Duela 35 urte hasi zen prestatzaile fisiko lanetan David Dominguez (Iruñea, 1969). Igeriketa, herri kirolak, golf-a, eskubaloia eta triatloian aritu ondoren, esku pilotan sartu zen. Arrazoia? Bere emaztearen herrian, Larraintzarren (Nafarroa), prestatzaile fisikoa falta zen haurrentzat. Pilotari gaztetxo horiek, besteak beste, Unai Laso, Julen Martija, Peio Etxeberria eta Jon Ander Peña tolosarra ziren. Gerora, pilotari profesionalekin ere hasi zen lanean: Altuna III.a, Murua, Alberdi II.a, Gorka Ugartemendia eta abar. Taldera iristen azkena Iñaki Artola izan da.
Une honetan albistea Iñaki Artola da, buruz buruko finala jokatuko duelako igandean. Nola ikusten du bere prestatzaile fisikoak?
Final bat da. Eta final bat beti oso baldintzatuta etortzen da. Iñaki baldintza horiei aurre egiteko prest ikusten dut. Gaitasun handiko mutila da, pertsona oso orekatua eta ur handi hauetan bikain murgiltzen dena. Ondo ikusten dut, baina baita Dario ere. Nire ustez, txapelketa hobekien jokatu duten bi pilotariak iritsi dira finalera, eta biek merezi dute hor egotea.
Finalerdia jokatu ondoren, bi asteko atsedenaldia izan du alegiarrak. Zer egiten da egun horietan, finalari begira?
Egokitzapen edo afinamendu lana esaten zaio. Laneko edukiak intentsitate ertain-handiko karga txikitan sartzen ditugu, atseden askorekin; eta kitto. Bolumena asko jaisten dugu, eta finalera txispa horrekin iristen saiatzen gara; baina batez ere bere buruarengan konfiantzarekin, hori da garrantzitsuena. Final bat joko kontua da, eta agian, joko gutxi egon daiteke. Ikusleentzat pilotariarentzat baino zirraragarriagoa izaten da. Hauek presio psikologiko eta emozional oso handia izaten dute. Inguruneak berak aldatu egiten zaitu, baldintzatu egiten zaitu. Dei gehiago izaten dituzu, agur eta mezu gehiago… zure egunerokotasuna aldatu egiten da. Pilotariei beti esaten diedana: partida bat hartan pentsatzen hasten zarenean hasten da. Beraz, oraindik jokatu ez den arren, biak jada ari dira finala jokatzen.
Zenbat denbora zoaz Artolarekin?
Iraila inguruan etorri zela uste dut, bai, uda bukatu zenean hasi zen gurekin.
Eta iritsi zenean, zer ikusi zenuen berarengan?
Esperientzia handia duen pilotari bat etortzen zaizunean, aurrez beste hainbat prestatzailerekin ibilia, ez da erraza izaten. Prestatzaile berriarentzat konplexua izaten da, ordura arte ezagutu dituen metodologiak eta zureak desberdinak izan daitezkeelako. Nire kasuan, adibidez, lan-metodologia zehazturik daukat, eta oinarria pasatako urte guzti hauek dira. Noski, gero beti saiatzen zara aldakuntzak sartzen; ezin duzu beti gauza bera egin, gero estimulu horrekiko tolerantzia sortzen delako eta ez dagoelako hobekuntzarik.
Hau guztia azalduta, Iñaki etorri zenean helburu nagusia, hizki larriz, gainera, ez lesionatzea zen; lesio maila jaistea. Niretzat funtsezkoa da bera ez lesionatzea. Oinarri horretatik abiatuta, geruzak kentzen joan gara, eta orain gureak jartzen ari gara. Prozesu luzea da; batzuetan aurreko esperientziak baldintzatuta etortzen dira, bueno, beti etortzen dira aurreko esperientziak baldintzatuta. Eta metodologia modu erradikalean aldatzen duzunean, Iñakirekin egin dugun bezala, hasieran kostatu egiten da. Pixkanaka taldearen mailan sartzen ari da, eta hori oso ondo dago. Gainera, finalera iritsi da. Horrekin dena esanda geratzen da.
Urte hasieran, oker ez baldin banago, hatz batean arazoak izan zituen Artolak.
Bai, hori izan da orain arte eduki dugun arazorik handiena, hatz txikian izan zuen lesioa. Hamar aste egon zen lehiatu gabe, eta hori zama handia da. Iñakik, ordea, badu abantaila handi bat: oso moldakorra da. Berehala egokitzen da. Ehuneko ehuneko lanerako prestutasuna dauka. Bestalde, bere pentsamenduekin beti tratuan ibiltzen naiz, buru-arau batzuk aldatzen saiatzen naiz, noski beti arrazoituz eta saiakera-akatsa metodologiaren bidez. Pixkanaka-pixkanaka, talde honetan bere bidea egituratzen ari gara.
Taldea aipatu duzu behin baino gehiagotan.
Bai, horrela da.
Irudipena daukat, hemen norbanakoa, noski, landuko duzula, baina taldeari ere garrantzi handia ematen diozula.
