Gaur hasiko da Oinarria antzerki topaketa

Ataria 2026ko maiatzaren 26a

Alegiako Eskolako antzerki taldeko parte hartzaileak. INTXURRE ANTZERKI TALDEA

Aurten bitan banatuta egingo dute Oinarria antzerki topaketa: haurrentzako jarduerak maiatzean egingo dituzte; eta urrian edo azaroan izango dira helduentzako proposamenak. Udazkenean hutsetik sortutako lehen obra aurkeztuko du Intxurre antzerki taldeak.

Intxurre Antzerki Taldea bigarrenez ari da Oinarria, Amateur Antzerki Topaketak egiten. Iaz helburuak «ondo bete» zituztela-eta, aurten errepikatzea erabaki dute. Bigarren edizioa, gainera, berritasun batekin dator: bitan banatu dute egitaraua.

Lehenik haurrei bideratutako eskaintza izango dute, eta gaur estreinatuko dute egitaraua. Hain zuzen, Alegiako kultur etxean Herri zoroa, II. atala ikuskizuna egingo dute ikasturtean zehar antzerki tailerrean trebatu diren gaztetxoek. Alegiako Eskolako Antzerki Taldea iaz hasi zen ikastaroekin, eta aurtengo ikasturtea amaitzearekin batera egingo dute antzerki obra.

Horrekin batera, Gertuko magia ikuskizuna ere egingo dute ostiralean herriko plazetan eta terrazetan. Antolatzaileen hitzetan bost kidek «magiarekin sorgindu» egingo dituzte herriko kaleak.

Udazkenean, bigarren zatia

Ekimenaren bigarren aldia urrian edo azaroan egitea aurreikusten dute, eta bertan ere izango da nobedaderik. Hain zuzen, antzezlana estreinatuko du Intxurre Antzerki Taldeak, eta izango du berezitik: lehen aldiz hutsetik sortu eta prestatu dute antzerki obra.

Estreinaldiaz gain, beste «hiruzpalau emanaldi» ere ari dira antolatzen, eta oraindik ez dute jakinarazi zein ikuskizun izango diren, eta zein egunetan programatu dituzten: «Oraindik datak eta obrak ez daude zehaztuta, eta ari gara proposamen ezberdinak jasotzen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!