Ostiralean bertso zaharrak ikusi, entzun eta abestuko dituzte

Alegiako Txintxarri plazan, 22:00etan izango da 'Bertso zaharrak kantatuz' emanaldia. Garai bateko bertsolarien bideoak proiektatuko dituzte.

Ostiralean, hilaren 4an, Bertso zaharrak kantatuz emanaldia egingo dute Alegiako Txintxarri plazan, 22:00etan. Garai bateko bertsolarien bideoak bildu ditu Antton Iztuetak, eta bertaratzen direnek bertso sorta ugari entzuteko eta kantatzeko aukera izango dute. 

Bideoetatik ariko dira kantuan Agirre anaiak, Xabier Lete, Erramun Martikorena... Eta egile askoren bertsoak abestuko dituzte, horien artean, Bilintxenak, Pedro Mari Otañorenak, Xabier Amurizarenak eta Txirritarenak. Emanaldia, gainera, Kalebeherako festetako atari izango da, han beste bertso saio musikatu bat baitaukate aurreikusita.

Ekitaldi irekia

Ekimena elkarlanean antolatu dute Alegiako bertsozale taldeak, Intxurre kultur batzordeak eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak, eta «ekitaldi parte-hartzailea eta herrikoia» osatzea da helburua. Emanaldiaren ardatza musika eta irudien proiekzioa izango badira ere, bertaratzen diren bertsozaleek eta kantuzaleek aukera izango dute unean bertan bertso zaharrak abesteko.

Antolatzaileek nabarmendu dute «lan ikaragarria» egin duela Antton Iztueta altzotarrak —Anbune kanalaren arduradunak— bertsoak biltzen eta prestatzen: «Handik eta hemendik jasotako bertso kantatuak irudiz bete eta letrak jarri dizkie jendearen gozagarri». Bestalde, emanaldiak Alegian izango du estreinaldia, eta beste nonbait errepikatzeko eskuratu nahi dutenek Iztuetarekin harremanetan jarri beharko dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!