Ordu gutxi barru buruz buruko finala jokatuko dute Iñaki Artolak eta Dario Gomezek, eta Iruñea bidean dira azken zaleak. Alegiatik, guztira, lau autobus irten dira; horietako hiru goizean, eta azkena eguerdian irten da. Ilusioz eta gogoz ziren alegiarraren aldeko zaleak autobusera igotzen ari zirela, izan ere, Artolak, bigarren aldiz jarraian jokatuko du finala; iaz, Jokin Altunaren aurka galdu zuen, baina herritarrak itxaropenarekin jarraitzen dute oraingoan etxera txapelarekin itzultzeko.
Herritar asko herrian ere geratu dira, eta horietako batzuk eguerdian hasi dute festa Intxurre Elkartean egin duten bazkariarekin. Herrian geratu diren herritarrak partida zuzenean ikusteko aukera izango dute Alegiako plazan jarriko den pantaila erraldoiaren bidez. 17:00etatik aurrera, Nafarroa Arenan gertatzen den guztia zuzenean jarraitu ahal izango da karpan, eta herritarrei bertaratzeko eta Iñaki Artola animatzeko gonbita egin zaie.