ELKARRIZKETA

«Oraindik ere errespetua ematen dit mikrofonoak»

Josu Artutxa Dorronsoro

Arantxa Iturbe Maiz idazle eta irrati esataria. J.A.D.

Kutxa Fundazioaren Ibilbide Saria jaso zuen ostegunean, baina gaur, egunero bezala, irratira joango da. Ez zaizkio sariak gustatzen, eta ez du bakar bat behar aitortua sentitzeko; beraz, azkenak ere ez dio bizimodua aldatuko.

Ardura handiz bizi du ofizioa Arantxa Iturbe Maiz (Alegia, 1964) idazle eta irrati esatariak. Egunero, 20:00etan, eskuak izerdituta sartzen da Euskadi Irratiko estudiora, Arratsean saioa hasi arteko urduritasunagatik. «Horrek ematen dio grazia gure lanari», esan du. Sei urterekin jaso zuen lehen saria, eta gerora, zenbait gehitu ditu bildumara; azkena, ostegunean. Hala ere, Iturberentzat eguneroko lanean aitortua sentitzea da benetako saria. Orain ere urduri dago, ez baitu ohiturarik galderak erantzuteko, eta ez du gustuko. «Lubakiaren alde politena aukeratu nuen; elkarrizketatuen erantzunak entzutea da munduan gehien gustatzen zaidana».

2017an etorri zinen azkenekoz Ataria irratira. Asko aldatu zara elkarrizketa hartatik?

Ia hamar urte zahartu naiz, eta zahartzeak baditu bere ondorioak. Lehengo ilusio bera dut orain, baina erreflexuak asko murriztu zaizkit. Oraindik ez dut hutsune handirik nabari, baina gertatu zait norbaiten izena burura ekarri nahi eta hogei pasatu beharra hura eskuratzeko. Hori irrati esatari batentzat egon litekeen zigorrik handiena da.

Bokazioa maite duenari gertatu dakioke nahi izango lukeen zerbait egin gabe uztearen ondorioz damua sentitzea. Zuri, erretiroa gertuago duzunean, gertatu zaizu halakorik?

Beti bezala maite dut nire bokazioa; ez dut uste gehiago maitatzea posible denik, bizitza eskaini baitiot. Egin gabe utzitakoen artean, ez daukat damu handirik. Urteak pasatu ditut elkarrizketak egiten, eta uste dut irratia egiteko dauden moduen artean gehien aberasten zaituena dela. Aitortu behar dut erreportaje gehiago egin izanaren pena dudala. Ez dut haien falta sumatu, baina pentsatzen dut egin nitzakeela, eta ez ditudala egin. Arratsean saioa, gero eta gehiagotan, futbolak jaten du, eta, tarteka, Nekane [Peñagarikano] eta biok txantxetan esan izan diogu elkarri gure ibilbidea amaitzeko kirol kazetari izatea besterik ez zaigula falta.

Akaso, sartu-irten bat egin dezakezue tarteka.

Baita komentarioren bat ere. Aspaldi honetan, asko ikasi dugu futbolaz.

Ostegunean, Kutxa Fundazioaren eta euskal liburugintzako lau elkarte nagusien eskutik Ibilbide Saria jaso zenuen. Zer sentitu zenuen saria zuri emango zizutela esan zizutenean?

«Ez dut nahi» izan zen nire lehen erantzuna. Oso kritikoa naiz sariekin. Jende asko dago munduan bere lana arduraz, zintzotasunez eta ahalik eta ondoen egiten duena, baina batzuek askoz ere aitortza gehiago jasotzeko aukera izaten dugu, eta ez zait justua iruditzen. Horrez gain, nire ibilbidea, hasi eta buka, Nekane Peñagarikanorekin partekatu dut bereziki; bion artean egiten dugu saioa. Injustua da izen bat saritu eta bestea itzalean uztea. Azkenik, ez zait batere gustatzen jendaurrean nabarmentzea. Nire lana beti izan da oso agerikoa, baina, aldi berean, oso itzalekoa, irratia hala delako, nahiz eta oso presente egon entzule finen belarrietan, eta bihotzean.

