Alegiako Udalak herritarrei eskerrak eman dizkie festetan izandako jarreragatik eta galdetegi bat prestatu du iritzia jasotzeko. Udalak nabarmendu du jardueretako parte hartzea «oso handia» izan dela eta hori «ezinbesteko osagaia» dela jai giroa sortzeko: «Festa batzordeak egitarau hain zabala antolatzen egiten duen lana eskertzeko bidea da parte hartzea eta, zentzu horretan, herritarren jarrera eredugarria izan da. Adin guztietako pertsonak ikusi dira hitzorduez gozatzen eta horrek zentzua ematen die festa aurreko zalantza eta buruhauste guztiei».
Era berean, goraipatu egin dute festen aurretik hainbat hilabetez eta jaiegunetan lanean aritu diren kideen borondatea: «Boluntarioki egiten den lan hori da festaren txinparta piztuta mantentzen duena. Horiekin batera, udal langileek egindako lana ere azpimarratu nahi da, eguna hasterako kaleak garbi izanez eta ekintza guztietarako azpiegitura prestatuz. Horiekin guztiekin batera, ekintza puntualetan lagundu dutenei ere esker ona adierazi nahi zaie».
Bestalde, «beti hobetzeko aukera» dagoela ere aipatu du Alegiako Udalak, eta herritarren iritzia ezagutzeko galdetegi bat prestatu dute jarduerak baloratzeko eta ekarpenak egiteko: «Beti dago ordea hobera egiteko aukera. Festa batzordeak bere balorazioa egingo du eta identifikatuko ditu hobetzeko dauden hainbat puntu. Aldi berean, Udalak herritarren iritzia ere ezagutu nahiko luke. Denen erantzunak eta iritziak ongi etorriak izango dira, datorren urtean festa hobeagoak egin ahal izateko». Anonimoa da galdetegia, eta eskuragarri dago udalaren web orrialdean.