nuke. Jaio eta lehenengo urteak Alkizan igaro nituen. Familia osoa donostiarra dut, eta eskolara Donostiara joaten nintzen. Gurasoen etxea Alkizan egon da, eta bertan jarraitzen du. Lotura handia dut bi herriekin, baina, lotura desberdina. Pasa den urte osoa, esaterako, Alkizan pasa genuen semeak eta biok. Ezin dut egon bi aste jarraian handik igaro gabe. 

«Pertsonaiak dira ezagutu behar direnak, ez pertsonak» 

Zure lanaz ez den beste kontuez telebistan edo aldizkarietan hitz egiten dutenean?

Ez diet kasu askorik egiten. Jendeak ahalik eta gehien jakin nahi izaten du zutaz. Hori berezkoa du gizakiak, barruan darama txutxumutxuan aritzearena, baita nik ere. Beraz, nik hori ulertzen dut, baina, nik ez dut inoiz nire bizitzaz hitz egin. Ez naiz inoiz horretan sartu, eta ez naiz sartuko. Gauza pila bat esan dituzte, eta beste pila bat esango dituzte, egiak ala gezurrak direnak. Jendeak uste du zure bizitzaz ia dena, %90 dakiela, baina, %5 besterik ez daki. Nik nahiago dut horrela izatea. Aktoreak gara, eta pertsonaiak dira ezagutu behar direnak, ez pertsonak.

Zure erreakzioa nolakoa izaten da zure bizitzaz ari direnean?

Egia esan, ez dut telebista gehiegirik ikusten. Ez dut denbora gehiegi horretarako semea dela eta. Egia da, baita ere, ez dutela nitaz asko hitz egiten. Eskerrak! Eta, hitz egiten dutenean, ba, zer egingo diogu ba! Nik ezin dut hori kontrolatu. Askotan jendearengatik edo gertukoengatik jakiten dut zer edo zer esan dutela nitaz, baina, beste askotan ez naiz enteratu ere egiten.

Semea aipatu duzu, ama ere bazarelako. Aktore lana eta ama izatea nola partekatzen dituzu?

Askotan ‘ama langilea’ etiketa jartzen zaio ama den eta etxetik kanpo lan egiten duen emakume bati. Baina, nire ustez, ama bat beti da langilea. Eta, askotan, beste lanekin partekatzea ez da batere erraza, eta gehiago, semearekin denbora pasa nahi baduzu. Badaude semea edo alaba errazago uzten duten gurasoak, baina nire kasuan, ‘oso ama’ naiz. Batzuetan, gehiegi ere bai. Berarekin denbora guztia igaro nahi izaten dut. Eta, nire familiaren laguntza eskertu beharra daukat, batera bizi gara, gainera, eta horrek asko errazten du.

Eta, semeak ere aktore izan nahi badu?

Lasaitasun handiagoa emango lidake beste lanbideren bat izango balu, batik bat, aktorearen lana ez delako batere egonkorra. Baina, ezingo nuke gaizki hartu: ni horretan nabil niri utzi zidaten, amonak utzi zion aitari... Beraz, ezinezkoa litzateke nik gaizki hartzea. Norberak gauza bat ongi egiteko benetan gustatu egin behar zaio. Azkenean, seme-alabek nahi duten bidea erraztu behar dugu, erraztu, bultzatu eta lagundu.

Izan ere, aktore lana kanpotik ikusita oso polita izan daiteke.

Kanpotik ikusten denak askotan ez du zerikusirik benetan denarekin. Askotan, zure elkarrizketak ateratzen dira, edota zuk egindako filmaren bat dago merkatuan, eta gerta daiteke, duela urtebete egindako filma dela, eta ordutik ez duzula lanik egin. Denbora askoan agertzen ez bazara jendeak galdetzen dizu ea oporretan zauden, eta errealitatea langabezian zaudela da. Aktoreak oporretan daudenean, lanik gabe daudela esan nahi du. Egonkortasunik gabeko lanbide honetan, nire kasuan, bizitzak berak ematen dit behar dudan egonkortasuna, semeak, Soulbaskek...

 

MOTZEAN

Liburu bat?

Eider Rodrigezen Haragia. Oso polita, oraintxe ari naiz irakurtzen.

Telebistan zer?

Albisteak egunean behin ikusten ditut, dokumentalak asko gustatzen zaizkit, eta filmak.

Ikusi duzun azken pelikula?

El francotirador, ez zait asko gustatu.

Politika?

Ez zait batere gustatzen. Ez dut ulertzen. Dagoen politika soberan dago nire ustez, eta haserretu egiten nau, gainera.

Egungo egoera?

Une egokia da aldaketa sakon baterako. Horren aldeko naiz. Guztion artean, norberak bere alorrean, bultzatu behar da aldaketa. Gogorra izan daiteke, baina, nire ustez onerako izango da. Gizartean aldaketa gogoa nabari dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!