Lehen aldiz hiru bikote mixto Txintxarri Sarian

Tolosaldeko Ataria

Xabat Olaizola eta Lierni Osa, Telleria eta Malen Morandeira, eta Zelai eta Olaia Esnaola hiru harrirekin ariko dira lanean, igande goizean, Alegiako plazan.

Harri-jasotzaileen XVIII. Txintxarri Saria izango da jokoan igandean, 12:00etan, Alegiako plazan –eguraldi txarra eginez gero, eskolako atarian izango da–. Lehen aldiz, hiru bikote mixto ariko dira lehian txapela lortzeko: Xabat Olaizola eta Lierni Osa, Beñat Telleria eta Malen Morandeira, eta Jon Gisasola Zelai eta Olaia Esnaola. Harri bakoitzarekin hiru minutuko saio bana egingo du bikote bakoitzak, eta amaieran, kilo gehien jasotzen duen bikoteak jantziko du txapela.

Hiru harrirekin ariko dira lanean kirolariak: gizonek 125 kiloko kopa izango dute lehenik, eta emakumeek, 75 kiloko zilindroa; gizonen bigarren harria 112,5 kiloko kubikoa izango da, eta emakumeena, 62,5 kilokoa; azken harria bola izango dute, gizonek 100 kilokoa eta emakumeek 62,5 kilokoa.

Hemezortzigarren edizioa jokatuko dute aurten, eta antolatzen jarraitzeko babesle eta boluntarioen lana eskertu nahi izan du Regina Sorarrain alkateak: «Txapelketa honek izugarrizko garrantzia du eta hori mantentzen jarraitu nahiko genuke. Horretarako, babesleei eskertu nahiko genieke, horiek gabe ezingo litzatekeelako aurrera eraman, baita Patxi Jauregi eta Patxi Renobales herritarrei ere hau guztia antolatzen laguntzeagatik».

EITBk emango du emankizuna urriaren 10ean.

Kintopeko marka saiakera

Ekitaldian tartekatuta Maddi Gesalaga zarauztarrak kintopeko marka handi bat ezartzeko saiakera egingo du. Hiru minutuko saio bana egingo du hiru harrirekin: Hiru minutuz ariko da 100 kiloko zilindro zaharrarekin, hiru minutuz 100 kiloko kubikoarekin, eta beste hiru minutuz 100 kiloko bolarekin. «Honekin garrantzia eman nahi diogu emakumeek plaza honetan urteetan izan duten hutsuneari», nabarmendu du Sorarrainek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!