Artola_buruz buruko pilota finala 2026

Txapelik ez, baina aski babes

Ataria 2026ko ekainaren 1a

Buruz buruko finala ikustera joan ziren alegiarrek lau autobus bete zituzten, eta Iruñean nahiz herrian, tentsio uneak bizi zituzten; gauean, 325 lagun elkartu ziren frontoiko afarian.

Atzo, Alegian sartu orduko nabari zen egun berezia zela. Artolaren aldeko animo mezuz beteta zeuden etxeetako balkoietan jarritako kartelak. Herriko kaleetan gorri kolorea nagusi, eta ehundik gora pilotazale autobusaren zain. Goizean, hiru autobus joan ziren Iruñera; arratsaldean joan zen laugarrena eta azkena. Ilusioz eta gogoz zeuden zaleak, etxera txapelarekin itzultzeko itxaropenarekin.

Bazirudien herria hutsik geratuko zela, baina ez zen halakorik gertatu. Bertan geratu ziren alegiarrek leporaino bete zuten plaza, finala bertan jarri zuten pantailan zuzenean ikusteko; zenbaitek, aurrena bazkaria egin zuten Intxurre elkartean. Oihu eta txalo artean animatu zuten herriko pilotaria; zirrara eta tentsioa nabari zen zenbait unetan. Artolak, ordea, ezin izan zien garaipena oparitu. Iluntzean, hala ere, merezitako harrera egin zioten txapeldunordeari.

Bertsoak eta afaria

Lehenik, ekitaldi xumea egin zuten plazan, eta nola ez, tartean bertsoak entzun ziren. Batetik, Artolak berak kirol lehiari buruz idatzitako Galdu ta irabazi bertso sortako bi bertso kantatu zituzten herritarrek. Bestetik, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan parte hartu duten hiru herritar gazte oholtzara igo ziren. Azkenik, Artolak berak eta Iker Iriarte botileroak ere bota zuten bertso bana. Ondoren, 325 lagun bildu ziren pilotalekuan, elkarrekin afaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!