Hernio-Gazumeren interpretazio zentroa inauguratu dute Alkizan

Ataria 2013ko maiatzaren 23a

Hernio-Gazume mendialdea Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu dute behin-betiko. Hori dela eta, inguru horren aberastasun naturala eta kulturala babestu eta ezagutarazteko, Hernio-Gazumeren interpretazio zentroa inauguratu dute Alkizan.

Eremu horretan pagoak duen garrantzia azpimarratze aldera, Fagus Alkiza gisa izenpetu dute interpretazio zentroa. Era berean, nazioartera zabaldu daitekeen izena dela azaldu du Jon Umerez Alkizako alkateak. Zentroak hiru ardatz izango ditu: naturarena, bertan jarduten duen gizakiarena, eta bi horien arteko harremanetatik sortzen den kulturarena.

Naturaren ardatzetik abiatuta, bioaniztasuna mantendu eta areagotzea da helburu nagusia. Umerezen esanetan, «bioaniztasunak berezko balorea du, biziarena. Bere galera guztiz arduratzeko modukoa eta arriskutsua bihurtu den heinean gero eta gehiago jabetu gara honetaz». Ondorioz, eremu globaleenetatik tokikoeneraino bioaniztasunaren kontserbazioa «guztiz beharrezkoa» dela aldarrikatu du.

Lehen helburu hori betetzeko lehen baldintza, Hernio-Gazumeko mendi eta basoen aberastasun eta edertasunaren ezagutza dela adierazi du Alkizako alkateak. Horretarako, informazioa, dibulgazioa eta sozializazioaren beharra nabarmendu du. Horixe da interpretazio zentro berrian dagoen erakusketaren zereginetako bat, gerturatzen direnak eremura hurbiltzea.

Baina, Umerezen arabera, ezagutza bermatuta ere, lehen helburu hori betetzeko beharrezkoa da garapen sostengarria lortzea, gizakia aintzat hartuta, bereziki baserritarrak: «Urteetan Euskal Herrian, landa eremuan, lurraren ustiapen anitzetik bizi ahal izan da, baina hori aldatu da eta lan mota asko galdu dira. Betiko ustiapen moduak jada ez du balio, eta hor bioaniztasunaren kontserbaziorako hartu den jarrera aukera izan beharko litzateke, hau da, errentagarria izan beharko du, ez zama».

Lanketa horretan, interpretazio zentroak bertako baserritarren esperientziak jaso eta aztertu, eta lehen sektoreko beste eragileekin uztartzeko guneak eta aukerak eskainiko ditu.

Horrek, ohituretan, ingurumenarekiko harremanetan, kontsumoan, ustiapen ereduetan eta formakuntzan aldaketak eskatzen ditu, eta kultura aldaketa hori izango da zentroaren hirugarren ardatza. Alkizan bertan naturaren materialak eta irudiak erabiliz lan egiten duten artista, idazle, ikertzaile, irakasle eta herritarrekin hausnarketa bideak irekiko dituzte. Bide horretako lehen geldiunea Kultura naturan eta natura kulturan lelopean antolatu dituzten jardunaldiak izango dira.

Udaletxeko bigarren solairuan kokatzen den interpretazio zentroa, «xumea» dela esan du Alkizako alkateak: «Eskura izan ditugun baliabide mugatuekin abiarazi dugu, baina osatzen eta egokitzen joango gara».

Inaugurazio ekitaldian, inguruko herrietako alkateez gain, Ana Isabel Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburua, eta Jon Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo departamentuko diputatua izan ziren.

Animalia askoren bizileku

Babes Bereziko Guneak, bioaniztasunaren kontserbaziorako Europak Natura 2000 izeneko sarearen barnean izendatutako ingurune bereziak dira. Hernio-Gazumeko pagadiak desagertzeko arriskuan dagoen faunaren bizileku dira, hala nola, lepahori, erbinude edo muxar grisenak. Goialdeetan eta harkaitzetan, belatz handiak eta sai arreak bizi dira. Kantauri kostalde mailan ere, mirotz urdinak habia egiteko aukeratu duen toki urrietako bat da.

Beherago, haritzek, lizarrek, ezkiek, zumarrek, astigarrek eta urritzek osatutako baso mistoa eta belardiak daude. Kareharrizko mendia izanik, xagusar espezie anitz bizi diren haitzulo eta leize ugari daude.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!