Zenbait herritarrek zaborrekin lotutako jokabide desegokiak izaten jarraitzen dutela salatu du Alegiako Udalak. Jokabide horiek kalte herritar guztiei egiten dietela nabarmendu dute, eta hainbat ohar gogorarazi dituzte. Bestalde, gaia lantzeko datorren asteazkenean —hilaren 21ean— bilera ireki bat egingo dutela iragarri dute. Udaletxeko bilkura aretoan izango da, 18:00etan, eta herritarrak bertaratzera gonbidatu ditu Alegiako Udalak, gaiaren inguruan «luze eta zabal» aritzeko aukera izango dela-eta.
Hondakinekin lotutako jarduera desegokien harira, Alegiako Udalak web orrialdean gogorarazi du edukiontzietatik kanpo geratzen den guztiak ingurumenari kaltea eragiten diola; ontzietatik kanpo geratzen den guztia errefusa bihurtzen dela eta horrek herritarrek ordaindu beharreko faktura areagotzen duela; tamaina handiko hondakinak ostegunetan atera daitezkeela 20:00etatik aurrera, eta edukiontzien alboan utzi behar direla «ahalik eta txukunen»; eta hondakin mota bakoitza bere edukiontzira bota behar dela.