Pello Joxe Aranburu (Alkiza, 1936) Maizpide Lazkaoko euskaltegiko sortzaile, irakasle eta zuzendari izandakoak, Goierri eta Tolosaldeko sustraien ikerketa lana hainbat liburuetan gorpuztu du. Beste lagunekin batera 80ko hamarkadan euskal aditza lantzeko lana zein bere jaioterriari eskainitako ‘Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa 1348-1950’ dura adibideetako batzuk. Bailarako euskalkia aztertzen duen ‘Erdialdeko euskalkiari buruzko saiakera’ izeneko liburua ere sarean denen eskura dago. Honakoa da Pello Joxe Aranburuk kaleratu duen azken liburua, Blurb AEBtako argitaletxearekin.
Ikerketa lan ugari egin duzu lehendik ere... Zer nabarmenduko zenuke?
Sakontasunagatik bi aipatuko nituzke, neronek bakarrik osatutakoak: Alkizako historia azaltzen duena batetik eta bestetik, Luismari Intzarekin batera landutako Gipuzkoako Norteko trenari eskainitakoa. Maizpideko laukotea deitzen diodan taldean bost liburu argitaratu genituen, Goierriko bost klasiko landuz: Otxoa, Gerriko, Iztueta, Otaegi eta Amundarain. Bost lanak sarituak izan ziren. Azken liburuaren oinarria hortxe dago.
Gertuko gure iraganaren zabalkundean ere aritu izan zara, ezta?
Artikuluak toki askotan idatzi izan ditut: HABEn, hainbat egunkaritan eta, batez ere, 13 urteetan huts egin gabe Alkizan sortu eta kaleratzen den ‘Oilategi’ aldizkarian. Bertako lehendakaria izatea ohorea izan da eta pozik nago jarraitzeko talderik badelako. Bertan, urtean izandako herriko gertaerak azaltzen dira.
‘Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa 1348-1950’ liburua, zer izan zen zuretzat?
Artxibategian ikertuz ezusteko aurkikuntza izan zen. ‘Oilategi’ aldizkarirako datu biltegia ona da. Ikerketan aurkitu nuen gauzarik harrigarriena, duela 200 urte Alkizako 11 kilometro koadroen erdia baino gehiago lur komunala zela jakitea izan zen. Gerra Zibila ere tartean izanik, erdira jaitsi zen, pribatizazio ikaragarria emanez.
Zertan aldatu da Alkiza?
Aldaketa nabarmenik ez du izan Alkizak, XVI. mendetik XX. mendea arte, nekazari giroko auzo, hiribildua izan da... Gaur egun baino garrantzi handiagoa zuen, errepidea iristean eten egin zen egoera hori. Gaur egun, nekazaritzak ez du jarraipenik eta zoru industriala ez jartzea erabaki da. Baina, alkizarrek zertaz bizi behar dute? Galdera hortxe gelditzen da.
Zer da ‘Erdialdeko Euskalkiari Buruzko Saiakera’, idatzi duzun azken liburua?
Bonapartek gipuzkera izenaz aipatzen zuen erdialdeko euskalki bakarrari buruzko saiakera da. Koldo Zuazok aipatzen duen erdialdeko euskalkiaz mintzatzen naiz, jator eta osasuntsuena delako. Atal batean hamar bidegileak eta hamaika irizpideak azaltzen dira. Gerriko Sarietan garaile izandako Zegama edo Ataungo euskarari buruzko lanei tokia egiten diet.
Zein irizpide izan duzu aipatzen dituzun hamar idazleak aukeratzeko? Auzolanean idatzi duzula diozu...
Maizpideko laukotea deitzen genion taldean bost liburu argitaratu genituen Goierrin. Bertan biltzen ginen Antton Idiakez, Iñaki Rezola, Maria Bidegain eta ni. Zizurkigo Teodoro Hernandorena kultur taldean ari naizenez, beren lankidetzaz ere osatu dut liburua.
Liburuan hamar bidegile aipatzen dituzu.
Jose Otxoa, Juan Irazusta, Jose Inazio Gerriko, Juan Bautista Agirre, Jose Felix Amundarain, Juan Inazio Iztueta, Klaudio Otaegi, Pello Mari Otaño, Antonio Sorarrain eta hamargarrena Xabier Azurmendi. Azken honek garrantzi handia du Zegamako euskara biltzen egindako lanagatik.
Gipuzkoako XVIII. eta XIX. mendeko elizgizonek sorreran eta bilakaeran izan duten garrantzia zenbatekoa izan zen?
Euskal literatura Iparraldean sortu zen: Etxepare, Axular eta Sarako Eskola. Erdialdeko literatura Gipuzkoan elizgizonek sortu zuten: jesuitek, frantziskotarrek... Nik garrantzi handia ematen diot Juan Bautista Agirreri, XX. mende arteko idazlerik osatuena eta jatorrena baita. Larramendi, Kardaberaz, Mendiburu jesuiten lana hortxe dago. Ubillos eta Zarauzko frantziskotarren emaria ere jasota geratu da. Hortxe sortu zen erdialdeko euskalki literarioa.
