Ofizioz biologoa da Jon Ander Galarraga (Alegia, 1983), eta duela bederatzi urte izan zuen bikotearekin lehen alaba. «Etxean eta bizitzan» haur bat gehiago izateko lekua zutela-eta, aukerak aztertzen hasi eta harrera familien eredua ezagutu zuten. Bost hilabete zituela iritsi zen haien sendira alaba gazteena, harrera haurra. Irribarrez nabarmendu du «familia arrunt bat» direla, eta zabal bezain zehatz azaldu ditu harrera guraso izatearen nondik norakoak.
Zer da harrera guraso izatea?
Harrera guraso izatea da guraso izateko beste modu bat. Beti ulertu izan dugu guraso izatea dela pertsonen arteko harreman batetik sortzen diren seme-alaba biologikoak izatea, baina badaude beste aukera batzuk ere. Adopzioa da ezagunena; oso normalizatuta dago eta gutxi gorabehera badakigu zer den. Harrera familia batean, berriz, haurrak ez du loturarik apurtzen familia biologikoarekin. Horrek zer esan nahi duen? Harrera familia batean haurrak jatorrizko izen-abizenak mantentzen dituela, eta aldian behin bisita egin behar diela guraso biologikoei.
Harrera familien artean bi motatakoak daude: urgentziazkoak eta behin betikoak. Urgentziazko harrera familiek haurra zaintzen dute familia biologikoak zaindu ezin duenean eta haurra babesgabetasun egoeran geratzen denean. Guardian egoten dira, eta haurrak, gehienez, bost hilabetez zaintzen dituzte. Denbora hori pasata ikusten bada familia biologiko horrek oraindik arazoak dituela eta ezin duela haurra zaindu, behin betiko harrera familia batera joaten da; betiere, ordea, harremana mantenduz jatorrizko familia biologikoarekin.
Ez dirudi erraza.
Adopzioa baino pixka bat konplexuagoa da. Konplexutasun horrek eta familia biologikoarekin lotura mantentzeak eragiten du jendeak atzera egitea. Haurrak erabat gureak izatea nahi dugu, eta... Hori ere kudeatu egin behar da. Pentsa, astean behin teknikari batek haurra hartu eta familia biologikoarengana eramaten du; eta gero bueltatu egiten du. Gurasoentzat ere ez da erraza. Horregatik daude gaur egun 70 edo 90 haur harrera familia baten zain.
Behin betikoek badute epe mugarik?
Behin betikoak, izatez, ez dute eperik. Biologikoen kasuan bezala, 18 urte bete arte zaindu behar dira legez, eta, hortik aurrera, beste seme-alaba guztiak bezala edozein urtera arte luza daiteke. Dena dela, badago kontzeptu bat 'itzulera' deitzen zaiona: harrera haur bat hartzen baduzu, eta bere familia biologikoaren egoera hobetzen bada, haiengana itzultzea. Ez da ohikoa, baina gerta liteke. Hala ere, itzulera horrek ere koherentea izan behar du, eta tartean euren lana egiten dute psikologoek, epaileek... Haiek ebatzi behar dute egokia den itzultzea edo ez. Baina itzulerarena da familiak atzera botatzen dituen beste kontzeptu bat.
Egunerokoan nola eragiten du harrera haur bat izateak?
Bederatzi urteko alaba biologiko bat daukagu, eta lau urteko harrera alaba bat; txikiena bost hilabeterekin etorri zen guregana. Ez dago ia alderik. Harrera haurra dela nabaritzen dugu astean behin ordu eta erdiz familia biologikoarekin joaten delako bakarrik; eta, bestalde, edozein lege tramite egiterakoan askotan galderak egiten dizkigutelako, hain zuzen, ez dituelako gure abizen berak. Baina agiri bat erakusten diezu eta kito. Gero, muga pasatzeko edo bidaiatzeko baimena eskatu behar izaten dugu, baina ez da arazorik izaten.
Puntualki jasotzen dituzun txirrin moduko batzuk dira, zeinak harrera alaba dela gogorarazten diguten; bestela, ahaztu egiten zaigu. Egunerokoan ez dago alderik: aitatxo eta amatxo esaten du, ahizparekin sekulako harremana du, aiton-amonengana joaten da Alegiara eta Donostiara... Askoz mezu gehiago jasotzen ditut jendearen aldetik. Esaten diezunean harrera haur bat dela, jarrera aldatzen dute: aingerutxoa balitz bezala tratatzen dute, errieta egiten badiozu jendea harritu egiten da... Harrerakoak izateagatik ez dira izaki zerutiarrak [barrez]; ezta gu ere, harrera familia izateagatik.
