Alegiako Kalebeherako jaiak ostiral arratsaldean hasi eta igande iluntzera arte ospatuko dituzte alegiarrek. Festa Ramon Batixte iristearekin hasiko dute, eta ez dira faltako herriko erraldoiak eta dultzaineroak; ospakizuna amaitzeko, berriz, txapela jaurtitzeko lehiaketa egingo dute igandean.
Aipatu bezala, ostiralean, 17:00etan Ramon Batixte iritsi eta herriko elizatik abiatuko dute kalejira erraldoiek eta dultzaineroek. 18:00etan hasiko dira eskulanak haurrentzat zein gaztetxoentzat, eta iluntzea osatzeko, 19:30ean hasiko da tortilla lehiaketa. Parte hartzaileek ordu bat izango dute jakiak prestatzeko, eta trikitilariak hastearekin batera, 20:30ean jasoko dituzte tortillak. Lidia eta Itzeder bikoteak kaleak girotuko ditu, eta 01:00etan DJ Nazak emango die erreleboa.
Krosa eta zinta karrera
Larunbatean, hilaren 12an Roman Ganzarainen omenezko krosak zabalduko du egitaraua, zehazki, 12:00etan, eta bermuta zein piparrak izango dituzte segidan. Arratsaldera begira, haurrentzako jolasak eta zinta karrera izango dira hitzordu nagusiak, eta txokolatea jan ondoren hasiko da toka lehiaketa.
Iluntzera begira, berriz, 21:00etan hasiko da zahagi ardoa eta 23:00etan, berriz, bertso saio musikatua.
Azken eguna
Igandea izango da Kalebeherako jaien azken eguna, eta hitzordu sorta prestatu dute ordurako ere: 12:30ean parrilla piztu eta txorizoa zein hirugiarra prestatuko dituzte, sagardoarekin batera dastatzeko. Herri bazkaria 15:00etan hasiko da, eta paella izango dute jateko. Eguna —eta festak— borobiltzeko, berriz, 17:30ean hasiko da bingoa, eta festa amaitzeko txapela jaurtitzeko lehiaketa izango dute.