Hauteskundeetarako hautagaitza prestatzeko deia egin dute Alkizan

Ataria 2015eko otsailaren 10a

Jon Umerez Alkizako alkatea

Alkatea eta zenbait zinegotzi ez dira berriz aurkeztuko, baina laguntzeko prest daude


Udal hauteskundeak maiatzaren 24an izango da, eta herrietan ari dira jada hautagaitzak prestatzen. Herri horietako bat Alkiza da. Zerrenda apirilaren 15erako aurkeztu behar dute, eta beraz, udalak herritarrei hautagaitza independente, osatu eta anitza eratzeko nahia azaldu die.

Zentzu honetan, udalak bilera egin zuen orain aste gutxi herritarrei hautagaiak prestatzen joateko garaia dela esateko. Udalaren ustez egokiena herritar independenteak bildu eta hautagaitza aurkeztea da. Izan ere, orain dauden zinegotzietako batzuk, eta baita alkateak berak ere, ez dute errepikatzeko asmorik. «Ondo legoke gerora begira zerrendan nolabaiteko jarraipena ziurtatzea beti ere, pertsona berriei aukera emanaz», gaineratu du. Nahiz eta alkatea eta zinegotzietako batzuk ez aurkeztu, «jarraituko lukeen taldeari laguntzeko prest gaude», esan dute udal arduradunek.

Zerrenda osatzeko hortaz, herritarren laguntza eskatu dute udal arduradunek, «hau da, jarraitzeko prest daudenak beraiek bakarrik zerrenda osatzen aritu beharrean, aurre hartu nahi duen edonori proposamenak egiteko aukera ematea eta animatzea da gure nahia», esan dute. «Udal taldekoek ere, gure ardurari uko egin gabe, gure aldetik hautagaitza erakargarria eta sektore edo talde gehien ordezkatu ditzakeen taldea osatzen saiatuko gara», gaineratu dute.

Herritarrek proposamenak badituzte, udal taldearengana jotzeko ere eskatu dute. Dena den, hilabete bat barru edo beste bilera bat deituko du udalak egoera zertan den aztertu asmoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!