Eta sariek badute gauza on bat: jaso duena eta ingurukoak pozteko motibo da. Hala ere, egun bateko pozaz eta txinpartaz harago, bultzada eman behar diote egindako lanari. Sari honek balioko balu gure saioa edo Euskadi Irratia bera zabaltzeko eta euskal kazetaritza bultzatu eta ikusgarritasuna edo, kasu honetan entzungarritasuna, emateko, eta jendeak merezi duela uste badu, zoratzen hartuko nuke, baina iruditzen zait sariek ez dutela sekula pauso hori ematen. Anekdota hutsean geratzen dira, eta horregatik ez zaizkit gustatzen. Hau guztia esanda, biharamunean baiezkoa emateko deitu nien.

Zergatik?

Amak esan zidan baietz esateko. Deitu nindutela kontatu nionean, eta nik pentsatuko nuela eta saririk ez nuela nahi azaldu nionean, «zu, harroa» esan zidan. «Nola harroa? Ezezkoa esaten ari naiz eta!», adierazi nion. Sari bat baino gehiago jasotakoa naiz; beraz, badakit zer den. «Zu saritzea erabaki badute, makurtu burua eta esan: eskerrik asko!», erantzun zidan. Eta hori egiteko asmoa nuen. Ase naiz, eta egoa ere bere tokian daukat. Ez daukat pauso bat gehiago eman eta argazkietan ateratzeko beharrik.

«'Zu saritzea erabaki badute, makurtu burua eta esan: eskerrik asko!', esan zidan amak»

Ibilbidea Sariak euskal kulturaren eta literaturaren alorrean egindako ekarpen esanguratsua aitortzen du, eta, aurten, bereziki sormenaren, komunikazioaren eta euskararen alde hainbat hamarkadetan egindako lana nabarmendu dute. Hala sentitzen duzu?

Ez zait iruditzen saritzeko moduko lana egin dudanik; hain natural egin dut. Hala ere, asko eskertzen dut. Esango nuke euskararen alde ez dudala ekarpenik egin. Ez naiz sekula euskararen alde jardun, baizik eta euskaraz, normaltasun baten barruan, hasieratik hala hautatuta. Ahalik eta ondoen egiten dut.

Sormenarekin zerikusia du hitzekin jolas egiteak ematen didan plazerak, eta irratia egiten ari naizen bakoitzean beti izatea buruan ni esaten edo galdetzen ari naizena bezain garrantzitsua dela nola ari naizen egiten. Gure saioetan toki goxo eta atsegin bat sortzen saiatzen gara, uste dugulako elkarrizketatuek egoera horietan ematen dutela euren onena. Sormena berezkoa dut, eta gustatzen zait.

2022az geroztik ematen da saria. Arantza Urretabizkaiak, Jose Angel Irigaraik, Asun Agirianok eta Anjel Lertxundik jaso zuten aurreko edizioetan.

Hau lotsa!

Zer suposatzen du talde horretara batzeak?

Asunek lan handia egin du liburuzaintzan, eta zerrenda horretan egon ez balitz, ziurrenik ez nuen saria onartuko. Nire ibilbidea ezin da inondik inora ere konparatu Arantzaren, Jose Angelen eta Anjelen ibilbideekin; oso urruti nago haiek egin duten lanetik. Gazteagoa naiz, eta oraindik badut denbora.

Ibilbidea saritzea badirudi itxitako etapa baten amaierako ginga dela. Zure kasuan, oraingoz, irratian ez daukazu amaitzeko asmorik, ezta? Edo bai?

Nire ibilbidea sari bat izan da niretzat. Oraingoz, hasieraren eta amaieraren arteko zatian gaude. Ostegunean saria hartu nuen, eta gaur saioa egitera joango naiz. Hala ere, geroz eta gertuago sumatzen dut bukaera; hala tokatzen zait. Izan ere, uztailean hartuko dut erretiroa.

Zer moduz ‘Arratsean’ saioan? Gustura aritzen zara?

Oso gustura aritzen naiz. Hori bai, ez dugu lortzen eguneroko errutina mantentzea, futbolagatik. Aurten, inoiz baino futbol partida gehiago dago astean zehar, eta ia astero izaten dugu saiorik gabeko egunen bat. Hau lehen urteetan gertatzen zitzaigunean, ikaragarri haserretzen ginen, saioek behar dutelako jarraikortasun bat, entzule finekiko zorragatik. Futbolak, une honetan, edozein ordu duela ere, parean duena kenduarazten du, eta horrek asko haserretzen nau, ez futbolaren aurka ezer dudalako, futbola baldin badago, gainerako guztia ezeztatzen delako baizik. Horri ere neurria hartzen ikasi dugu.

