Eskulanen artista bizi da Alkizako Urruzola baserrian

Maier Ugartemendia 2014ko eka. 20a, 09:12
Urruzola baserria Alkizako herrigunetik kilometro batzuetara dago, bidea Aranburuk egin zuen
Jose Ramon Aranburuk lanbide ugari izan ditu eta bere jaiotetxe osoa ere berak berritu zuen

Jose Ramon Aranburu Alkizako Urruzola baserrian jasio zen duela 72 urte. Urte batzuk bere jaiotetxetik kanpo pasa bazituen ere, azken urte luzeetan bere eskuz berreraikitako bizi da. Ogibide askotako gizona izan da; artista hutsa. Lanean «gustura» aritzen dena.
Geldik egon ezin duen pertsona horietako bat da Jose Ramon, eta horren erakusle da bere bizitza, eta ondorioz baita bere bizimodua izan dena ere. Aipatu bezala Alkizan kokatua dagoen, baina herrigunetik kilometro batzuetara dagoen Urruzola baserri handian jaio zen, paraje ederrean. Herrigunea urruti xamar dagoen arren, txikitan «egunero eskolara oinez» joaten ziren Jose Ramon eta bere beste zazpi senideak; bera zen gazteena.

Hogei urterekin soldaduskara joan zen arte etxean aritu zen lanean, eta soldaduska «hamabost egun» besterik egin ez bazituen ere, buletakoan tornuan hasi zen lanean; lehenik Andoainen eta gero Elgoibarren. Bertan ardo banaketan aritzen zen lagun bat ezagutu zuen, eta beak ere ardoa saltzeko denda bat irekitzea erabaki zuen Villabonan. Anaia bat lanik gabe geratu zen, eta denda bere esku uztea erabaki zuen. Orduan jada bazuen kamioneta bat banaketa lanak egiteko, eta berak kamio harekin lanean jarraitzea erabaki zuen. Kamioiarekin «lan asko» egin zuen Jose Ramonek. Bizitzako hainbat unetan aitzindari izan zen Jose Ramon; kamioiari garabia jartzen «lehenengotarikoa» izan zela dio. Kamioiarekin egindako lan ezberdinen artean kokatzen da egurraren garraioa. Ordurako Karmen Arrutirekin ezkondua zegoen, eta Zizurkilen bizi zen.

Geldirik egoten ez den pertsona izanda, istripu ugari ere izan ditu Jose Ramonek. Larriena, agian, trenean ekarritako pago batzuk zerrategira eramateko kamioia kargatzen ari zela izan zuena da. Kable bat jo eta erabat erreta gelditu zen: «urtebete osoa eman nuen ospitalean». Lehenengo semea jaiotzekotan zuen istripu hura izan zuenean, eta inork ez zuen espero aurrera ateratzea, baina Jose Ramon pertsona gogorra dela ikusten da, eta orduan ere aurrera egin zuen.

 

 



Urruzola jaiotetxera buelta
Bere jaiotetxea hutsik geratu zenean, 1971. urtean, baserrira itzultzea erabaki zuen. Emazteari proposatu zionen berak ere baiezkoa eman zion, eta Urruzolara itzuli zen bere bi seme zaharrenekin. Alaba, berriz, Alkizan jaio zen.
Baserrira itzuli bezain laster, bertaraino zihoan bidea eraiki zuen. Baina, eraberritze lanak hasi besterik ez ziren egin. 700 urte inguruko baserri osoa bota zuen barrutik, eta egur zaharrak erabiliz, bere eskuekin berritu zuen bi urtetan baserri handia. Etxeak zituen egurrezko zutabeetako bat bakarrik mantendu zitekeenez, bi garabirekin etxea altxa zuen eta zutabe berriak jarri zizkion, berak asmatutako sistema batekin. Etxean bertan eraikitako tailer batean lantzen zituen egur guztiak, eta egur horiekin osatu zuen etxe guztiko egitura, ateak, etab. Dena berak landutako egurrarekin.

Lehenik baserriaren zati bat berritu zuen, eta bertan jarri ziren bizitzen. Bigarren zatia berritzean, beraiek horra pasa eta lehen zatian urte askotan zabalik egon den nekazalturismoa izan dute. Iaz itxi zuten, eta egun alaba bizi da etxearen zati horretan. Egun nekazalturismo asko aurki badaitezke ere, Jose Ramonek eta Karmenek zabaldu zutenean Gipuzkoa osoan ez ziren hamarrera ere iristen.

Lan horiek egiteko makinaria etxean biltzen hasi zen orduan eta egun mota guztietako makinak ditu bere etxe ondoan duen lantegian: tornua, fresagailua, zerra, eta. Bere lantegia tresna eta material ugariz betea dago; lanerako beharrezkoa den edozer aurki daiteke bertan. Hala ere, ez du egurra soilik landu. Harri pisutxuak edo burniak ere landu ditu.

Eskulanez gain, ganaduarekin ere lan ugari egin du baserrian. Bertara joan orduko txerritegia jarri zuten, zerramekin. Baina, gerora behiak, behorrak, pottokak eta ardiak ere izan ditu. Pottokak eta ardiak egun ere baditu. Ardien kasuan, 900 izatera iritsi zen eta gazta ere egiten zuen. Egun, berriz, 200 ardi inguru eta 30 bat pottoka ditu.

Baserriko lan hauez gain batez ere basoan egin zuen lan. Ataunen, esate baterako, «hiru urte» igaro zituen basoak garbitzen, bertan semearekin ere aritu zen lanean. Gipuzkoako Aldundiarekinhainbat lan egin zituen eta Gipuzkoa osoan aritu zen basoak garbitzen.

«Nik egingo dut»
Hasieran esan bezala, Jose Ramon ez da geldirik egoteko gizona, eta gustura zertan aritu izan den galdetutakoan lan «denetan» gustura aritu izan dela dio. Beti «egin izan daitekeen horretan» jarri du begia: «zenbat eta zailagoa hobe». Eta norbaitek zerbait ezin zitekeela egin esandakoan, berak honela erantzuten omen zuen : «ezin daitekeela egin? Nik egingo dut».

Herrian ere ondo ezagutzen dute Jose Ramon eta hainbat lan berezi egiteko eskatu izan diote. Duela egun gutxi oraindik errotako jabeek laguntza eskatu zioten, baina «ezezkoa» eman zuen; nahiz eta, zelaietatik sagarrondoak kentzen lagunduko dien. Sasoia jarraitzen du oraindik eta ez du geldirik egoteko inongo asmorik, baina jada ez ditu lehengo lanak hartzen. Orain deskantsurako tartea ere hartzen du, eta egunero lagunartera kotxean Anoetara egiten duen buelta egitera zihoala agurtu ninduen ni neu ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!