San Isidro Eguna ospatzen hasiko dira asteburuan, Alkizan

Ataria 2013ko maiatzaren 9a

San Isidro Eguna dela eta, ospakizunetan murgilduko dira bihartik hasita igandera bitarte, Alkizan. Biharko arratsaldeko bostetan hasiko dira ekintzak. Haurrentzako ginkana egongo da. Ondoren, zazpietan, giza ikurrina egingo dute plazan.

Aurtengo Oilategitik herri aldizkaria prestatzen ari dira, eta bertan jorratuko den gaietako bat bandera espainiarra herriko udaletxean jartzeko aginduarena denez, elizako kanpandorretik aldizkariaren azalerako argazkia egingo dute. Horretarako, kamiseta txuri, gorri eta berdez jantzita joateko eskatu diete herritarrei. Guztia ondo egin ahal izateko, ehun pertsona bildu nahi dituzte.

Larunbatean, berriz, mendi ibilaldia izango da 10:00etatik aurrera, eta parte hartzaileentzat hamaiketakoa egongo da doan. Arratsaldeko bostetan, VI. Frontenis Master Txapelketako finalak jokatuko dira pilotalekuan.

Igandean, meza nagusia egingo da hamarretan, eta 17:00etan, gurpil lasterketa hamabi urtetik beherakoentzat.

Bestalde, maiatzaren 15ean, asteazkenean, urtero lez, afaria antolatu du Alkizako Udalak baserri gisa ezagutuak diren etxeetan bizi diren alkizarrentzat. Gaueko bederatzietan egingo da Ostatu Jatetxean. Baserritarrentzat prezioa 15 eurokoa da, eta gainontzekoentzat, 25 eurokoa. Izena emateko epea hilaren 12ra bitarte egongo da zabalik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!