Gero eta gutxiago falta da UTT Erronkarako

Imanol Garcia Landa 2026ko ekainaren 18a

Alberto Rey, Irati Azkue, Imanol Zubillaga eta Regina Sorarrain, UTT Erronkaren aurkezpenean Alegian.

Uztailaren 4an izango da Tolosaldeko hainbat herri zeharkatuko dituen mendi lasterketa. Aurten Alegian hasi eta bukatuko da.

Uztailaren 4an egingo da UTT Erronkaren bigarren edizioa. Tolosaldeko hainbat herri txikitatik igaroko da mendi lasterketa, eta aurten Alegian hasi eta bukatuko da. Regina Sorarrain Alegiako alkateak azaldu du herriaren prestasuna: «Herri bezala ekitaldi hau haurrera eramateko laguntza osoa emango dugu; besteak beste, boluntario talde bat ere bada bertan. Lasterketa handi bat herri txikiei begira jartzen da, eta gure aldetik pozik eta laguntzeko prest gaude».

Herriko boluntarioak 25 eta 30 inguru direla esan du Sorarrainek: «Talde handia da, eta haiek gabe ezinezkoa izango litzateke aurrera eramatea udalarentzat, eta gure esker ona doa beraientzat. Lan handia egiten ari dira, ez delako egunean bertan egin behar dena, baita aurretik ere egin behar dena». Iazko proban anoagunea izan zen Alegia. «Iaz boluntario talde handi bat egon zen, eta oso ondo funtzionatu zuen. Talde motor bat zegoen eta hortik tiraka osatu da aurtengoa. Ondo moldatu da aurtengo egitekoetara, aurtengoan hasiera eta bukaera izango delako». Egunean bertan festa giroa sortu nahi dute herrian, eta Kultura batzordea ari da horren inguruan lanean.

UTT Erronkaren asmoa da urtero herri ezberdin bat izatea irteera eta helmuga hartuko dituena. Lehenengo edizioan Irura izan zen, eta aurtengoan Alegiak hartu dio erreleboa. Antolakuntza taldeko Imanol Zubillagak azaldu du Alegia «asko errazten» ari zaiela lana, eta boluntario talde handia ari direla osatzen. Bestalde, aurtengo lasterketak zenbait aldaketa izango ditu iazkoarekin alderatuta. Nabarmenena ibilbidearen aldaketa da. Iazkoak 76 kilometro bazituen, aurten lasterkariek 82 kilometro izango dituzte aurretik. «Aldaketa handiena da Uzturreko gailurreria ez dela egingo, eta Ibarrako Izaskun auzora jaitsiko direla parte hartzaileak», esan du Zubillagak. Hor egingo da errelebo modalitateko aldaketa, eta bertan ere anoagune oparoa egongo da. Iaz ez bezala, Hernialde herrigunetik ere pasatuko da aurten ibilbidea. «Ibarra eta Hernialde herriak sartu dira aurtengoan antolakuntzan, eta asko eskertzen diegu beraien laguntza».

Beste aldaketetako bat irteera ordua izango da, iaz lasterkariak 06:00etan abiatu zirelako, eta aurtengo irteera 07:00etan izango da. «Ordu horretarako aegi nahiko izango da, eta parte hartzaileek frontalen beharrik ez izatea da helburua. Hori bai, errelebokako bigarren korrikalariak frontala eramatea derrigorrezkoa izango da», esan du Zubillagak.

Izen-emateen aldetik oso gustura daude antolatzaileak. «Bikoteak elkartuta 200 parte hartzaile daude izena emanda. Hori zen gure helburua, iaz ehun eta gutxi parte hartzaile zeudelako». Ekainaren 26a arte da berez epea izena emateko, baina agian lehenago itxiko dute. Iaz irailean egin zen proba, eta aurtengo datak erraztu egin du parte hartzearen handitzea. «Horrez gain, Ehunmiliak mendi lasterketa ez egiteak ere eragin du izen-ematean. Aurrera begira gustatuko litzaiguke data hau mantentzea», azaldu du Zubillagak.

Hainbat izen aipatu dituzte izena emanda daudenen artean. Iaz erreleboko proba irabazi zuten Iñaki Olano eta Amets Uzkudun egongo dira, eta baita errelebo mistoa irabazi zuten Noelia Lataburu eta Xabier Irazusta irurarrak. Iker Karrera amezketarrak erreleboen proban eman du izena, eta Ibon Artola anoetarrarekin batera osatuko du bikotea. Norbanakoan Ion Azpiroz berastegiarrak parte hartzeko asmoa du, eta Hodei Lujanbio goizuetarra izango da irteeran. Emakumezkoetan Sandra Sevillano gasteiztarrak parte hartuko du, besteak beste, 2021ean Europako Skyrunning Txapelketa irabazitakoak. Bestalde, aurten Euskal Herriko Ultra Txapelketa izango da jokoan proban. Norbanakoen kategorian bakarrik izango da, emakumezkoetan eta gizonezkoetan.

Guztira oraingoz 80 boluntario inguru daude, eta Zubillagak nabarmendu duenez, «batzuk bikoiztu egin beharko dute beraien lana». Berria da probaren babesleetako bat, eta bertako ordezkari Irati Azkuek boluntarioen lana eta beharra eta herri txikiek duten presentzian egin du azpimarra: «Filosofia hori garrantzitsua da, hau da, entitate txikiagoa eta ikusezinagoak izan diren herri, mendi, gain eta biztanle horiei nortasun bat ematea. Atxikimendua eman dute beste bi herrik, eta hori ere garrantzitsua da. Bestalde, boluntario talde gihartsua behar da, eta herritarrei gogorarazten diegu ateak zabalik daudela nahi dutenek parte hartzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!