Handitu egin da eguzkia, eta ingurumen arazoak eragitetik harago, mendeko bilakatu ditu pertsonak. Horixe du abiapuntu Zelaiaren bila eleberriak, Andoni Agirrezabalaren (Alegia, 1998) bigarren nobelak. Etorkizuneko mundu bat aukeratu du idazleak kontakizuna garatzeko, eta gaurko zein betidaniko gaiak landu ditu. Bigarrenez Erein argitaletxearekin elkarlanean papereratu du istorioa, eta jaioterrian azaldu ditu obra berriaren nondik norakoak.
Zer topatuko du irakurleak?
Lehendabizi aurkituko du etorkizuneko mundu bat. Nonbait kokatzen hasita, Euskal Herrian koka genezake, mende honen bukaeran edo; eta etorkizuna pixka bat diferenteagoa izango da. Protagonista nagusia eguzkia izango da: handitu egingo da, bero handiagoa emango du, eta ingurumen arazoak sortzeaz gain, jendea eraldatu egingo du. Eraldaketa horretan jendearen bizioak edo grina txarrak azaleratzen ditu, eta sortzen ditu mendeko izena duten pertsona klase batzuk, zeinak haien grina txarren menpe bizi diren. Herri txiki bat egongo da, bastante berezia hainbat ezaugarrigatik, eta hor sortuko dira hainbat gatazka.
Nondik abiatu zara istorioa idazteko?
Istorio bat idazten hasten naizenean, seinale edo pizgarri bat egoten da. Zelaiaren bila izena du liburuak, eta pizgarria izan zen zelai baten argazkia. Loreak-eta dituen zelai bat ikus daiteke, eta udako ekaitz baten aurreko paisaia da. Argazkiaren erdian zuhaitz txiki bat ikus daiteke, eta urrutiago baso moduko bat. Bide moduko bat iradoki zidan: zuhaitz txiki hori zelai idiliko batean, baina, aldi berean, ekaitzak ere badu lekua —bizitzak ere alde txarrak eta onak dituen bezalaxe—, eta bide bat, zuhaitz hori heldu edo baso bihurtu arte. Zuhaitza —edo pertsona— alde ilun horietatik libratu beharko da heldu ahal izateko. Eta, horrez gain, euskal mitologiako kondaira batekin ere badu lotura.
Erreferentziarik izan duzu?
Irakurtzeko gehien gustatzen zaizkidanak beti izaten dira beldurrezko edo terrorezko istorioak; zentzu horretan, Edgar Allan Poeren narrazioak-eta beti izaten ditut presente. Eta antzeko generoa lantzen duen beste bat da Shirley Jackson. Zehazki liburu honetarako erreferentziatzat hartu dut ¿Sueñan los androides con ovejas eléctricas? liburua [jatorrizkoa Do Androids Dream of Electric Sheep?], baina ezagunagoa da handik abiatuta sortutako pelikula: Blade Runner. Obra horrek badu distopiatik, eta bertako mundua liburu honetarako pertsonaia batean eta paisaia batzuetan ere agertzen da. Erreferentziarik zehaztekotan, hori litzateke.
Euskal mitologia ere aipatu duzu.
Kondaira bat bada hor, txikitan aitonak kontatzen zidan Goñiko Teodosioren istorioa. Labur-labur azaltzeko, Erdi Aroko zaldun bat izan zen, eta gerratik etxera itzuli zenean, oharkabean, gurasoak hil zituen. Kondairan, garaiarekin lotuta, penitentzia gisa alderrai ibiltzera kondenatzen dute, kateak lotuta dituela. Damuak gaur egun konnotazio negatiboak ere baditu, erlijioarekin eta biktimismoarekin lotzen delako; baina hausnartu eta aurrera egiteko gaitasun hori pertsonaren garapenean edo garrantzitsua dela uste dut.
Eta Teodosio damutu zen?
Teodosio Goñikoa damutu egiten da, katea lotzen diote, eta erruaz libratuko dela esaten diote kateak askatzen direnean. Horiek askatzen zaizkio Aralarko kobazulo batetik herensuge bat ateratzen zaionean, eta erlijioarekin lotuta, San Migel azaltzen zaionean laguntzeko. Funtsean da bizitza 'ona' ez daraman pertsona batek bide bat egitea, kontzienteki, nolabaiteko askapen bat lortzeko. Horixe esaten du kondairak, eta erreferentzia egiten diot, pertsonaia batek Goñi izena baitu.
Deskribatu duzun distopiak badu loturarik gaur egungo klima aldaketarekin.
Bai, bai. Natura oso presente izaten dut beti, eta deskribapenetan-eta beti jotzen dut naturako elementuetara. Klima aldaketa ere pil-pilean dagoen gai bat da, eta idazteko garaian propio bilatu gabe atera zait. Eguzkia sinbolo oso indartsua da, eta grinarik txarrenak azaleratzearena ere... Udan hasi nintzen idazten, eta gaur egungo eguzki honek, ni behintzat, segituan jartzen nau jenio bizian [barrez].
Nolakoa izan da sortzeko prozesua?
Bi urte inguru daramatzat honekin —baita gehixeago ere—; eta puntu bateraino heltzen nintzen, baina ezin asmatu. Utzi egin behar, eta... Buelta asko eman dizkiodan istorio bat izan da, batez ere, pertsonaia batzuekin. Ez dakit, bide moduko bati jarraitzen diozu, eta pertsonaia batzuk bakarrik agertzen diren bezala —errazenak—; beste batzuei bidea bukatzen zaie. Horrelako batzuk pasatu zaizkit, eta zerotik hasi beharrak eta...
