Urteko azken asteetarako askotariko jarduerak antolatu ditu Alegiako Udalak. Joan den astean hasi ziren jarduerekin —Intxausti Urtemuga ekimenaren barruan erakusketa zabaldu eta hitzaldi bat izan dituzte—, eta Gabonen atarira arte prestatu dute eskaintza. Dagoeneko prestatu dituztenez gain, azaroaren 23an bilera irekia ere egingo du udalak herritarrekin batera Gabonetako jarduerak antolatzeko.
Udaletik adierazi dute «askotariko ekintzak» prestatu dituztela, eta «tarte berezia» hartuko dutela Intxausti Urtemugak eta Alegiako I. Organo Jaialdiak. Hain zuzen, joan den igandean eman zuen kontzertua Alegiako elizan Bartzelonako Familia Santuko Juan de la Rubia organistak, eta lehen hitzaldiak ere izan dituzte Intxausti Urtemugaren barruan.
Aurrera begira, berriz, azaroko ostegunetan hitzaldi bana egingo dute. Gaurkoa, hain justu, Elur Ulibarrena adituak egingo du, 19:00etan, ganbaran: Kristalezko memoria intxaustitarren argazki-bilduman. Erakusketa, bestalde, hilaren 29ra arte ostegunetan eta ostiraletan 18:00etatik 20:30era bisitatu daiteke eta, igandeetan berriz, 11:30etik 14:00etara.
Horiez gain, beste hainbat ekitaldi ere izango dira Alegian, horien artean, ipuin kontaketak, dokumental proiekzioak, irakurle taldearen saioa eta zenbait jarduera Xexili egunaren —hilaren 22a—, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren —hilaren 25a—, eta euskararen egunaren —abenduaren 3a— harira.