Elizgizonen ekarpenak zenbateko muga jarri zuen euskara eta euskal literaturaren bilakaeran?
Elizgizon horien interes erlijiosoek zehaztutako helburuek bultzatuta euskal literaturgintzan lan handia egin zuten. Juan Inazio Iztueta aipatzean, elizgizona ez izatea eta, Europako Erromantizismoaren eraginez, euskaraz egindako folkloreari buruzko lehen lana izatea azpimarratu beharra dago. Klaudio Otaegi, Bonaparteren koinatuaren atalak ongi islatzen du lau hiriburuetan Arturo Campion moduko euskaltzaleek sortu zuten mugimendua. Liburuak alde horretatik zerbait ematen du.
Liburuko zutabe erreal eta hipotetikoak aipatzen dituzu. Zertan oinarritzen da liburua?
Zutabe errealean lehen aipatu ditudan hamar idazle horien lanak biltzen dira. Bestetik, bi zutabe hipotetiko azaltzen dira: Antonio Sorarrainek buruan zuen Alkizako azpieuskalkia aztertzea izango zen, hortxe dago aztertu gabe eta horrekin batera, nire oso laguna zen Antonioren lan batzuk argitaratzea dago bigarren helburu hipotetiko modura. Bere lanen ondarea Alkizako Udal Liburutegian dago. Bazirenik ere ez nekien. Bere poesia, bertso eta liburuak azaldu dira. ‘Galtzairua’ izeneko bere nobela historikoak merezi du argitaratzea.
Pello Mari Otañoren ideien gaurkotasuna aipatzen duzu... Hizkuntza eta abertzaletasuna lotuta joan behar al dute?
«Euskarak herri egiten gaitu» zioen Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarra aurkikuntza izan da niretzat. Bera liberala zen. Hizkuntzak kultura eta nortasuna ematen digunaren aldarria egiten zuen, horretarako berak aipatzen zuen Dierria edo aberria askatzeko abertzaleon batasuna aldarrikatzen zuen, 1910ean. Nire ustez oso indarrean dagoen ideia da. Bete-betean asmatu zuen.
Zein harik lotzen ditu XVII. mendeko Jose Otxoa gipuzkera literarioaren aitzindaria eta 2001ean zendu zen Xabier Azurmendi?
Jose Otxoak idatzi zuen gipuzkerazko lehen liburua. Xabier Azurmendik Zegamako euskara transkribatu egin zuen. Bere hizkuntza transkribatuta eta bilduta izatea, herri batek izan dezakeen ondarerik aberatsena da. Tokiko mintzamoldeak gal daitezke, bestela.
Nola argitaratu da?
AEBko Blurb etxearen bidez argitaratu da. Idazketa, maketazioa, argazki bilduma... prozesu osoa etxean egin dut. Internetez argitaletxearekin harremanetan jarri eta astebetera liburua etxean izan dut. Gertukoei banatzeko hainbat ale eskatu ditut, eta bestela, denen eskura dago sarean.
Gaur egungo euskara batua ez al da erdialdeko euskalki horretan oinarritzen?
Resurrección Mª Azkue edo Txomin Agirre moduko idazle bizkaitarrek idatzi zituzten gipuzkeraz lanak. Gaur egungo idazle, argitaletxe... gehienak erdialdekoak dira. Euskara batua gipuzkera eta inguruko euskalkietan oinarritzen da. Erdialdeko euskara osasuntsu dago, oraindik.
Zein gabezi eta balio ditu gaurko euskara batuak?
Euskara batua behar-beharrezkoa da telebistarako edo Euskal Herri osorako, edozein arlotan aritzen garenean. Xabier Amurizak dio Bertso Txapelketa batean bertsolariak euskara batuaz aritu beharko lukeela. Liburuak ezin dira zortzi euskalkietan argitaratu... Estandarra beharrezkoa da. Euskara batua aberastu beharra dago, tokian tokiko lexikoaz eta moduez. Zaila da zuberera edo bizkaierazko aditza batukoarekin moldatzea... Euskara batuak alde positibo gehiago ditu txarrak baino.
Zertan aldatu da Alkizan bizi zen mutil haren garaiko euskara gaur egunekora?
Erdaraz gehiago entzuten da, baina bestela lehengo bidetik goaz. Irizarrek Alkizako euskara Beizamakoarekin lotuta jartzen du. Garai batean mendiak ez ziren oztopo, bide baizik, ibaiek egiten zuten muga.
Hobera egin al du euskararen osasunak?
Oso baikorra naiz. Euskarak zailtasun handiak ditu: hizkuntz diglosikoa, minoritarioa, hiztun gutxitua izanik, euskara batuagatik eta euskaldunongatik egiten du aurrera. Txillardegi oso ezkorra zen. Euskalgintzan beti material faltan aritzen ginen, baina beti Txillardegik materiala eskura jartzen zigun: fonetika, lexikoa… Txillardegik gaitasun eta jakinduria izugarria zuen.