Tolosaldeko txakolina

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko aza. 7a, 10:54

Getariako txakolina jatorrizko izendapena du Inazio Urruzola Alkizako txakolinak.

Sagarrondoek badute beraien lekua eskualdeko larreetan, baina mahatsondoek? Ikusi al dugu mahatsik Tolosaldean? Bat baino gehiagok egin dio galdera hau bere buruari Hernioko iraileko erromeriara bidean Alkizako Garaikoetxea baserriaren ingurutik igarotzean.

Garaikoetxea baserriaren lehenengo idatziak XIV. mendekoak dira. Hortik jakin dezakegu baserri hau urte horietan zutik zegoela Alkizarako bidean. Tolare baserria da jatorrian baina orain ez da sagarraren zukua egiteko erabiltzen, txakolina egiten da bertan. Garai batean sagarrondoz inguraturik zegoen baserriak, mahastiz apainduta ditu bere larreak orain.

2008an hasi ziren Xabier Urruzola eta Garazi del Rey ingurukoentzat ezinezkoa zen proiektuaren sukalde lanetan: Inazio Urruzola txakolina sortu nahi zuten. Getariako txakolina jatorrizko izendapena lortzeko asmotan, bete beharreko guztiak osatzen hasi zen bikote lasartear hau eta 2012an merkaturatu zuten lehen aldiz Alkizatik ateratako txakolin botila.

Xabierren aitaren izena da txakolin botilaren etiketan agertzen dena eta Urruzolatarren baserria da Alkizako Garaikoetxea. Xabier Urruzola lasartearra bada ere, denbora asko igaro izan du familiaren baserrian.

Bi hektarea dituzte gaur egun beraien txakolin produkzioa asetzeko moduan baina laster, baimendutako hirugarren hektarea gehituz, datorren urtetik aurrera uzta handiagoa izango du Inazio Urruzola Txakolindegiak. Kilo bat mahats, txakolin botila bat betetzeko lain da eta orain arte 10.000-12.000 kilo jasotzen dituzte urteko uztan.

Hiru mahats mota dituzte landaturik: Hondarribi zuri, Gross Manseng eta Petit Corbu. Lehena, beraien mahastien %80aren jabe da, Getariako txakolina jatorrizko izendapenak eskatzen duen moduan. Jadanik saldu dute urteko produkzio guztia eta bide onean ari direnaren seinale da hori.

Tolosaldean zabaltzea

Eskualdean zehar indartzeko asmoa du Inazio Urruzola txakolinak. Eskualdeko merkatura irekitzeko asmoa dute Garaikoetxeako nekazariek eta dagoeneko hainbat jatetxetan txakolin hau dastatzea posible da Tolosaldean, adibidez, Tolosako Fronton jatetxean.

Arzak jatetxeko kartan ere badu bere lekua Inazio Urruzola txakolinak eta orain eskualdeko txakolinaren izaera transmititzea da helburua, Tolosaldeko txakolin etxe bakarra baita, momentuz. Tolosa Gourmet klubeko kide da txakolindegia eta beraien produktua ezagutarazteaz gain, txakolina nola egiten den eta mahastiak nola zaintzen diren erakusten hasi dira.

Mota guztietako taldeei irekitako bisitak antolatzen dituzte Alkizako txakolindegi honetan eta edaria botiletan sartu aurreko txakolinaren zukuak dastatzeko aukera ere eskaintzen dute mahastiak bisitatzeaz gain. Badugu txakolina Tolosaldean!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!