Aste honetan hasiko dira ibaiaren alboko pasealekua berritzen

Tolosaldeko Ataria

Udaletxetik ibaian gora egiten duen pasealekua. ATARIA

Udaletxetik Kalegorara doan zatia berritzeaz gain, kale argiteria ere eraberritu eta bizikletentzako bidea egokituko dituzte. Lanek 268.469 euroko aurrekontua izango dute.

Aste honetan hasiko dira Alegian udaletxetik Kalegorara doan ibaiaren ondoko pasealekua berritzen. Hori dela-eta, Kalegorako aparkalekua ez da erabilgarri egongo bi hilabetez —lanek irauten duten bitartean—, eremu hori materiala pilatzeko eta zamalanetarako erabiliko baitu obra egingo duen enpresak. Lanen helburuak dira, pasealekua bera berritzeaz gain, bizikletentzako bidegorria egitea eta kale argiteria berritzea.

Lan horiek egiteko, guztira, 268.469 euroko aurrekontua izango du Alegiako Udalak, eta finantzatzeko 100.000 euroko diru laguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailetik. Udaletxetik Kalegorara doan zatia berrituko dute lehen fase honetan, eta bigarren saio batean, berriz, Zubi Zaharretik Kaleberaraino doan zatia eraberrituko dute.

Lanen helburua

Alegiako Regina Sorarrain alkateak azaldu du «hobekuntza garrantzitsuak» lortuko dituzte obrarekin: «Obraren bitartez onura garrantzitsuak lortuko ditugu oinezkoentzat eta bizikleta erabiltzaileentzat. Helburua Tolosatik eta Beasaindik datozen bidegorriak lotzea da, gaur egun zati bat karreteraz egin behar baita, eta izugarri arriskutsua baita hori». Obraren ondotik lotuta geratuko lirateke bi norabideetatik datozen bidegorriak, eta segurtasuna «nabarmen hobetu» egingo dela adierazi du alkateak. 

Pasealekua berritzetik harago, bide bat egokituko dute bizikletentzat, eta kale argiteria ere berrituko dutela aipatu du Sorarrainek: «Genero ikuspegitik beharrezkoa ikusten dugu kale argiak berritzea. Eremu horretako gaueko argiteria motel samarra da gaur egun, eta argiak berrituta segurtasuna asko hobetuko da. Lanen eraginez, orokorrean, asko hobetuko da ingurua». 

Zenbait eragozpen

Kalegorako aparkalekua ezin erabiltzeaz gain, beste zenbait eragozpen ere izango dira. Esate baterako, San Juan kaleko zenbait etxebizitzak irteera bat dute pasealekura, eta horiek ezingo dituzte erabili obrak irauten duen bitartean; hain zuzen, San Juan kaleko sarrera bakarrik erabili ahal izango dute sartu-irtenak egiteko. 

Alkateak «ulermena eta pazientzia» eskatu dizkie herritarrei, eta nabarmendu du emaitza guztien «bizi kalitatea hobetzeko» izango dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!