Sortzen dituzunek konbentzitu egin behar zaituzte, eta norberak sentitu behar du benetakoak edo direla. Momentu batetik aurrera pertsonaiak berak ere ja lege batzuk ditu, eta ezin duzu edozein erabaki hartu. Horrelako pertsonaiak bilatzea izan da erronka nagusia. Alde horretatik bastante neketsua izan da, egia esan. Baina, saiatuta, gustura geratu naiz emaitzarekin.
Publiko zehatzen bati dago bideratuta?
Ez dut idazten publiko zehatz batengan pentsatuz; edozeinek leitzeko modukoa da. Irakurleak presente eduki beharko du etorkizunean kokatuta dagoela, fantasia puntu bat duela, eta zenbait beldurrezko eszena —asko ere ez— badituela, batez ere, pertsonen alde ilun horri lotuta. Umore dezente ere topatuko du: eszena eta pertsonaia batzuk xelebre xamarrak dira. Ez da dena apokaliptikoa eta iluna, ezta gutxiago ere. Irakurtzeko zaletasuna duen edonorentzat da egokia.
«Istorioak eta munduak badute iluntasun kutsu bat; nahiz eta eguzkia protagonista izan»
Irakurleak gogoan zer hartzea gustatuko litzaizuke?
Istorioak eta munduak badute iluntasun kutsu bat; nahiz eta eguzkia protagonista izan. Baina nahiko nuke berriz ere zelaiaren irudi horretara itzuli. Lehen esan bezala zelaia hartzen dut askapenaren edo sufrimendurik ezaren iruditzat. Eta irakurlea kontzeptu horrekin geratzea nahiko nuke. Garaiaren ilunagatik, badela zelaira iristeko aukerarik; badela esperantzarik. Eta gogoan horixe hartzea nahiko nuke: mezu positibo batekin ere buka daitekeela istorioa.
Aurretik 'Etxe berdea' argitaratu zenuen, eta hark 'found footage' egitura zuen. Oraingoan, ordea, beste egitura bat aukeratu duzu.
Orain kontatu nahi nuen istorioak aurreko liburuaren erregistroa ez zukeen hain ondo onartuko. Istorioari gehien egokitzen zaion tonua edo bilatzen saiatu naiz. Lan gehixeago izan da, luzeagoa ere badelako. Ariketa ezberdina izan da: aurrekoan dokumentu multzo bat jartzen zen irakurlearen aurrean; oraingoak gaur egun ohituta gauden nobela estiloa edo du.
Stephen King idazlearen liburu ospetsu bat da El misterio de Salem's Lot [jatorrizkoa Salem's Lot]. Herri batean gertatzen da, eta trama ezberdinak aurkezten ditu, hainbat pertsonaia agertzen direlako leku ezberdinetan. Gero, noski elkarrekin lotuko dira denak. Haren egiturari jarraituz edo idatzi dut hau, asko gustatu baitzitzaidan.
«Kontatu nahi dudanaren arabera elementu fantastiko batzuk egokiak baldin bazaizkit, erabili egiten ditut»
Biek dute fantasia ukitu bat. Hor sentitzen zara eroso?
Fantasia ezaugarri batzuk baditu. Ez da izaki fantastikoz betetako mundu bat, baina baditu zertzelada batzuk. Aurreko liburuak naturaz gaindiko elementu batzuk zituen, eta orain errealismo magikoa edo lotzen zaio pixka bat. Kontatu nahi dudanaren arabera elementu fantastiko batzuk egokiak baldin bazaizkit, erabili egiten ditut. Eroso moldatzen naiz horretan.
Nondik datorkizu idazteko joera?
Irakurtzen dudanetik, pentsatzen ditudan gauzengatik... Beti izan dut hausnartzeko behar hori; eta baita idaztekoa ere. Idazteko gogoan badago bulkada artistiko bat ere. Idazteko dudan irrikarik handiena edo gehien betetzen nauena da paisaia edo estetika ezberdinak eraikitzea; eta hori erlazionatuta dago denok ditugun hausnarketekin: sufrimendua, garapen pertsonala, askatasuna... Gai unibertsalak edo direla esan liteke. Eta gero norberak dituen bizipenetatik eta hausnarketatik abiatuta eraikitzen dut.
Aurreko liburutik hona bilakaerarik sumatu duzu zeure buruarengan?
Bai, bai, bilatu dut; eta ikasi ere ikasi dudala esango nuke. Helburua hori ere bada. Oraindik idazten hasiberria naiz, eta aurreneko istoriotik hona neronek ere nabaritzen dut aldaketa bat badagoela. Nahiz eta ez dudan sekulako jauzirik eman estilo edo forma aldetik, garapen bat, behintzat, nabaritzen dut.
Bi liburuak Erein argitaletxearekin papereratu dituzu. Nolakoa da elkarlana?
Oso ona eta oso erosoa; asko laguntzen dute. Bertako Uxue Razkin editoreak Etxe berdea bukatu genuenean segituan galdetu zidan hurrengo lana ea zein nuen. Beti gertu eta laguntzeko prest; pazientziaz askotan [barrez]. Eta oraingoan ere horrela izan da. Ereinekin oso gustura egia esan.
Bi eleberri aipatu ditugu eta, etorriko al da hirugarrenik?
Espero dut baietz. Ea, ikusiko dugu. Ereinek berriz aukera emanez gero haiekin gustura ibiliko naiz. Idazteko behar edo afizio hori badut —beharra igual gehiago da askotan—. Ideiak baditut, eta hortik aurrera ea zer lotzen dugun. Gero momentuan idazten duzunak agian ez du behar bezalako formarik hartzen, baina bueno, nik jarraituko dut; eta argitaratu nahi badu norbaitek, gustura.