«Idazketari bidea emanaz bizipenak eta emozioak askatuko ditugu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko urt. 28a, 08:55

‘Nork bere bizipenak landuz’ idazlan tailerreko parte hartzaileei euren burua ispiluan beste modu batera ikusten lagunduko die Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak.

Askotan ez da erraza sentimenduak adieraztea eta horretan lagundu nahi du Alkizan bizi den Kepa Fernandez de Larrinoa (Bilbo, 1958) antropologoak, «emozioak askatzen» lagunduko die parte hartzaileei. Nork bere bizipenak landuz idazlan tailerra eskainiko du Alkizako liburutegian otsailaren 5etik martxoaren 26ra, eta izen-ematea zabalik dago oraindik.  

Zertan datza ‘Nork bere bizipenak landuz’ idazlan tailerra?
Tailer praktiko bat da, ariketak eginaz eta idazketari bidea emanaz bizipenak eta emozioak askatzea litzateke helburua. Ni antropologoa naiz eta aspaldi honetan emozioen antropologiaz ari naiz unibertsitatean, eta aukera interesgarria da hau gizarteraztea eta ikustea zer eman dezakeen horrelako esperientzia batek testuinguru euskaldun batean.

Beraz tailerrean bakoitzak bere bizipenak paperean adierazten ikasiko duela esan daiteke?
Ez da ikastea, ariketak egitea da kontua. Idaztea ere ez da gakoa, tailerra ez da liburu bat idazten ikasteko, ez dugu nobela edo autobiografia bat idazten ikasiko. Norbaitek egiten badu ondo, baina hori ez da helburua. Helburua da norberaren sentiberatasuna, arrangurak, zailtasunak, arazoak, pozak... askatzea eta teknika batzuk erabiliz hauen aurrean jartzea, aldentzea. Nork bere burutik aldendu behar du bizipen horiek edo emozio horiek ikusteko. Distantzia horrek hoztasun pixka bat ematen du eta horren inguruan idatziko dugu. Alegia, bigarren helburua da bakoitzak bere idazlana hirugarren pertsona baten aurrean aurkeztea, eta distantzia hori edukita konfiantza ematea.

Autolaguntza tailer bat dirudi, izan daiteke?
Bai, izan daiteke hori, izan daiteke idazkera terapeutikoa, zen idazkera... Kontua da nork bere burua ezagutzea, espero ez zuen modu batean, modu berri eta ezezagun horretara iristea. Burua emozioen aurrean jarri nahi dut eta gogoetak eta abar egin. Ariketa horiek ikusiko ditugu, horietan hitz egingo dugu... Nork bere burua ezagutzea eta nork bere gertakizun jakinen aurrean erantzunetara eta erantzukizunetara jotzeko atzera joaten saiatuko gara. Gertakizun horietara jo eta gertakizun horiek ikuspegi berri batetik ikustea da nire nahia.

Egin dezagun salto lehen eskolara, zer egingo duzue bertan?
Lehenik eta behin elkar ezagutu eta lasaitu. Gero lehendabiziko ahalegina izango litzateke begiak itxita kolore bat pentsatu, eta kolore hori idaztea paperean, eta berriro begiak irekita esatea zein den kolore hori, eta azaltzea zergatik aukeratu dugun kolore hori. Bigarrenik, berriz ere begiak itxita, kolore hori gertakizun batekin lotu beharko dugu. Hori idatzi, eta aldamenekoari kontatu beharko diogu. Musika ere jarriko dugu eta horrek zer dakarren kontatuko dugu, pasadizoak partekatu... Tailerra bukatzerakoan jendeak ikusiko du badutela gauza txukun bat idatzita, eta gauzak lotuz edo gurutzatuz testu polit bat dutela eskuartean. Norberak bere buruari begiratzeko eta besteok ere guri begiratzen digutenean sentitzen duguna deskribatzeko gakoak izango ditugu eskuartean. Horrela eraikiko dugu zubi bat eta hori ere oso garrantzitsua da norberak bere burua ezagutzeko. Norberak bere burua ezagutzeko garrantzitsua da aldentzea.

Barrenak husten lagunduko diezu parte hartzaileei, beraz?
Hala balitz esan nahiko luke tailerra baliotsua izan dela. Horrela ez bada, tailerrak ez du bere funtzioa bete. Muina hori da, nork bere burua ispiluan beste modu batez ikustea. Gakoa da ispiluan begiratu eta zer nolako eraldaketa lortu dugun ikustea. Fikziozko mundu bat egin behar dugu, fikziozko mundu horretan amesten dugunarekin errealitatea egiten baitugu. Ezin badugu zerbait asmatu, amestu edo irudikatu, zerbait horrek ez dauka errealitaterik. Errealitate fisikoa, bizitua, izan denetik, irudikatua behar du izan, irudikatze bera ere errealitatea baita. Ideiak ez dira ukitzen, baina ideiak hor daude, errealak dira. Horrelako esparrura behar dugu etorri tailerrean.

Sentipenak jendaurrean erakustea ez da ohikoena, euskaldunak itxiak omen gara...
Hori topiko bat da. Itxiak garela, ez dugula ezer komunikatzen... izan daiteke, denak ez gara berdinak, jende isila dago inguruan, baina baita jende oso komunikatiboa ere. Isila izatea ez da ez komunikatiboa izatea, hala ere, isiltasunak ere komunikatzen baitu. Gauza zaila da. Norbaiti idaztea gustatzen bazaio eta denbora badu, eta beste lagunekin gauzak konpartitu eta idazkerarekin jolastu nahi badu, hemen du aukera. Nire ustez sentiberatasuna lantzeko haurtzaro ona bat behar da. Haurtzaroa da gakoa. Haurtzaroan ikasten dugu helduak izaten, eta heldua zer da? serioa, bertikala, gizarteak zugandik espero duena betetzen duena... horiek bide estuak dira, eta haurra zarenean bideak mugagabeak dira, heldua zarenean iristen dira mugak.  

Nolatan okurritu zitzaizun horrelako tailer bat gidatzea?
Ni Alkizan bizi naiz eta Aiztondoko Mankomunitateak antolatutako hainbat ekitalditan ibilia naiz, Kantu Jiretan esaterako, eta hortik etorri da gonbita. Unibertsitatean badut Ikerketa Ekintza izeneko irakasgaia eta bertan antzerkia, gizarte antzerkia, zapalduaren antzerkia, dantza komunitarioa, kantu komunitarioa, arte eszenikoak eta gizarte esku-hartzea bezalako gaiak lantzen ditut. Gure masterreko ikasgai batean horrelako tailerrak antolatzen ditut, eta nik ere horrelakoetan parte hartu izan dut. Mundu horretan nabil aspaldi honetan eta horregatik planteatu nahi dut hau; ea zer gertatzen den testuinguru euskaldunean horrelako jarduera programatzean; jendea etorriko ote den, zein izango den beraien erantzuna, nolako harremana egingo dugun gure artean, zein izango den emaitza... Horren arabera, erabaki dezakegu jarraitzea edo ez. Esan bezala planteamendu berri bat da. Nik egin izan ditut batez ere, antzerkiarekin lotuta, baina hemen beste gauza bat landu nahi dut modu kolektiboan, nork bere sentiberatasuna, sentsazioak, emozioak konpartitzea eta ikustea ea zer gertatzen den bai iraganean eta baita gaur egunean ere. Zer komunikatzen dugun ikusi nahi dut, batetik gure buruari, eta bestetik, zer komunikatzen diegun besteei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!