Azkena. Horixe du izenburu Ibon Azpilikuetaren (Donostia, 1978) ibilbideko lehen argazki liburuak. Sei bat urtez «inguruan ditugun azkenak» argazkitan jaso eta horiekin osatu du liburua. Koloretakoak dira irudiak, formatu laukia dute gehienek, eta argazki kamera analogikoz atera ditu guzti-guztiak. «Halako proiektuetarako digitala albo batean uzten dut». Alegian «bizi erdia baino gehiago» darama Azpilikuetak, eta bertan azaldu ditu liburuaren argi-ilunak.
Zer topatuko du liburua zabaltzen duenak?
Irekita utzi nahiko nuke, eta ea bakoitzak zer topatzen duen. Liburuak orri bateko testu bat du, eta hor dator azalpen txiki bat. Hortik aurrera norberak irakur dezala —argazkiak ere irakurri egin behar dira— eta ea zer iradokitzen dion.
Azkena da liburuaren titulua, eta irudietan jaso ditut inguruan ditugun azkenak: baserriko azken lanak, azken uzta, azken pertsonak... Galtzear dagoen bizimodu edo kultura horren lekukoak.
Argitaratzen duzun lehen argazki liburua da, eta izenburua: 'Azkena'.
Horrela tokatu da. Izen motz bat nahi nuen. Bidelagun izan ditudan batzuk ez dira euskaldunak, eta haiengana ailegatzeko ere egin nahi nuen zerbait; eta liburua oso irekia denez, izan daiteke Extremadurako azken baserri baten isla ere. Unibertsala izatea nahi nuen. Ezagutzen nauenak jakingo du zein baserri edo inguru den, baina ezagutzen ez nauenak bere baserria ikus dezake edo bere amonaren Burgosko etxea —zerbait esateagatik—.
Bidelagun jende ez euskalduna izan dudalako dago idatzita sarrera euskaraz eta gazteleraz. Eta beste keinu bat ere badu, eta da liburuaren atzean 'azkena' hitzaren definizioa jarri dudala. Irekia da, azkenak adiera bat baino gehiago baititu. Azkena da aurreneko liburua [barrez] eta zer etorriko den ez dakit. Niretzat bidaia bat da argazkilaritza, eta behin ere ez dakit helburua zein den; ez dut zehaztu nahi izaten ere. Bidaiaz gozatzea da helburua.
Zein motatako irudiak dira?
Liburuan dauden argazki guztiak teknika analogikoz ateratakoak dira. Hamarretik bederatzi baino gehiago kamera berarekin atera ditut, eta formatu laukia du; beraz, argazki gehienak ere laukiak dira. Formatuak berak ere kontatzen du zerbait bere horretan. Argazki kamera mota horrek eskatzen edo transmititzen du argazki oso patxadatsua, geldoa; denbora asko behar duzu enfokatzen, argia neurtzen... Bizpahiru argazki egongo dira azkarrago aterata, baina momentu horretan ez nuelako beste kamera eskura.
Zein kamera erabili duzu?
Ez diot garrantzia handi-handirik ematen. Gutxienekoa da kamera. Bueno, gutxienekoa ez, beste kamera bat erabili izan banu, emaitza ere bestelakoa izango litzatekeelako. Rolleiflex bat erabili dut, kamera xahar-xahar bat. Egiari zor, analogikoan bereziki eragiten du kamerak, aldatu egiten baita zer eta nola erakusten duzun.
Zergatik atera dituzu argazki guztiak analogikoan?
Niretzat analogikoak asko transmititzen du. Makinak ez du ia ezer egiten; zu zara prozesuaren jabea: zuk enfokatu behar duzu, zuk enkoadratu, zuk neurtu argia eta zehaztu abiadura... Analogikoak denbora gehiago eskatzen du, eta irudien inguruan gehiago hausnartzen duzu. Beste patxada bat du, beste begirada bat, beste kolore batzuk... Beste zerbait du. Halako proiektuetarako digitala albo batean uzten dut.
Zenbat denbora behar izan duzu liburua osatzeko?
Denera, bospasei urte izan dira. Aurreneko argazkiak konfinamenduaren aurretik atera nituen. Jaialdi bat antolatu genuen, eta konfinamendua iragarri zuten asteburuan argazkilari batekin biltzekoak ginen, argazki proiektuen inguruan hausnartzeko. Bertan behera utzi genuen testuinguruagatik, baina konfinamenduan zortez baserrian egoteko aukera izan nuen, eta argazkiak ateratzen joan nintzen. Hor oraindik ordena edo zentzu zehatzik gabe aritu nintzen, eta denetariko argazkiak atera nituen: zuri beltzean, koloretan...
Azkenean egin genuen asteburu pasa hura, argazki proiektuen inguruan hausnartu genuen eta jarraitzeko bultzada eman zidaten. Hortik argazkiak ateratzen jarraitu, eta zuri beltzekoak baztertzea erabaki nuen, koloreak transmititzen duen tonua eta informazioa nahiago nuelako —nahiz eta zuri beltzean ere argazki ederrak izan—.
