Artola_buruz buruko pilota finala 2026

Artolak ezin izan du bere jokoa erakutsi eta txapelak ihes egin dio

Imanol Garcia Landa 2026ko maiatzaren 31

Artola, Dario eta Laso, 2026ko Buruz Buruko Pilota Txapelketaren podiumean.

Iñaki Artolak 6-22 galdu du Buruz Buruko Pilota Txapelketaren finala Darioren aurka Nafarroa Arenan. Errioxarrak oso ondo jokatu du, lasai, eta alegiarrak aukera izan duenean ez du asmatu.

Ez da posible izan. Iñaki Artolak bigarren aukera zuen aurtengoan buruz buruko txapela janzteko, baina ez du bere jokoa erakutsi, eta horrela oso zaila da txapeldun bilakatzea. Dariok oso txukun jokatu du, nahiko aske hasieratik, pilotakadak gozatzen, eta tantoz tanto atzean uzten joan da alegiarra.

 

Artola, berriz, lotuta atera da. Ez du batere gozatu eskuinarekin, eta ezkerrarekin defentsan ondo hasi da, baina ez du apurtu aurreko partidetan bezala. Lasoren aurkako finalerdian Artolak erakustaldia eman zuen partidaren hasieran, eta gaurkoan ezin izan du joko hori aurkitu. Lehenengo bi tantoetan huts egin du alegiarrak, eta hurrengo hiruretan horma bikoarekin tantoak egin ditu errioxarrak. Asko erabili du jokaldi hori Dariok, oso gustukoa baitu, eta Nafarroa Arenako pilotalekuan sekulako zukua atera dio.

 

Artola 0-5 galtzen zihoan, eta zaleek espero zuten oraindik bere jokoa aurkitzeko modua izango zuela. Baina Darioren hutsek eman dizkiote tantoak alegiarrari. 1-5 jarri da partida, eta Artolak sakearekin mina egingo zuela espero zen, baina Dario oso txukun aritu da errestoan, eta hurrengo bi tantoak berak egin ditu. Artolaren bigarren tantoa Darioren beste huts batengatik etorri da. Hurrengo hiru tantotan berriz agindu du errioxarrak, eta eskuinarekin oso ondo jarri du ezker paretan, eta Artolak ezin izan dio eutsi. 2-10 jarri da aurretik, eta finala oso aldapa gora jarri zaio. 3-10ekoa berriro ere Darioren huts batengatik iritsi da. Buruz burukoan norberak tantoak egitea beharrezkoa da partida irabazteko, ezin baita bestearen hutsetatik bakarrik elikatu txapela janzteko.

 

Segidan sake on bat atera du Artolak, eta Dariok ezin izan du erresto ona egin: 4-10. Horrek esperantza pixka bat eman die alegiarraren zaleei, baina ez du asko iraun. Artolak ez du asmatu tantoa amaitzen hurrengoan, eta Darioren hamabigarrena sakea zabalera aterata egin du errioxarrak. Artola ondo iritsi da, baina ez du asmatu errestoan. 4-12, lehen atsedenaldi luzea, eta Arolarentzat gero eta itxura okerragoa zuen finalak.

 

Atsedenaldiaren bueltan erresto ona egin du Artolak, eta Darioren beste huts egite batek jarri du 5-12koa. Hurrengo tantoan ez du asmatu Artolak, huts handia eginda txokoan utzi nahi zuenean. Amaitzeko izan dituen bi tantoetan ez du asmatu, eta horrek presioa areagotu dio Artolari. Hurrengo bi tantoak oso gogorrak izan dira, eta biak Dariorentzat. Horma bikoa egin du lehenengoan, eta Artolak zabalera bota du bigarrengoan. Hurrengo errestoan Artolak gora bota du: 5-16. Partidari buelta emateko aukera agortzen zihoan, baina Artolak ere ez zuen erakusten ahalmenik, oraindik ez zuelako gozatzen eskuinarekin.

 

Hurrengo tantoan egin du hori Artolak partidan lehenengo aldiz, eta 6-16koa jarri du. Baina hortik aurrera ezin izan da nagusitu. Aldiz, Dariok eskuinarekin sekulako pilotakadak eman ditu, eta gainera ondo sartzen zituen ezker paretan. Tantoz tanto 22.era iritsi da, eta Artola saiatu bada ere aurre egiten, ezin izan du. Tantoren bat izan da alegiarra nagusi izan dena, baina Dariok sekulako hankak erakutsi eta ondo eutsi ondoren, agintzen jarri eta tanto egin du. Orain 73 urte buruz burukoan errioxar batek ez zuela txapela janzten, eta aurtengoan Dariok lortu du.

 

Artolak bigarren finala galdu du jarraian, eta pena izan da ez duela berea erakutsi. Dario oso on baten aurrean lotuta egon da alegiarra, ez du gozatu eskuinarekin, eta ez du asmatu tantoak amaitzen. Baina berriro ere iritsiko zaio txapela janzteko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!