Alegiako Udalak kultur egitarau zabala prestatu du irailaren bukaerarako eta urriko asteburuetarako. Joan den larunbatean hasi zuten egitaraua I. Txupitxu Txiki Bizikleta Egunarekin, eta asteburu honetan izango dira hurrengo hitzorduak, hain zuzen, larunbatean kontzertua emango dute elizan Oier Gaston organo jotzaileak zein Mikel Maniega tronpeta jotzaileak, eta igandean, berriz, eskolako jolastokian egingo dute XIX. Alegiako Artisau eta Nekazal Azoka Berezia.
Mota askotako jarduerak bildu dituzte egitarauan, eta proposamen bana antolatu dute urriko lau asteburutarako: lehen igandean —urriaren 4an— harri jasotzaileen XVIII. Txintxarri saria jokatuko dute, eta marka saiakera bat ere izango dela aurreratu dute; urriaren 24an, elizan emango dute kontzertua Gerardo Rifon organo jotzaileak eta Juncal Baroja sopranoak; urriaren 28an, liburutegian egingo du ipuin kontaketa saioa Itziar Saenz de Ojerrek; eta urriko azken egunean, 31n, Gau Beltza ospatuko dute.
Alegiako Regina Sorarrain alkateak adierazi du «herritar guztientzako» egitaraua prestatzen saiatu direla: «Adin eta gustu guztientzako moduko proposamena osatzea izan da helburua. Egitarau osatua antolatu dugu, eta espero dugu herritar guztiek izango dutela gozatzeko aukera».
Estreinakoz, organo jaialdia
Aurrez aipatutako kontzertuez gain, organoari lotuta beste bi hitzordu ere antolatu dituzte udazkenean Alegian, eta lauek osatzen dute Udazkena Musikaz, Alegiako I. Organo Jaialdia. Alkateak kontatu du «ziklo moduko bat» prestatu nahi izan dutela aurten, hain zuzen, 154 urte bete dituelako Alegiako elizako organoak: «Alegiako lehen organo jaialdia da. Kultur batzordera iritsi zen proposamena, landu dugu eta aurrera atera da».
Alegiako San Juan Bataiatzailearen elizan dagoena 1881eko Cavaille-Coll organo bat da, eta Oier Gaston da bertako organista. Aipatutako kontzertuez gain, azaroaren 6an izango dena nabarmendu du alkateak, Bartzelonako Familia Santua katedraleko Juan de la Rubia organistak emango baitu: «Sekulako luxua da maila horretako musikari bat izatea Alegian». Jaialdiko azken hitzordua, berriz, azaroaren 14an izango da, eta Matias Sagreras organistak eta Ensemble 16’ koruak emango dute.
Iraileko eta urriko hitzorduez aparte, Intxausti Urtearen barruan azaroan beste ekitaldi sorta bat ere izango dela aurreratu du Sorarrainek: «Oso ekimen garrantzitsua da guretzat Intxausti Urtea, eta horren barruan izango ditugu ekitaldiak azaroan ere. Gauza guztiak kontuan hartuta, oso udazken jantzia izango da».