Haurra jasotzeko baldintza batzuk bete beharko dira.
Bikotearekin haurdun gelditzeko erabakia hartzen duzunean, bederatzi hilabeteko prozesu bat dago. Eta hemen ere berdin gertatzen da, hau da, prozesu bat dago: izena ematen duzu, ikastaro batzuk egiten dituzu, eta proba batzuk egiten dizkizute; besteak beste, psikologikoak, bikote probak, egoera ekonomikoa eta inguru soziala aztertzen dituzte... Eta egokia zaren edo ez ebazten dute. Baiezkoa eman ziguten momentuko argazkia gordeta daukagu, tituluarekin [barrez]. Haurdunaldiaren amaiera moduko bat izan zen.
Oso proba errazak dira. Ez dute bilatzen Nobel saririk, aberatsik edo... Jende normala bilatzen dute, maitasuna emango diena haur horiei, eta kito. Pertsona normalak gara, ez gara ez dakit zein mailatako familia eredugarri... Ez. Arruntak gara, eta lekua genuen etxean eta bizitzan alaba bat gehiago izateko.
Zergatik da garrantzitsua harrera familiak egotea?
Bi haur egongo balira harrera familia baten beharrean, nahikoa litzateke honek guztiak zentzua izateko. 70 edo 90 haur daude egoera horretan. Haur horiek ez dute ezer egin; gure gizartearen ondorio dira. Nire amonak esaten zuen bezala, jaiotzea da egin duten delitu bakarra. Beharrezkoak dira harrera familiak gizarte batek zaindu behar dituelako zaurgarrien direnak: zaharrak, behar bereziak dituztenak, eta haurrak. Oso sentsibilizatuta gaude hainbat gaiekin: kanpora begira oso arduratsuak gara, baina barrura begira ere arazo latzak ditugu Gipuzkoan bertan. Haur hauen egoera existitzea, izatez, arazo bat da; eta hori konpontzen saiatzea ezinbestekoa da.
Nolakoa da harremana familia biologikoarekin?
Guk ez daukagu harreman zuzenik familia biologikoarekin. Gomendatzen dute adin batetik aurrera haurrari elkartze puntu batean erakustea harrera familia eta biologikoa; eta gero eta naturaltasun handiagoz egitea transferentzia. Bi mundu horiek ez banatzea pareta batekin, baizik eta pareta horiek haustea. Gure kasuan ondo doa, ez dugu ezagutzen baina ez dugu sumatzen negatibotasunik haien aldetik; eta guk ere ez dugu halakorik. Uste dut haurrak bere istorioa ezagutu behar duela, eta zenbat eta gardenagoa izan, are hobeto. Gertatzen da batzuetan familien artean ere gatazkak sortzen direla. Biologikoak gaizki har lezake: «Besteak gu baino gehiago al dira?». Edo alderantziz, harrerakoak sentitzea biologikoak 'gutxiago direla' eurak baino. Guk harreman neutroa dugu, eta tartean lan handia egin dute Foru Aldundikoek. Etorkizunean segur aski topatuko dugu elkar, hitz egingo dugu, eta ez daukagu arazorik, gure aldetik behintzat.
Nola hartu zenuen erabakia?
Duela sei edo zazpi urte ez zitzaidan burutik pasatu ere egin harrera familia izatea. Haur biologiko bat genuen, eta bigarrena izatea ere ondo zetorkigun. Nire emazteak aurretik ere bazuen ezinegon bat, sentiberatasun bat gaiarekiko. Hasi ginen aukerak aztertzen, eta adopzioa hartu genuen aukera bezala, inertziaz. Oso luzerako joko zuela konturatu ginen, eta bat-batean ezagutu genuen ez dakit nondik behin betiko harrera familia izatearena. Guretzat ez zen arazoa familia biologiko batekin harremana izatea gure harrera alabak.
Gogoan dut momentua. Ostirala zen, Alegiara joatekoa nintzen gurasoengana, alaba zaharrenaren bila, eta emazteak deitu zidan esanez: «Haur bat dago, bost hilabetekoa, gure zain. Astelehenerako bai edo ez esan behar dugu». Ez da iritsi eta hartu, jakina. Hilabete eta erdiko prozesu bat hasi genuen: urgentziazko familiarekin dituen loturak pixkanaka askatu behar dira, eta gurekin pixkanaka sortu. Eskolarekin gertatzen den antzeko egokitzapen prozesua da; eta poliki-poliki irailaren 4 batean gure etxean geratu zen. Orain urtebetetze festa bat egiten dugu irailaren 4an, familiaren urtebetetzea da [irribarrez].
