Orain arteko hondakinen kudeaketa aztergai, Alkizan

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko urtarrilaren 20a

Urte bete da hondakinak biltzeko sistema aldatu zutela eta orain arteko ibilbidea baloratzeko bilera egingo dute bihar, 20:00etan, Don Juanenan.

Hondakinak biltzeko sistema berriarekin hasi eta sei hilabetera %60ko birziklapen tasa lortu zuten alkizarrek, eta datu ona bada ere, gehiago egin daitekeela ere esan zuen orduan Jon Umerez alkateak.
Orain urte bete pasa da sistema aldatu eta zero zabor herria izatera pasa zirenetik, eta hori dela eta orain arte egindakoaren inguruko azterketa egiteko garaia dela uste du udalak. Hori dela eta, bihar 20:00etan, Don Juanenan, bilera egingo dute. «Zer indartu, zer egokitu edo zer aldatu behar dugun hausnartzeko garaia da», esan dute. «Emaitza positiboa bai, baina bete ez direnak, gabeziak eta arazoak ere ez dira falta izan», gaineratu dute. Gaurko bileran urte bete honetan ontzietara botatako hondakinen datuak, adibide grafikoak, datu ekonomikoak eta abar azalduko dizkiete udal arduradunek herritarrei.

Alkizarrek sortzen duten organiko guztia herrian bertan kudeatzen dute auzo-konpostaren edo auto-konpostaren bidez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!