Gustura geratu zara emaitzarekin?
Bai, bai. Berriro hasiko banintz ez nukeen berdin egingo, baina puntu batetik aurrera bukatu egin behar nuela sentitzen nuen.
«Berriro hasiko banintz ez nuke berdin egingo, baina puntu batetik aurrera bukatu egin behar nuela sentitzen nuen»
Nondik dator argazki liburua osatzeko gogoa?
Ez nintzen argazkiak ateratzen hasi liburu bat egiteko; argazkiak ateratzen ditut, eta halako momentu batean sortu zen zerbait kontatzeko gogoa. Argazki zalea bazara, analogikoan aritzen bazara... Mugitzen naizen giroan ematen du helburua dela liburua, lortu beharreko gauzetako bat dela. Beste gai baten inguruan erakusketa bat dut osatuta, eta ez diot bizirik ematen; gaur egun lanari bizi hori emateko edo boladan dagoena, dirudienez, liburua da. Tailerrak antolatzen dituzu argazkiez hitz egiteko, argazkiak erakusteko... Eta halako batean konturatzen zara, agian, liburua 'eskatzen duela'. Pauso natural bezala etorri da.
Nolakoa izan da argitaratzeko prozesua?
Azken bultzada Juanan Requena artistarekin eman nion. Asteburu bat pasatu genuen elkarrekin, eta bertan eman genion forma, gutxi gorabehera. Hortik argazki bat falta zela konturatu nintzen, hura atera, argazkiak berriro ordenatu, eta editorial batera jo nuen. Ideia aurkeztu, xehetasun tekniko batzuk ebatzi... Formatua eta euskarria adostu genuen, eta kito. Joan den udan editatu nuen liburua enpresa batekin, 200 ale egin ditugu, eta orain pixkanaka hasiko naiz zabaltzen. Tarte honetan edizio berezi bat prestatzen aritu naiz.
Zer izan da zailena?
Zailena... [Pentsakor une batez] Zailena etxekoei erakustea izan da.
Publiko zehatz bati al dago bideratuta?
Irakurleak ez dauka argazkilaritzari buruz ezer jakin beharrik. Gaia interesgarria iruditzen zaion edonorentzat da egokia; izan familian baserri giroa ezagutu duelako, amona halakoa izan zuelako edo gaur egun errealitate hori gertu duelako. Azkena izan zitekeen duela belaunaldi bat, eta azkena izan daiteke gurasoengan sumatzen duen zera hori ere.
Zerk bereizten du 'Azkena' beste argazki liburu batzuengandik?
Besteek zer egiten duten ez dut asko begiratzen. Posible da antzekotasunak izatea zenbait libururekin edo halako beste hamar proiektu egotea. Baina propio egin izan dudan zerbait da halakoetara ez jotzea, nolabait ez eragiteko horrek nigandik atera nahi dudan horretan. Ez egoteko baldintzatuta edo. Beste zerbaitek baldintzatuko ninduen, ziur; baina argazkilari entzutetsuen lanak ez ikusten saiatzen naiz, eragin hori saihesteko. Nirea nire sentitu nahi dut.
«Argazkilari entzutetsuen lanak ez ikusten saiatzen naiz, eragin hori saihesteko. Nirea nire sentitu nahi dut»
Edizio bereziak aipatu dituzu. Zer dira?
Argazkiez gain, kontatzen dudana osatzen duten elementuak dituzte edizio bereziek. Liburuarekin batera emateko egurrezko marko batzuk egin ditut eskuz, eta egur hori nire aitaren jaiotetxeko —Sakanako baserri bateko— habe batetik ateratakoa da. Kolorean ere nabaritzen da: haritza da, baina ez dakit zein urtetakoa —500 urte izango ditu agian—. Beraz, aukera bat da liburua egurrezko markoarekin eskuratzea, eta beste aukera bat ere prestatu dugu amonaren mantalaren erreplika bat izango duena.
Zer egin behar du liburua eskuratu nahi duenak?
Printzipioz nik salduko ditut, beraz, nire sare sozialen bitartez edo nirekin harremanetan jarrita eskuratu daiteke.
'Azkena'-k zabaldu al dio aterik beste proiekturen bati?
Oraingoz, behintzat, ez. Udaberrian egiten dugun jaialdia mantenduko dugu, hori ziur; baditut ideia batzuk, eta ez dakit zein forma emango diogun. Bestalde, lehen aipatutako erakusketa hori ere hor daukat, jasota. Extremaduran jarri nuen ikusgai, eta baita Tafallan ere. Gustatuko litzaidake hari bizitza pixka bat gehiago ematea. Beste ideiaren bat ere badut esku artean, baina, izatekotan, aurrera begira; oraingoz ez, behintzat.