Nola moldatu dira bi haurrak?
Hor ere egokitzapen prozesu bat egon da, noski. Hori beti gertatzen da, baita biologikoetan ere. Hala ere, oso ondo azaldu behar zaio alabari, eta baita inguruari ere: irakasleei, alabaren lagunei, haien gurasoei... Naturaltasunez landu dugu. Hasieran ulertzea kosta zitzaion, eta normala da, lau urte baitzituen. Orain bi ahizpa dira, garai onekin eta txarrekin [barrez]. Asko maite dute elkar, eta harreman normala dute; ez dago alderik.
Zerk harritu zaitu gehien?
Harrigarria izan zen alaba txikia ezagutu genuen unea. Zaharrena erditzea amaitzean ezagutu genuen, ospitalean; bigarrena, berriz, ez genuen espero ezagutzea. Egokia zarela esaten dizuten momentuan bilera bat egiten duzu urgentziazko familiekin, eta haiek esaten dizute zure etorkizuneko alaba nolakoa den, nondik datorren... Bilera horretara joan ginen eta azaldu zen emakume bat orgatxo batekin, eta esanez ez zekiela non utzi. Hura izan zen lehen unea. Gerora urgentziazko harrera familiaren etxera joan ginen, eta gogoan dut urgentziazko amak esan zuela: «Begira, hemen daude aitatxo eta amatxo». Sekulako kolpea da zuretzat, prozesu guztia pasata ere harritu egiten zaitu momentuak. Oso gogoan dut hori.
Dena ez zen erraza izango.
Erronka da haurra zurea bezala onartzeko prozesua. Haurra biologikoa denean-eta, hasieratik dago lotura. Badira harrera familiak esaten dutenak bat-batean maitemindu zirela haurraz, ikusi bezain pronto. Ez zen nire kasua izan. Lehen hilabetean begiratzen nuen eta nire harrera alaba zela ulertzen nuen, baina beste bat nuen ondoan, zaharrena. Hor balantza bat dago, eta orekatu egin behar duzu pixkanaka. Zure egiten duzu; baina ez da egun batetik bestera gertatzen. Nire kasuan behintzat.
Nire sentitzea eta onartzea erronka izan zen, bi alabak maila berdinean jartzea. Krudela da, baina niretzat ez da logikoa ikusi bezain pronto nire sentitzea. Askok esango dute erditzean umea ematen dizuten momentua bezalakoa dela, baina niretzat, behintzat, ez. Errudun ere sentitu nintzen momentuan, baina buelta ematen diozu pixkanaka.
Eta zer da atseginena?
Sekulakoa da ikustea inguruan zein eragin sortzen duen: nola onartzen duten eta nola normalizatzen den. Horrez gain, umea garatzen ikustea ere sekulakoa da. Haur txiki batekin beti ibiltzen zara adi ea nola ibiltzen den, ondo ikusten eta entzuten duen... Harrera umearekin beldur horiek ere azaltzen dira; are gehiago, ez baitakizu bere historia zein den, karga genetikoa zein den... Lehen hilabeteak oso adi pasatu nituen. Eta sekulako poza ematen dit ikusteak garapen egokia duela, oso osasuntsu dagoela, eta ume arrunt bat dela.
Zortedun sentitzen zarete?
Agian bai. Beste egoera batzuk ere gerta litezke; inguruak ez onartzea edo estigma bat bihurtzea, adibidez. Eskolan bat gehiago da, etxean ere berdin... Zentzu horretan ez dugu inolako arazorik izan. Egia da lanketa bat egin dugula, eta gure ingurukoak konturatu direla. Nire alaba txikia ez balitz egongo ingurune horretan, jende askok aurreiritziak izango lituzke harrera familien inguruan.
Zer esango zenieke harrera familia izateko zalantzan daudenei?
Informatu eta joan daitezela ikastaroetara. Zalantza baldin badute, bada zerbaiten seinale. Informazioa jasotzeak ez du esan nahi berehala sinatu behar duzunik haur bat hartzeko. Entzun ditzatela esperientziak, jar daitezela harremanetan ni bezalako jendearekin beldurrik gabe, argi ditzatela zalantzak. Gero ezezkoa baldin bada, ba kito; eta baiezkoa bada, zoragarri. Familia osatzeko beste modu bat da: biologikoa bezain erraza eta biologikoa bezain zaila [barrez].