Baina, besteak beste futbolaren ondorioz, liburuz eta diskoz gainezka daukagu estudioa. Oraindik udaberriko labealdiko sortzaileak elkarrizketatzen ari gara. Orain, gainera, Durangoko Azoka dator, eta badirudi ez dagoela urtean liburuak eta diskoak argitaratzeko beste hilabeterik. Hortaz, lan deZente daukagu, baina oso gustura helduko diogu erronkari.

Eta futbolagatik ezin duzue nahikoa elkarrizketa egin, pilatutako lan horiek aurkezteko. Ez dizuete beste ordu edo tarterik ematen?

Zuzendaritzak argi dauka hori dela bidea; aspalditik dute hartuta erabakia. Zorionez, oso harreman ona daukagu kiroletako lankideekin.

Futbolak tokia kentzen dizue, tokia beharko balu bezala…

Tokia besterik ez daukanean. Aurreko batean, kiroletako lankide batek esan zuen futbola eta literatura bateragarriak direla, batek ez duela bestea kentzen. Nik esan nion justu hori gertatzen dela. Zaletasun aldetik noski direla bateragarriak, baina gure kasuan batak besteari kentzen dio tokia, eta, gainera, beti berdinak.

1980ko hamarkadan hasi zinen Euskadi Irratian. Nola gogoratzen dituzu lehen urteak?

1983an hasi nintzen, irratia bera sortu berritan, ordezkapen baterako proba bat egin ondoren. Lehen ordezkapena Joxerra Gartziak eta Peio Zabaletak egiten zuten udako saio batean egin nuen. Gogoan dut egun batean Imanol Larzabal elkarrizketatzen ari ginela; beno, ni isil-isilik nengoen. «Zu, pottoka, galdetu zuk ere nahi duzuna», esan zidan hark. Ni, ordea, ez nintzen gauza ezer galdetzeko. Hala ere, azkenean asko ikasi nuen.

Geroago, urtebete pasatu nuen gaueko albistegi laburrak egiten; lan erosoa zen, ez nuen horrenbeste sufritu mikrofono aurrean, baina ez nuen gogoko. 1985az geroztik modu jarraituan ari naiz. Beti iruditu zait munduko lanposturik eta lantokirik ederrean aurkitu nuela tokia. Oso lotsatia nintzen, eta naiz. Oraindik ere errespetua ematen dit mikrofonoak; ardura bat sentiarazten dit, eta uste dut gaur egun gazteek errespetua galdu diotela.

Lau hamarkadetan, irratiko zer esparrutan aritu zara gusturen?

Uste dut oso gauza ederrak eta pertsonalak egin litezkeela erreportajeetan, baina elkarrizketak gustatzen zaizkit gehien. Gurea ez da izaten galdeketa edo azterketa bat, solasaldi bat baizik. Gonbidatu asko urduri etortzen dira gugana, besteak beste galdera zailak egitearen fama dugulako. Akaso, neurriko erantzun bat ez emateko beldur edo erreparoagatik izango da.

Hitz egin behar duzun guztia idazten omen duzu; esan beharrekoa ondo pentsatuta izaten duzu. Zuen elkarrizketetan ez dago lekurik inprobisazioarentzat?

Guk paperak galderez betetzen ditugu, eta inprobisaziorako tarte handia uzten dugu, badaezpada. Kazetariak jakin behar du zein galdera dituen prestatuta, eta ordena jakin batean izaten ditu, baina elkarrizketatuak eraman zaitzake beste bide batetik; entzun egin behar zaio beti, eta bidea jarraitu, edo hautsi, komeni denaren arabera. Hori da elkarrizketa bateko gauzarik garrantzitsuena.

«Elkarrizketatuari entzun egin behar zaio, eta bidea jarraitu, edo hautsi, komeni denaren arabera»

Egunerokoan baduzu orri zuri eta axota bana gainean eramateko ohiturarik?

Bai. Zientzialariek esana da eskuz idatzitakoek beste arrasto bat uzten dutela buruan. Gure elkarrizketetan, zirriborroz, hitzez eta marrazkiz betetzen ditugu galderen paperak.

