Ez da eroso egon Iñaki Artola (Alegia, 1994) buruz buruko finalean. Darioren aurka 6-22 galdu du. Partida amaitu berritan, kazetariekin hitz egin du alegiarrak.
Zer sentsazio dituzu?
Txarrak, gaizki sentitzen naiz. Dena oso azkar joan dela sentitzen dut. Uste dut partida hasieran ez dudala lortu txapelketan honetan erakutsi dudana, hau da, egoera zailei buelta ematea. Beti sinesten duzu zugan, ia azkenera arte esango nuke, baina partidaren hasierak hanka okerrean harrapatu nau. Banekien frontoiak irteera handia zuela, berak asko jotzen zuela, baina ez dakit zergatik ez nuen hainbestekoa espero. Ez gara hain tontoak, eta badakit Dariok asko ematen diola, horma bikoa oso erraz botatzen duela, baina espero nuen partida pixka bat aurrerago jokatuko zela, eta nik gantxoarekin eta sotamanoarekin mina egingo niola. Ikusi dut beti nire aurrean kolokatuta, eta pilota beti atzeraka, bi gauzengatik: alde batetik bere joarengatik, sekulako sasoia eta joa erakutsi du, eta bestetik frontoiak zuen irteerarengatik. Ikusten nuen ez niola minik egiten, eta bera askoz gehiago izan da. Nire hirugarren finala da, eta berez aurreko bietan baino lasaiago egon beharko nuke, baina kontrakoa izan da, eta batez ere partidaren hasierarengatik. Bera hain indartsu hasita, eta ni seitik defendatzen, nire lekutik atera nau.
Alegiatik lau autobus etorri dira, Iruñean giroa jarriz, baina frontoian sufritzea tokatu zaie. Gero herri afaria duzue pixka bat goxatzeko aukera.
Alde horretatik ez dakit zer esan, zegoen giroarekin. Nahi nuen txapel bat ospatu herrian. Egia esango dizut, herritar batzuk galdetu egin zidaten ea zer festa espero nuen eta nahi nuen, eta final baten aurretik ez da erraza izaten, ez dakizulako irabazi egingo duzun. Irabazita nahiago duzu noski, baina finala da, eta herri afari bat, eta hainbeste jende elkartzea bestela ere gauza handia da. Lagundu dezala goxatzen. Aurreko aldietan ere, nik beraiei baino beraiek niri erakutsi didate denok nahi dugula irabazi, ilusio hori sentitzen nuen, baina ez dela ere ezer gertatzen, eta finalaren ondorengo afariak lagundu zidan pena hori pasatzen. Badakit ulertzen dutela, kirola horrela dela, eta orain une zaila da, baina finalera iristea ere bada zerbait, eta saiatuko gara ospatzen.
Tanto batzuetan nagusi izan zara, baina ezin izan duzu amaitu. Zer gertatu da?
Nagusi momentu gutxitan izan naiz. Zaila izaten da beti seitik eta sei eta erditik jokatzen ari zarenean, eta gero aurrean hartzen duzunean; ordura arte ez duzu pilotakadarik eman lautik edo hirutik, eta pilotakada hori etortzen da nekatuta zaudenean, eta ez duzu asmatzen hori nola aprobetxatu. Berak gehiago asmatu du. Ez naiz geratzen bi edo hiru tanto horietan asmatu ez izanaren penarekin, baizik eta analisia da bera orokorrean gehiago izan dela. Koadro bat atzerago jartzen hasi ginen, berak errazago mugitzen zuen, hanka hobeak zituen, libreago zegoen, eta tantoa bere alde segituan jartzen zuen.
Zer falta izan zaizu partidan sartzeko? Menpean egon zara, deseroso...
Ez da orain beroan erraza esatea. Hobeto pentsatu beharko dut, baina ez dut batere aske ikusi neure burua defendatzerakoan. Buruz burukoan airez lan asko egin behar da seitik eta sei eta erditik, eta zerbait eman egin behar diozu, berak ez izateko pilota errazak. Gutxienez laugarren koadrora atera arazi, eta eman diotenarekin eta frontisak zuen irteerarekin ez nuen asmatzen. Gero partidaren erdi aldera pilota bat sartu zait eskuan, eta mina ematen zidan jotzerakoan. Baina bere meritua ere bada, eskuak gehiago sufritzen duelako seigarren koadrotik jokatzen ari bazara, eta behartzen eta behartzen ari bazara. Hortik aurrera oraindik eta zailagoa ikusi dut.
Dariori dena atera zaio...
Bai, eta berak gehiago ematen dio. Eta pilotalekuaren ezaugarriek, aitzakia izan gabe, beste egun batean beste pilotari baten aurka niri egingo baitit mesede, sortzen zidaten beldur hori. Baina atera arte ez dakizu. Ematen du berarentzako egindako frontoia dela, eta guztiz aprobetxatu du.
Partidaren hasiera izan ohi da gakoa. Zer gertatu zaizu?
Berari sakea tokatu zaio, hobeto sartu da partidan, eta horrek ez du laguntzen. Uste dut txapelketa honetan ondo egin dudan zerbait izan dela une zailei buelta ematea, baina egia da final batean atzetik hasteak ez duela laguntzen. Hasieran pixka bat lotuta sentitu naiz, erraz betetzen nintzen, eta horregatik gero pilota ona izaten nuenean hankak pisutsuak nituen, eta bakarrik eraman egiten nuen, ez nintzen agintzera pasatzen. Ziurrenik egingo dugu analisi hobeago bat, baina baditut gauzak hobetzeko. Hasieran lotuta sentitu naiz, eta gaur egun, profesionaletan hamar urte baino gehiago arituta, hori ezin da gertatu.
Hasieran atsedenaldiak eskatu dituzu, aire pixka bat hartu eta sinisten jarraitzeko.
Bai, hori hitz eginda genuen. Behin partida joaten bazaizu, gero ez du zentzurik atsedenaldiak eskatzea. Atsedenaldiak lehenago eskatu behar dira, eta agian beranduegi ere eskatu ditut. Askotan ez duzu nahi gastatu partidaren bukaera arte, baina momentuak daude partidan. Hasieran pare bat tantotan, eta ez dakit urduritasunarengatik edo mugitu naizelako izan den, baina bete egin naiz, eta ezin nion buelta eman. Gero, ordea, bukaera aldera pixka bat hobeto sentitu naiz. Asko betetzen zaren momentu horietan, hiru edo lau tanto segituan jasotzen dituzu. Hori da gertatu zaidana. Mila buelta eman ditzakegu, baina uste dut kontu garbiena dela orokorrean Dariok abiadura gehiago ematen diola, azkarrago mugitu dela, eta gaur gehiago izan da.
Orain, behintzat, ondo merezitako oporrak izango dituzu.
Ondo etorriko dira, lehenbizi eskua osatzeko. Urte guztietan azken txapelketa garrantzitsu bezala hartzen dut buruz burukoa. Torneoak ere garrantzitsuak dira, eta Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketak ilusioa egiten dit. Final hau galduta gogo gehiagorekin hartuko dut, arantza hau ateratzeko gogo gehiagorekin. Lehenengo atseden hartzen saiatuko gara, eta gero txapelketa hori prestatuko dugu.