Herniorako bide berrituak Alkizako mendietatik

Ataria 2014ko ira. 19a, 13:36

Igandean Hernioko erromeriara igoko dira herritarrak 09:30ean Alkizako plazatik hasita.

Aurten berritu berri dituzte Alkizatik Herniorainoko mendi bideak. Igande honetarako antolatu duten ibilaldiari esker, txukundu berri diren bideak eta jarri berri dituzten seinale eta panel informatiboak ezagutzeko aukera izango dute animatzen direnek. Panel hauei jarraiki, Hernioko gailurreraino eramaten duen bidea eta txango laburragoak egiteko beste proposamenak ere ezagutu ahal izango dituzte mendizaleek.

Ibilbideez gain, Hernio Gazumeko Kontserbazio Bereziko Eremuan aurkitu ditzakegun habitat eta babestutako espezieen inguruko informazioa jarri dute nahi duenak eskura izateko ibilbidean.

Igandean mendi ibilbide berritu hauek ezagutzeko mendi irteera antolatu du Alkizako Udalak. Bi edo hiru ordu inguru iraungo duen mendi buelta osatuko dute animatzen diren guztiek, nahi izanez gero Zelatungo erromeriara bisitatxoa egiteko aukera ere izango dute iraileko erromeriak aprobetxatuz. Hitzordua igandeko 09:30ean izango da Alkizako plazan bertan. Beste alde batetik, Alkizako Udalak gonbidapena luzatu nahi die iraileko igandea aprobetxatuz Herniorako bidea Alkizatik probatzeko.

Hernio-Gazume mendi inguru zabala Natura 2000 biodibertsitatearen aldeko Europar Komunitateko sarean sartuta dago eta iaz Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu zuten. Izendapen horrekin lotuta eta herri inguruko basoek duten aberastasuna ezagutarazteko Alkizako Udalak abian dituen ekimenen artean kokatzen da mendiko ibilbide hauek berritzea eta informazioaz osatzea. Egindako lana ikusteko eta hauek ezagutzeko aukera eskaintzea da udalak duen asmoa.

Beste ekimenetako bat Fagus-Alkiza Interpretazio Zentroa da. Zentro honen bidez, eskola taldeek eta beste interesatuek aukera izango dute bertako biodibertsitateari buruz eta mendian hamarkadetan zehar egiten ziren lanei buruz txango gidatuetan parte hartzeko eta erakusketa sakon batekin Alkizara egindako bisita osatzeko.

Interpretazio zentro honek hiru ardatz ditu: natura, bertan jarduten duen gizakia eta bi horien arteko harremanetatik sortzen den kultura. Hauen inguruan hausnartu eta gehiago jakiteko aukera eskaintzeaz aparte, herritarren, baserritarren, naturazaleen, artisten eta mendizaleen topagunea da Fagus-Alkiza zentroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!