II. Txupitxu Enduro Martxa, ekainaren 6an

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 28a

Iaz egin zuten Txupitxu Enduro Martxaren lehen edizioa. Argazkia: Ibon Azpilikueta.

Mendiko bizikletan aritzen diren txirrindularientzako martxa ez-lehiakorra antolatu du Alegiako Txupitxu Kirol Klubak, herriko MTB zirkuituan.

Alegiako Txupitxu Kirol Klubak antolatuta, iaz egin zuten Txupitxu Enduro Martxaren lehen edizioa, azaroan, udazken bete-betean. Aurten, udaberri amaierarako antolatu dute bigarren edizioa; ekainaren 6an izango da, hiru arrazoi nagusirengatik: eguraldia –iaz euria egin zuen–, ehiza denboraldiarekin bat ez egitea, eta basoan eta zirkuituan egin beharreko lan kopurua.

09:00etan hasiko da martxa eskolako patioan, eta leku berean egongo da helmuga. Ibilbidea Alegiako MTB zirkuituaren barruan kokatzen da. Berez, 29 kilometroko luzera eta 1.500 metroko desnibel metatua du, baina nahi duenak aukera izango du 24 kilometro –1.300 metroko desnibel metatuarekin– egiteko. Derrigorrezkoa da kasko homologatua erabiltzea, eta belaun-babesak eramatea gomendatu dute.

Parte hartzaileak Alegiatik Langaurrera zuzenean bidezidor batetik igoko dira, eta Orkatz igoera ere egingo dute; azken hau iazko martxarako zabaldu zuten, baina ezin izan zuten egin, eguraldiagatik.«Enduro zaleei gustatzen zaien bezala, bidezidorretatik joango dira. Igoeran, gainera, sorpresak izango dira», esan du Joseba Arraiet klubeko kideak. Horrez gain, Intxurrera igoko dira partaideak. «Bertatik ederra da ikuspegia». 

Iaz, 100 txirrindulari inguruk parte hartu zuten. Aurtengorako, oraingoz gehiagok eman dute izena; Rockthesport.com webgunean eman daiteke izena. Guztiek lagun giroan egingo dute martxa, ez delako lasterketa bat, ez delako sailkapenik egongo. «Ez dugu giro lehiakor bat sortu nahi. Gainera, kronometroa jartzea lan handia da».

Oro har, mendiko bizikletarako «zaletasun handia» dagoela nabarmendu du Arraietek. «Txirrindulari asko ibiltzen da Alegia inguruko bideetan, bertakoak nahiz Euskal Herritik kanpokoak. Bertako MTB zirkuitua izena hartzen ari da, askotariko ibilbideak egiteko aukera ematen baitu.

Urten zehar aritzen dira herriko zirkuitua txukuntzen, auzolanean. Aurten, horretarako zehaztutako bost egunetatik hiru egin dituzte; azkena, joan den larunbatean, enduro martxarako ibilbidea prest uzteko. «20-30 lagun elkartzen gara, eta gaizki dauden edo berritzeko dauden zatiak konpontzen ditugu. Aurten, etekin handia atera diegu auzolan egunei», esan du klubeko kideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!