Ostegunean jaso zenuen saria ez da jaso duzun lehena izan, eta, akaso, ezta azkena ere.

Egunero lanera joatea eta irratia egitea da benetako saria. Ez dut gehiago behar.

2000. urtean Rikardo Arregi Saria eman zizuten zure ibilbide profesionalaren aitortza gisa. 1999an, Jaime Otamendik eta biok egiten zenuten ‘Goizean Behin’ saioa saritu zuten. Urte oparoak izan ziren.

Irratsaioagatik jasotakoan poz kolektiboa sentitu genuen. Irratigintza konbentzionala euskaraz egitea zerotik hastea bezala zen. Orduan ez zegoen ez telefono mugikorrik, ez grabazio digitalik, ezta Internet ere. Gure saiorako gonbidatu bat nahi genuenean, lankideak etxera joaten ziren, telefono finkoetako zenbakiak papertxoetan gordeta, gonbidatuak gauez etxean harrapatu, eta ea gure saiora etorriko ziren galdetzeko. Orduan, gainera, esan behar genien euskaraz aritzeko sortu berri zen irrati publikoa ginela. Behin, EHUko kimikari batek polimeroei buruzko tesi bat egin zuela eta, elkarrizketa egiteko gure proposamena onartu zuen, nahiz aitortu zuen kostako zitzaiola gai horri buruz euskaraz aritzea. Polimeroei buruzko saioa egin genuenean, «hau da bide ona», esan genuen.

Eta, elkarrizketa prestatzeko, internet gabe, nola informatu zineten polimeroez?

Pentsatzen dut elkarrizketatu aurretik produkzioko lankideek kimikariarekin hitz egingo zutela ordu eta erdiz edo, polimeroei eta tesiari buruz gehiago jakiteko.

Itzuliko zinateke lan egiteko modu haietara?

Ez dakit. Urte haietara, bai, taldeko giroagatik. Eta gaur egun klik bat egin orduko informazioa pantaila aurrean izaten duten zenbait gustura ikusiko nituzke modu haietan lanean, beste ardura batekin jokatzeko. Hala ere, gerra hori galdua da, eta ni espezialista naiz gerra galduetan.

Lan egiteko moduetan aldaketa handia ekarri dute telefono mugikorrek eta Internetak, baina baita jendea tratatzeko moduetan ere. Gaur egun, erredakzioko lankide gehienentzat normala da gonbidatu bati whatsapp bat bidaltzea hurrengo egunean irratira joateko eskatzeko. Nik esaten diet hori ez dela modua, kortesiagatik, eta haiek erantzuten didate telefono deiak inbaditzaileak direla. Pertsona batek erabaki dezake deia ez hartzea, baina hitz egiteko ohitura erabat galtzen ari gara. Muturrera eramanda, egun batean mutua den edo hizketarako gaitasun handirik ez duen norbait gonbidatuko dute, eta ez dute jakingo irratira heldu arte.

Eta lau hamarkadatan, tratuan nabaritu duzu aldaketa nabarmenena?

Elkarrizketa baten hasierako prozesuaren kasuan, bai. Elkarrizketa bat hor hasten delako, nori zer elkarrizketa egin nahi diozun pentsatu eta erabakitzen duzunean eta harekin harremanetan jartzen zarenean, eta ez estudioan grabaketa hastean.

Gaur egun, gazteek entzuten dute irratia?

Beti esan izan da irratia desagertzera zihoala, are gehiago, telebista agertu zenean. Azkenean, pantailarekin irratia den gauza bat egiten amaitu dugu. Nahi dutena esango dute, podcast deituko diote, baina hori irratia da. Zer da podcast bat ez bada irratia? Telebistak, behintzat, ez du irratia akabatu, baina irudipena daukat irratiaz arduratzen den jendea dela irratiarengan federik ez duena. Gaur egun, badirudi, sareetan eta pantailetan ez bazaude, entzule gazteak galduko dituzula. Niri berdin zait zein gailutan entzuten duten; ziur nago irratia entzuten dutela. Gure saioan, behintzat, baditugu entzule gazteak.

Gaur egun, belarrietatik baino gehiago, begietatik sartzen zaigu irratia.

