Baserriak etxebizitzetarako egokitzeko erraztasunak nahi dituzte alkizarrek

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abenduaren 4a

Plan Orokorraren idazketa lantzen jarraitzen dute Alkizan. Lana 2016. urtean egongo da erabat bukatuta, Gipuzkoako Foru Aldundian, Eusko Jaurlaritzan eta beharrezkoak diren sailetan aztertu eta gero; herritarren eskuetatik ere pasako da berriro.

Oraingoan, ordea, herritarren iritziak bildu dituzte inkesta batzuen bidez. 54 pertsonek erantzun dituzte, eta asteazken iluntzean eman zuten jasotako erantzunen berri Don Juanenan Pedro Izaskun eta Eba Erkizia arkitektoek. Aretoa bete egin zen eta Jon Umerez alkateak hartu zuen hitza lehenik. Herritarrei eskerrak eman eta gero, inkestak ez direla bozketa bat nabarmendu nahi izan zuen. "Inkestak Plan Orokorra idazten hasteko oso baliagarriak dira, baina hori besterik ez dira, inkestak", esan zuen.

Inkestetako emaitzen berri Pedro Izaskunek eman zuen. Landa lurraren antolamenduari dagokionez, ateratako ondorio nagusia da herritarrek beharrezkotzat jotzen dutela baserriak etxebizitzarako egokitzeko erraztasunak ematea. "Etxebizitzetan bizi diren pertsona kopuruaren ratioa txikitu egin da azken urteetan, eta joera da etxebizitza txikiagoak egitea, hortik etorri daiteke baserriak banatu eta etxebizitza gehiago egiteko nahia. Beti ere muga  batzuekin", azaldu zuen. 10.000 metro karratuko gutxieneko azalerako lursailen banaketa egitea ahalbidetzea ere eskatu dute alkizarrek, eta baita konifera eta eukalipto zuhaiztien landaketa mugatzea, eta paisaiaren edo ingurugiroko landa eremuen balioa babestea. Baldosas Jarriren jarduera mantentzearen alde azaldu dira ere.

Herri ekipamenduen antolamenduari buruz, alkizarrek ez dute beharrezkotzat jotzen kaskoan zuzkidurak handiagotzea, baina bai eskolako ekipamenduak bateratzea. Era berean, herrian elkarte bat egitea nahi dute herritarrek, eta baita dutxa duen aldagela bat egitea ere.

Azpiegituren atalean, kaskotik kanpo dauden etxebizitzetako saneamendua, gasa, ura, Interneta eta telebista hobetzea nahi dute, eta kaskoko argitasuna jaistea.

Jorratutako beste gai bat etxebizitza eta bizitegi-lurzoruena izan da. Herrian etxebizitza gehiago aurreikustea beharrezkoa da herritarrentzat, batez ere, kaskotik gertu. Orain arteko banaketa etxebizitzak edo txaletak egiteko joera baztertu, eta bloke modukoen alde ere egin dute inkestetan. Etxebizitzak udal ekimenekoak izatearen alde egin dute eta babestutakoak izatea, eta urteko etxebizitza kopurua eskariaren arabera. Aparkaleku nahikoak daudela ere uste dute.

Jarduera ekonomikoko lurzoruei buruz inkesta bete dutenek ez dute lurzorua egokitzeko beharrik ikusten, eta jarri behar izanez gero Baldosas Jarri inguruan jartzea nahi lukete.

Mugikortasunaren atalean gaur egun dauden bideen hobekuntza egitea nahiko lukete, ez bide berriak egitea. Eta ondareari dagokionez, baserriak, ermita, tumulua eta abar babestea nahi dute alkizarrek.

Eremu publikoen inguruan, plaza dagoen bezala uztearen alde azaldu dira, eta haurrentzako parke nahikoak daudela uste dute alkizarrek.

Hau guztia izango da hortaz, Plan Orokorrean jarriko dituzten helburuak. Guzti honekin Ingurugiro sailera joko dute, aztertu egingo dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumenean izango duen eraginaren inguruko atariko txostena egingo du. Jasotako ondorioekin arkitektoek aurrerabide dokumentua osatuko dute eta lauzpabost hilabete barru galdetuko diete berriz ere herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!