Abenduaren 10ean estreinatuko dute 'Ezkontza baten bizitako eszenak'

Tolosaldeko Ataria

Argi dago-Komedia beltza antzezlaneko une bat. INTXURRE ANTZERKI TALDEA

Intxurre antzerki taldeak hutsetik sortutako lehen antzezlana da Ezkontza baten bizitako eszenak. Abenduaren 10ean oholtzaratuko dute lehenengoz, eta bigarren emanaldi bat egingo dute hilaren 12an.

Intxurre Antzerki Taldeak hutsetik sortutako lehen lana estreinatuko du: Ezkontza baten bizitako eszenak. Hiru bikote dira obra berriko protagonistak, eta haien bizitzak nola gurutzatzen diren aurkeztuko du laugarren bikote batek. Antzezlana estreinakoz abenduaren 10ean oholtzaratuko dute, 20:30ean, Alegiako zineman, eta bigarren emanaldi bat ere egingo dute hilaren 12an, 22:30ean, leku berean. Sarrerak, berriz, abenduaren 1etik aurrera egongo dira eskuragarri herriko kultur etxean.

Antzerki taldean landu dituzte antzerki obraren ideia eta gidoia: «Oinarrizko ideial landu, elkarrizketak idatzi eta oholtza gainean hasi ginen probatzen. Zuzendaria orduan aritu da mugimenduak, interpretazioa, eta testuak moldatzen; eta horrek aukera eman digu obra bera egokitzen joateko». Parte hartzaileek nabarmendu dute antzezlan «arin eta azkarra» dela, eta horrek lekua uzten diola inprobisazioari: «Ikusleen gustukoa izango dela uste dugu, sorpresak ere baditu eta». Oholtza gainean zortzi antzezle ariko dira antzerki taldearen laugarren lanean, eta May Gorostiagak zuzendu ditu.

Lau bikoteko lana

Aipatu bezala, lau bikote ditu protagonista antzezlanak, eta ezaugarri propioak izango ditu bakoitzak: «Protagonistak auzokideak dira, eta bakoitzak du bere bizitza, gurutzatzen diren arte». Ekaitz eta Esti bikoa dira laguntzaile eta antzezlaneko aurkezle, eta nahaste batek korapilatuko ditu gainerako hiru bikoteekin.

Beste bikotea bat da Ekiñe eta Amets gazteek osatutakoa, eta gurasoek ordaindutako alokairuan bizitzen jarri berritan elkar ezagutzen hasiko dira «kultur zalea eta kulturista». Asier eta Amaia, berriz, duela hogei urte ezkondu ziren eta komeriak dituzte hipoteka ordaintzeko: «Beldur dira etxea putre funts batek kenduko ote dien. Haxixean eta bihotzeko aldizkarietan gordetzen dute elkarbizitza». Rufinok eta Joxepak osatzen dute laugarren bikotea, eta eurena den etxebizitzan «zahartu zaizkie etxea eta betikotu harremana»: «Elkarrengandik gero eta gutxiago duen bizitzan dute egunerokoa».

Topaketak, aurten erdizka

Udaberrian hasi ziren bigarrenez Oinarria antzerki topaketa antolatzen. Alegiako eskolan haurren antzerkia egin eta Gertuko magia ikuskizuna egin zuten herriko kaleetan. Izatez, azaroan eta abenduan egin behar zuten bigarren zatia, baina bertan behera utzi dute: «Aurrekontua osatzeko arazoengatik, udaberrian egindako lehen zatiak eta estreinaldiak osatuko dute II. Oinarria antzerki topaketa».

Hori horrela, aurten ez dute sariketarik, galarik eta festarik ospatzerik izango: «Ez dira, beraz, beste talde amateurrak etorriko, eta Intxurreren emanaldiarekin itxiko dugu aurtengoa». Antzerki topaketa iaz antolatu zuten lehenengoz, antzerki taldeak eta herriko eragileek elkarlanean.

Bigarren jarduneko aldia du Intxurre antzerki taldeak, aurretik, 1980ko hamarkadan Inaxio Begiristain idazle eta zuzendariaren eskutik aritu baitzen bost bat urtez: «Hain zuzen Inaxioren jaiotzaren 100. urteurrenean, 2022an jarri zen berriro martxan». Ordutik hiru antzezlan interpretatu dituzte, hurrenez hurren, Begiristain beraren Bata zu eta bestea ni, Woody Allenen Jo ezak berriro, Sam! eta Peter Shafferren Black comedy lana itzuli eta egokitu zuten Argi dago - Komedia beltza egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!