Alegiako Udalak iragarri du Oria ibaiaren alboko pasealekua berritzeko lanen lehen fasea gauzatuko duela aurten: «Zubi Zaharretik hasi eta kalegorako bidegorriaren loturara bitarteko lanak egingo dira aurten». Aipatutako lehen aldi horrek 285.000 euroko aurrekontua izango du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euroko diru laguntza emango du. Hain zuzen, proiektuan udalarekin batera hartuko dute parte Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak eta Gipuzkoako Urak agentziak.
Udaletik azaldu dutenez, «eremu garrantzitsua» da haientzat ibai ondoko pasealekua eta egitasmoa gauzatzen dutenean gaur egungo «egoera txarra atzean utzi» eta herritarrek «merezi duten neurriko» gunea izango dute: «Herriaren bi ertzetara iristen den bidegorriarekin lotura lanak egingo ditu pasealeku eraberrituak eta oinezkoek eta bizikletek elkarbanatuko dute. Zentzu horretan, segurtasuna eta irisgarritasuna bermatuko dira».