Atzo hasi ziren Alegiako jaiak eta gaur, hilaren 16a, Karmen eguna dute. Goizean goizetik izan dituzte jarduerak, horien artean, Albo Kalteak taldeak alaitutako diana eta herriko Sutarri dantza taldearen emanaldia plazan. Orain, batetik, mus txapelketa jokatzen ari dira, eta, bestetik, haurrentzako ur parkea jarri dute herriko ikastetxeko jolaslekuan.
Iluntzera begira, berriz, 19:00etan hasiko da bertsolarien saioa, eta oholtza gainean Olatz Irazustabarrenak jarritako gaiei abestuko diete Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Amets Arzallus eta Nerea Elustondo bertsolariek. Segidan, 21:00etan hasiko da zahagi ardoa plazan, eta eguna bukatzeko, 22:30ean hasiko du emanaldia Korrontzi musika taldeak.