Ez dakit oso ondo gure enpresan nork ikusi zuen behar hori; aginduak beti datoz goitik. Irratiak bisuala izan beharko luke beti, baina belarriz. Irrati esatariak ikusten ari dena ahotsaren bidez ikusarazi behar dio irratia autoan edo etxean entzuten ari den horri. Gaur egun, ordea, ahotsaz gain, dena irudi bidez hartu eta ematen da. Irrati estudioa nahiz kanpoan egindako erreportajea pantailan ikusteari deitzen diote irrati bisuala. Horrek zer interes du? Goi-karguetako bati entzun nion behin jendeari asko inporta zitzaiola irrati esatariak nolakoak garen. Horri morboa esaten zaio. Jendeak, irratia jarri badu, gu entzun nahi gaituelako izango da, eta irratia pantailarekin jarri badu, beste interes bat dauka. Ikusmenak itsutu egiten gaitu, irudiari begira uzten gaitu, eta belarria automatikoki deskonektatzen dugu. Ez zait batere gustatzen irrati bisualaren ideia hori. Irratiak gauza eder bat du: saio bat entzuten ari zaren bitartean, beste hogei gauza egin ditzakezu.

Zuretzat oso garrantzitsua da gonbidatua gertu izatea, ia ukitzera iritsi arte. Irrati bisuala deitzen dioten horretan, ez da halakorik ikusten.

Eta pena handia da. Jabetu naiz telebistako solasaldi askotan esatari nagusiak kamerari hitz egiten diola, hau da, etxekoei, alboan dituen bospasei lagunetako bati galdera bat egiten ari den bitartean. Teknika horiek oso hotzak eta artifizialak iruditzen zaizkit.

Gaur egun gizartean lanerako ohikoa ez den ordutegian aritzen zarete lanean. Ondo moldatzen zarete?

Gazteek nahiko ez luketen ordutegia da gurea. 20 urte izango dira irratsaioa egiten hasi ginela. Oso ondo moldatzen gara, eta oso gustura gaude; uste dut arratsaldeak hain beharrezko ez ditugun garaian harrapatu gaituela. Egia da asko kentzen digula bizitza sozialetik, baina luxu handia da iratzargailurik gabe jaikitzea. Nekanek eta biok egunero elkarrekin autoz egiten dugu joan-etorria lantokira. Horrek ez dauka preziorik. Joanekoan egoera pertsonalaz, familiaz eta lagunez hitz egiten dugu. Itzulerakoan, berriz, egun horretako saioaz; dena izaten da autokritika.

Literaturan ere utzi duzu aztarna. Zenbait lan argitaratu dituzu, bereziki, pertsonen arteko harremanak, komunikazioaren ñabardurak eta emakumeen bizipenak ardatz hartuta. Gustura aritzen zara alor horretan?

Asko gustatzen zait idaztea, istorioak asmatzea edo entzundakotik eta bizitakotik sortzea. Aspaldi ez dudala halakorik egiten, denbora faltagatik, baina azken aldian hainbeste liburu ikusten ari naiz… Hausnartzen dut horri buruz, eta ez daukat batere garbi ezer gehiago argitaratzera ausartuko ote naizen. Irakurleak behar ditugu, horiek baino idazle gehiago baitago une honetan.

Jaso izan duzu argitaratutako lanen zuzeneko feedback edo iritzirik irakurleengandik?

Fikziozko ipuinen kasuan, irakurle taldeetara gonbidatu izan naute, liburuari buruz hitz egiteko, eta horietan jaso izan ditut irakurleen iritziak. Hala ere, Ai ama! izan zen feedback handiena jaso zuena. Ez dut esango esker txarreko lana denik, baina irratira etortzen diren idazle gazteengan ikusten dudana da ordu eta ideia asko jartzen dituztela liburu bat idazteko, ustez egin nahi zutena edo egin zezaketen gauzarik onena egiten dutela, eta argitaratu eta gero, sariekin bezala gertatzen zaiela: bizpahiru elkarrizketa egin, eta kito.

«Sakon-sakonean, konplizeak topatzeko helburuarekin idatzi izan ditut liburuak, eta topatu dut baten bat»

Zer helbururekin idatzi izan dituzu liburuak?

