Ia lau hamarkada beteko ditu Alegiko Gaztetxeak, eta bi hilabete baino gehiagoko egitaraua prestatu dute 39. urteurrena ospatzeko. Alegiko gaztetxea zutik, bizirik eta bibalabirjen! lelopean eman dute egitarauaren berri, eta denetariko hitzorduak bildu dituzte, horien artean, liburu aurkezpenak, askotariko txapelketak, kontzertuak eta haurrentzako jarduerak.
Lehen ekitaldia bihar —azaroaren 20an— izango dute: Zerbeza Perie. 18:00etan zabalduko dituzte ateak, 21:00etan hasiko da zahagiardoa, eta 23:00etan, berriz, kontzertuak: Ganibet musika taldea eta DJ Jotatxo izango dira oholtza gainean, hurrenez hurren. Hilabete honetako bigarren hitzordua datorren larunbatean izango dute: 22:30ean emango du kontzertua Zeatikez taldeak. Izatez, 27an egin behar zuten, baina egun bat atzeratu dute teknikarien grebarekin bat egiteko.
Ekitaldi bete abendu
Hurrengo hilabetean, zehazki, hamaika egunetan egingo dituzte jarduerak. Lehenak Euskararen Egunean —abenduaren 3an— izango dituzte, hain zuzen, Ibon Azpilikuetaren Azkena argazki liburua eta Andoni Agirrezabalaren Zelaiaren bila eleberria aurkeztuko dituzte; alegiarrak, biak ala biak. Eta atsedenerako tarterik gabe, hurrengo egunean, abenduaren 4an, izango dute hurrengo proposamena: mus txapelketa.
Astebete geroago, abenduaren 11n ere egitarau zabala izango dute: moskato, txakolin eta sagardo dastatzea, zahargiardoa eta kopla txapelketa, hain zuzen. Abenduaren 13an Janire Atxurrak Zesatona? bakarrizketa egingo du, eta 15ean, berriz, Errio dokumentala proiektatu eta solasaldia egingo dute Ibon Gaztainazpirekin —jarduera hori elkarlanean antolatu dute Alegiako Mendi Asanbladarekin—. Asteburura begira, aldiz, fimo tailerra izango dute Maider Zabalak gidatuta, eta abenduaren 19an ospatuko dute Gaztetxen Eune. Egun horretan babarrunak bazkalduko dituzte gaztetxean, eta bazkalostea Anuk eta Elene musikariek girotuko dute. Arratsaldetik iluntzera, berriz, karro poteoa egingo dute, eta 22:00etan hasiko du kontzertua Manillares Iturriaga talde akustikoak.
Urteko azken egunetara begira izango dituzte, berriz, talo jatea —abenduaren 27an—, auzolana —hilaren 28an—, Auzolangiltza dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Iker Iriarte alegiarrarekin, eta urte zahar gaueko festa —abenduaren 31n— DJ Nazarekin.
Urtarrilean, zuzeneko musika
Urteko lehen hilabeterako ere prestatu dituzte hitzorduak. Lehena urtarrilaren 4an egingo dute: Umen Eune. Disko festa prestatu dute egun horretarako, eta tonbola ere izango da. Eta urtarrileko gainerako hitzorduetan, berriz, zuzeneko musika izango da protagonista.
Hilaren 8an bi musika talde izango dira oholtza gainean, hurrenez hurren, Bele raven eta Gere. Astebeteko epean musika elektronikotik leunera egingo du eskaintzak, urtarrilaren 15ean Esanezin taldeak emango baitu kontzertua. Zazpi egun geroago, Mr. Luken eta Jagoba artistek hartuko dute eszenatokia, eta egitarauko azken ekitaldia urtarrilaren 29an izango da: oholtza gainean izango dira, hurrenez hurren, Monsieur LeCrêpe, Rams eta Rumi.