Estreinakoz antolatu dute Udazkena Musikaz, Alegiako Lehen Organo Jaialdia, hain zuzen, 145 urte betetzen dituelako herriko San Juan Bataiatzailearen elizako Cavaille-Coll organoak. Guztira, lau hitzordu antolatu dituzte zikloaren barruan, eta lehenak Oier Gaston Alegiako organo jotzailea eta Mikel Maniega tronpeta jotzailea izango dira.
Guztiak ala guztiak 20:00etan hasiko dira, eta larunbateko emanaldiaren inguruan, Gastonek aurreratu du «edonor gerturatzeko modukoa» izango dela: «Obra klasikoak interpretatuko ditugu, baina saiatuko naiz organoaren betiko egitura alboratzen eta lekua egiten inprobisazioari. Beste tinbre batzuk lortu nahi ditut, eta nik uste aukera polita izango dela organo musika ezagutzen ez dutenak bertaratzeko». Larunbatean, gainera, bi kamera jarri eta zuzenean irudiak pantaila batean proiektatuko ditu Gastonek, publikoak aukera izan dezan eskuekin eta hankekin nola jotzen duen ikusteko.
Bigarren kontzertua urriaren 24an izango da, eta Gerardo Rifon Donostiako San Ignazio elizako organistak eta Juncal Baroja sopranoak egingo dute. Biak ala biak Donostiako Orfeoiarekin aritzen dira, eta Gastonen iritziz «emanaldi polita» izango da jendea gerturatzeko: «Obra ezagunak joko dituzte, eta maisuki interpretatzen dituzte».
Alegia eta Bartzelona, senide
Antolatzailearen hitzetan hirugarrena —azaroaren 6koa— izango da kontzertu «bereziena», hain zuzen, Bartzelonako Familia Santuko organistak emango duelako kontzertua Alegian: Juan de la Rubia organo jotzaileak. «Hasieran bera jarri zen gurekin harremanetan Alegiako organoa ikusi nahi zuelako, antza, Bartzelonako Familia Santuko kriptako organoaren bikia baita hemengoa», Gastonek nabarmendu du de la Rubiak «pozarren» onartu zuela gonbidapena, eta berarentzat «ohorea» dela hura etortzea: «Esan gabe doa sekulako maila duen organista dela. Asko janzten du jaialdia».
Alegiako Regina Sorarrain alkateak gehitu du «sekulako aukera» dela organo jaialdia: «Honek erakusten du zenbateko altxorra dugun Alegian, eta, orain, jendeari eskura jarri behar diogu. Ez dago aipatu beharrik nolako ekarpena egin duen Donostiako Orfeoiak, eta Alegian ere izan da kanturako tradizioa». Ildo horretatik aipatu du Txintxarri abesbatza, zeinak 60 urteko ibilbidea ondu duen: «145 urte ditu organoak, eta mende erdi baino gehiago abesbatzak. Eskerrak eman behar dizkiegu tradizio hau bizirik mantentzen aritu direnei».
Jaialdiko azken hitzordua, berriz, azaroaren 14an izango da, eta Matias Sagreras organo jotzaileak zein Ensemble 16' abesbatzak emango dute kontzertua. Alegiako organistak azaldu duenez, Donostiako Orfeoiko zortzi edo bederatzi kidek osatzen dute Ensemble 16' eta azaroaren 14koa «oso interesgarria» izango da: «Eskaintza asko borobiltzen du, organo musikaren beste ikuspuntu bat emango baitio kontzertuak jaialdiari».
Ia mende eta erdi
Alegiako San Juan Bataiatzailearen elizan dagoena Cavaille-Coll organo bat da, eta Oier Gaston (Zumarraga, 2006) da bertako organista. Antolatzaileek azaldu dutenez, Bartzelonako Familia Santuko kriptako organoaren bikia da, eta Alegiako elizari 1881ean eman zion dohaintzan —koruko aulkiteriarekin batera— Jose Manuel Lopetegi alegiarrak.
Sorarrainek eta Gastonek nabarmendu dute «ederra» dela organoa, eta 145 urte bete izana «aukera paregabea» dela jaialdia antolatzeko: «Espero dugu benetan arrakastatsua izatea, eta Alegiako eliza txiki geratzea, gerturatu den jende kopurua dela-eta». Era berean, Gastonek gehitu du «batez ere gazteak» gonbidatu nahi dituela jaialdira: «Esango nuke askok ez dakitela organo batek nolako doinuak atera ditzakeen. Harritu egingo lirateke hainbat, eta benetan merezi du, behintzat, aukera bat ematea».