Zenbait gaiei buruz nik bezala pentsatu dezaketenen edo mundua begiratzeko nik dudan moduarekin ados egon daitezkeenen babesa lortzeko; sakon-sakonean, konplizeak topatzea izan da nire helburua, eta topatu dut baten bat. Uste dut, oro har, hori dela idazleen helburu nagusia.

Kontuan izan behar da urte haietan emakumezko idazle gazte bakarrenetarikoa nintzela. Hala ere, arrazoi horregatik gizonezko zenbait idazlerekin mahai-inguru batean aritzeko nire ahotsa beharrezkoa zela esaten zidatenean, ikaragarri asaldatzen nintzen. Ez zitzaidan gustatzen egoera horietan emakumeek eduki behar zuten presentzia nigan gorpuztua ikustea; ez nintzen eroso sentitzen. Ez geunden maila berean; emakume izan ez banintz, nire liburuagatik ez ninduten gonbidatuko.

Antzezlanak ere idatzi izan dituzu, Agurtzane Intxaurragarekin elkarlanean, Hika Teatro konpainiarentzat.

Ai ama! irakurri zuenean irratira etorri zen Agurtzane. Sekulako barreak egin zituela kontatu zidan, baina aitortu zidan berak bizitako amatasunak ez zuela zerikusirik hor kontatzen dudanarekin. Hala ere, esan zidan gustura egingo zuela antzerki obra bat, kontakizun hori oinarri hartuta, eta nik idaztea nahi zuela. Horrela hasi ginen elkarlanean, eta handik sortu ziren lan gehiago. Hasieratik tandem ona egin dugu, Agurtzanek antzerkia entzun ordez ikusi egiten duelako; nik, berriz, beti izaten dut belarria jarrita. Beraz, elkarren osagarriak izan gara. Gainera, askatasun handia eman izan dit beti. Hala ere, aspaldian utzita daukagu.

Egindako lanetako hiruren gidoiagatik MAX Sari bana jaso zenuen. Hemen ere sariak.

Sariak ondo daude, baina haien helburuak izan beharko luke jendea aretoetara joatea eta antzerkiaz gozatzea.

'Goenkale'-n ere aritu zinen lanean. Nolako esperientzia izan zen hura?

Goenkaleko elkarrizketagilea izan nintzen, bi denboralditan. Oso lan polita izan zen. Makina perfektu batek bezala funtzionatzen zuen telesailaren produkzioak. Talde batek istorioa pentsatzen zuen, gertatuko zena, alegia; beste batek eszenak prestatzen zituen; azkenik, elkarrizketagileok eskaleta jasotzen genuen, eta aktoreek esan beharrekoak zehazten genituen.

Zure ustez, bizitzan ‘honetara ezkero’ guztiek dute ‘hemendik aurrera’ bat. Saria jaso eta gero, aldatuko zaizu bizimodua?

Ez, eta desio dut gustatzen zaidana arduraz, zintzotasunez eta gogo onez egiten jarraitzea. Hori da nire bizitza, eta eguneroko lanean aitortua sentitzea da benetako saria.

Motzean

Irratsaio bat?

Arratsean eta Goizean Behin.

Irrati esatari bat?

Gustuko dut Maider Segurolak irratia egiteko duen modua.

Inoiz egin duzun elkarrizketa goxoena?

Ez dut gogoratzen. Zaila da egin ditudan guztien artean bat aukeratzea.

Eta konplexuena?

Garai batean, elkarrizketa politikoak ziren konplexuenak. Hitza asko neurtu behar zen galderak egiteko. Arratsean saioaren lehen urteetan, miresten genuen norbaiti egin beharrekoa izaten zen zailena; ondo egin nahi genuen, baina lotsak eta urduritasunak kikildu egiten gintuen.

Idazle bat?

Injustua da bat esatea. Kuttun bat aipatzekotan, Harkaitz Cano.

Hurrengoa irakurriko duzun liburua?

Juan Garziaren Erbeste.

Antzezlan bat?

Ikusiko dudana? Kulunka Teatroren Herentzia. Ikusi dudan bat, berriz, Dejabu konpainiaren Itzulera. Liluratuta utzi ninduen.

Norbait saritu beharko bazenu, nor?

Nekane Peñagarikano, edo berea bezalako lana egiten duen edonor. Ezinezkoa izango zen beste batzuek sariak irabaztea haiek itzalean egiten duten lanagatik ez balitz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!