Dantza emanaldi eta liburu aurkezpen bana datozen egunetan

Ataria 2026ko ekainaren 10a

Bihar aurkeztuko dute Hondoaz galde. Biderako sintesiak liburua Alegiako Gaztetxean. Sutarri dantza taldeak ostiralean egingo du ikasturte amaierako emanaldia.

Hondoaz galde. Biderako sintesiak liburuaren aurkezpena eta Sutarri dantza taldearen ikasturte amaierako emanaldia izango dituzte, hurrenez hurren, bihar eta etzi Alegian. 

Aipatu liburua elkarlanean ondu dute Mikel Artola alegiarrak eta Jon Sarasua irakasleak, eta bihar aurkeztuko dute Gaztetxean, 18:00etan. Bien arteko elkarrizketen eta hausnarketen emaitza da liburua, eta irakurlea gogoeta egitera gonbidatzen dute, besteak beste, bizitzaz, espiritualtasunaz eta gaur egungo erronkez. Jarduera elkarlanean antolatu dute Gaztetxeak eta Intxurre elkarteak, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte.

Egindako lana ikusgai

Ostiralean, berriz, ikasturtean egindako lana erakutsiko du Sutarri dantza taldeak. Elorri frontoian izango da emanaldia, 22:00etan, eta adin zein maila askotako kideek euskal dantzak egingo dituzte. Bertan erakutsiko dute kultur ondarea mantentzeko egin duten lana.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!