Alegian gaur arratsaldean piztuko dute jaien hasierako suziria, eta igandera arte ospatuko dituzte herriko festak. Txintxarria jaitsi eta jardueraz betetako bost egun izango dituzte alegiarrek festaz gozatzeko.
Txupinazoa 19:00etan botako dute, eta aurten Intxausti familiari aitortu dio ohorea Alegiako Udalak. Festak hasi aurretik, joan den igandean omendu zituzten Ricardo eta German Intxausti, besteak beste, txistularitzan egin zuten jardunagatik eta ibilbideagatik. Suziria lehertzen den unean jaitsiko dute txintxarria eta eguna bukatu artean dantzaldia eta zahagi ardoa izango dituzte.
Udalaren egitarauaz gain, Bibalabirjenak ere ospatuko dituzte datozen egunetan, eta ordu berean piztuko dute gaur suziri alternatiboa. Segidan hasiko dute sagardo dastatzea, eta festetako lehen egunean zahagi ardoa, Ahantzi erromeria eta kulero zein galtzontzilo lasterketa izango dituzte, besteak beste.
Karmen eguna
Karmen jaiak izaki, bihar, Karmen egunean, egitarau oparoa prestatu du Alegiako Udalak herriko eragileekin elkarlanean.
Dianarekin hasiko dute goiza, eta 12:15ean emanaldia egingo du Sutarri dantza taldeak herriko plazan. Arratsalde osoan zehar haurrentzako ur parkea jarriko dute ikastetxeko jolaslekuan, eta 19:00etan hasiko dute bertso saioa herriko plazan: Olatz Irazustabarrenak proposatutako gaiei abestuko diete Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Amets Arzallus eta Nerea Elustondo bertsolariek. Eguna amaitzeko zahagi ardoa izango dute, atzera, plazan, eta azken ekitaldia Korrontzi taldearen kontzertua izango da, leku berean.
Festa alternatiboen egitarauak ere ez du hutsik egingo, eta haurrentzako jolasak, trikitilariak, zahagi ardoa eta DJ Txino izango dituzte bihar.
Asteburu betea
Asteburura begira, ostiralean erretiratuak eta haurrak izango dira udal egitarauko protagonistak, eta prestatu dituzten hitzorduen artean daude jubilatuentzako hamaiketakoa, dantzaldia, haurrentzako bazkaria, apar festa, toka txapelketa, bingoa, Deabru Beltzak taldearen emanaldia, eta Akerbeltz taldearen kontzertua.
Bibalabirjen jaien barruan, berriz, mozorro eguna izango da ostirala, eta herri bazkaria, Matraka elektrotxaranga, zahargi ardoa eta tekno gaua izango dituzte.
Larunbata ere ez dute salbuespen izango, eta egun osoko egitaraua prestatu du Alegiako Udalak: goizean, Giroarte dultzaina taldearen diana, erraldoien kalejira, eta iaz jaiotako haurrei omenaldia. Arratsaldean, berriz, haurrentzako Two Much Circus konpainiaren emanaldia, pilota jaialdia; eta, eguna bukatzeko, zahagi ardoa, Rockalean taldearen kalejira eta DJ Risas, herriko plazan.
Eta aipatutako jarduera horiez aparte, besterik nahi duenak jai alternatiboen egitaraua izango du aukeran: zahagi ardoarekin hasiko dute larunbata, 21:00etan; eguna bukatzeko, berriz, Manitu musika taldearen kontzertua izango dute, eta Naza zein Tintz DJak ariko dira gaua girotzen.
Azken txilina
Igandea, hilaren 19a izango da Karmen jaietako azken eguna, eta txintxarria erre artean askotariko jarduerak izango dituzte: kalejira berezia herriko txistulari ohiekin, Rondalla Alaitasunaren emanaldia, sokamuturra, haurrentzako trial zirkuitua eta erakustaldia Irene Caminosekin, bingoa eta zahagi ardoa.
Mas Vale Madre musika taldearen kontzertua 22:00etan hasiko da herriko plazan, eta segidan txintxarria erre eta festak agurtuko dituzte. Egitarau alternatiboaren barruan, berriz, zahagi ardoa egingo dute 21:00etan, eta 22:30ean izango dute azken hitzordua: herriko bertsolarien arteko taldekako desafioa.