Bai, nire gauzak dira. Ea bada: bai, kirol indibiduala da; kirolariak berez dira berekoiak, bakoitzak berea nahi duelako, berea hobetu nahi duelako. Norbanakoa lantzen dugu, baina aldi berean elkarrekin etortzen dira; batzuetan bi, hiru, lau edo bost. Maila handiko jendea da, eta elkar elikatzen dira. Euren kontuak esaten dizkiote elkarri, bizipenak elkarrekin dauzkate… Niretzat talde lana oso garrantzitsua da, egun batean oso gaizki etortzen zarelako eta denak hor daudelako zuri laguntzeko; edo alderantziz, beste egun batean beste norbait etortzen da lur jota, eta zu zaude hari laguntzeko. Euren artean, batzuk esango luketen bezala, sinergia handia dago [Barreak].
Pilotari bakoitzera nola egokitzen zara?
Lan-bloke bat daukagu, eta gero, egun batean nola zauden edo denboraldia nolakoa den kontuan hartuta, indibidualizatu egiten dugu. Adibidez, orain bi final ditugunez (Muruarena eta Artolarena), lana erabat indibiduala da. Etortzen dena lan horretara egokitzen da; final bat garrantzitsuagoa da. Gainera, guk beti zikloka egiten dugu lan; beti finalera iritsiko zarela pentsatuta egiten dugu lan. Bidean geratzen bazara, bidean geratzen zara. Ados. Ezin dena da lau aste falta direnean lana inprobisatzea, finalerdietan sartu zarelako eta ez genuelako espero. Prest egon behar dugu. A plana finala jokatzea da. Agian oso harroputz geratzen da horrela esanda? Baina hori da nire lan egiteko modua.
Ez da ohikoa hori entzutea.
Partidaz partida joan? Futbol entrenatzaile horrek esaten duen bezala? Hori hemen txorrada bat da. Ez dizulako ikuspegirik ematen. Planifikazio bat egiteko ikuspegia eta aurreikuspena behar dituzu. Txapelketako fase bakoitzak bere entrenamendu mota dauka. Lan horri leial eusten diogu, eta batez ere oso lan malgua da; ez da beharrezkoa oso pertsona zurruna izatea. Ni egituratua naiz, baina malgua ere bai. Beti egokitu behar da beharretara. Badago gida-mapa bat, ibilbide bat, eta jarraitu egiten dugu, baina tontorrera iristeko.
Finalerdietara iristen zara eta gero bi aste dituzu dena aldatzeko… «kaka, eta orain zer egingo dut?». Ez. Edo gehiegi prestatu duzu finalerdia —askotan gertatzen da hori—, erotu egiten zara eta finalerdia irabazi behar dela pentsatzen duzu kosta ala kosta. Ez, finala irabazi behar da. Orduan, prestaketa horretara bideratuta dago. Gero irabazten den ala ez… hau kirola da. Irabazten bada, ondo, baina astelehena beste egun bat da jada. Astebetera inork ez du gogoratzen nork irabazi duen txapela, erronka berri bat dagoelako jada: San Ferminetako lau eta erdikoa, adibidez. Buruz burukoa irabazten duzu eta gero ez bazara San Ferminetako lau eta erdiko finalean sartzen, ba orduan izango zara… [biraoak, barreak eta barkamen eskaerak].
Ez, egia da. Horrelaxe ibiltzen gara.
Kirolak ez dauka memoriarik. Zero. Ez dago memoriarik. Horregatik behartzen zaitu horrela lan egitera: beti ondo egotera. Eta gero, pilota oso kirol konplexua da, ez dagoelako denboraldi jakinik: lau eta erdikoa, binakakoa, buruz burukoa, udako txapelketak… etengabeko ziklo bat da.
Beste hainbat kiroletan, sasoi puntu desberdinak, tontorrak,… aipatzen dira. Pilotan?
Ez. Hemen ahal den moduan zoaz. Gero, asteburu batean jokatzen duzu, hurrengoan ez, gero ez dakit zer… oso konplexua da. Iñaki edo Altuna bezalako kirolariekin oso erraza da, horiek egutegia definituagoa izaten dutelako, baina gainerakoekin? Ez dakizu hirugarren partida, laugarrena edo zortzigarrena jokatuko duten. Oso konplexua da hori. Eta noski, Iñakiz gain beste taldekideak ere kontuan hartu behar ditut, bakoitzak berea hobetu dezan. Finean, horixe da gure lana: entrenatzaileok bitarteko bat gara, besterik ez, eurek euren helburuak eta xedeak lor ditzaten. Hortik aurrera, aparte egon behar dugu, beti.
Finala non ikusiko duzu?
Ez dut ikusten.
Ez dituzu partidak ikusten?
Zuzenean inoiz. Ondoren ikusten ditut.
Urduri jartzen zarelako?
Toreatzaile baten ama bezala [barreak]. Paso. Ez dut final bakarra ere ikusi, ezta ikusiko ere.
Ba aukerak izan dituzu, eta ez gutxi.
Bai, asko. Baina ez, ez, ez, ez… Ez ditut ikusten.
Horrenbesterako da?
Iaz finalera joan nintzen, Jokinek eta Iñakik jokatu zutenera. Baina alabarengatik. Kotxez eraman nuen, han utzi nuen eta bukatu zenean hartu eta etxera.
Hau da, frontoira sartu ere ez zinela egin.
Zinera joan nintzen.
Ez da posible?
Bai, bai, zinera joan nintzen [barreak].