Iñaki Artolak (Alegia, 1994) jokatuko du Buruz Buruko Pilota Txapelketako finala maiatzaren 31n, Nafarroa Arenan, finalerdietan Unai Laso menderatu ondoren. Finalean Dario izango du aurkari alegiarrak.
Buruz burukoa hasi aurretik uste zenuen finalean izango zinela?
Agian ez... Beti izaten da esperantza, edozein txapelketaren aurretik. Uste dut kirolari guztiek, edo nik behintzat bai, joera hori izaten dugula. Gauzak ez daudenean oso aldeko ere, beti sinesten duzu egon daitekeela aukeraren bat. Aurkezpenaren egunean ikusita zenbat pilotari on zeuden, ez duzu erraza ikusten, baina zure aukerak ere ikusten dituzu. Horretan sinesten saiatzen zara, eta horregatik ere iritsiko ginen ziurrenik.
Finalera iristeko bidea ez da erraza izan.
Ez, zaila izan da, eta polita ere bai. Zabalaren aurkako partida jokatu aurretik harri galanta nuen parean, 17 tantoren azpitik utzi behar nuelako. Bestetik, banuen motibazio hori edo pentsamendu hori, lortzen banuen finalera iristea edo txapela lortzea, izan behar zuen bezala izango zela, egoera zailei kontra eginda, eta irabazteko modurik politena ere hori izango zela. Eta horrela izan da, nire burua erdi kanpoan ikusi dudalako momentu bat baino gehiagotan.
Zer gertatu zen Lasoren aurkako finalerdiaren hasieran? Ematen zuen dagoeneko bost txapel zenituela buruz buru.
Partida guztiak dira ezberdinak, eta elkarrizketa guztietan esaten ari naiz asko hitz egiten dela, barrutik baino gehiago kanpotik, kazetariek-eta, zein den faborito, eta bat eta beste... baina gero ez dakizu norberak noiz izango duen egunik onena, eta aurkaria nola egongo den. Itxura batean zailago ematen zuten partidak hobeto atera ditut, errazagoak ematen zutenak baino. Hori lehen ere banekien, eta txapelketa hau ikasketa bat izan da oraindik ere hori gehiago baieztatzeko. Azkenean egunean bertan jokatu behar duzu, eta izenak ez du garaipenik ziurtatzen. Larrazabalek egurtu egin ninduen, gero nik orduan faborito zena egurtu nuen. Kirola horrela da.
Zer suposatzen du berriro finalean egoteak?
Niretzat konstatazio bat da. Oraindik ere niregan are gehiago sinesten lagunduko didan zerbait. Izan dut joera, zerbait ondo atera bazait edo final batera iritsi banaiz, pentsatzeko gauzak berriro ere berdin gertatu behar direla; entrenamenduak, joko puntua, aurkariak... Eta orain, aldiz, konturatzen naiz iritsi naizen lau finaletara bide ezberdin batetik iritsi naizela. Horrek laguntzen dit konfiantza hori irabazten, eta pentsatzen ez dela hainbeste zein tokatu zaidan aurka, edo zer joko puntutan nagoen, baizik eta jakitea ni nire onenean egonez gero, urruti gabe txapelen lehian ibili naitekeela, eta banaizela maila horretako pilotaria.
Nola zaude fisikoki eta buru aldetik?
Ondo. Buruz buruko partida bat jokatzerakoan, behin ere ez duzu bukatzen nahi bezala. Orokorrean esango nuke kirolari profesionalek beti izaten dugula zerbait, baina sinatuko nuke horrelaxe egiteko, entrenatzeko aukerarekin. Buruz buruko partidak gogorrak dira, eta dagoeneko batzuk jokatu ondoren ez litzateke harritzekoa izango pixka bat arrastaka iristea, baina ez da kasua. Ondo iristen naiz. Alderantziz esango nuke; behetik gora egin dut txapelketan, horrek ematen duen konfiantzarekin. Beraz, ondo nago, aitzakiarik gabe.
Dario duzu finalean aurkari. Zer etortzen zaizu hori pentsatzean?
Aurkari gogorra dela. Buruz burukoan hautagaien artean egoten da beti. Begira zeini irabazi dien, eta hori ez da kasualitatea. Adibidez, Jokini [Altuna] irabazi zion bezala irabaztea, finalerdia irabazi duen bezala irabaztea... eta garbi dut ez didala erraz jarriko. Aurreneko mailako buruz buruko finala da, eta hor ez dago lasterbiderik edo bide errazik. Azkenean helburua txapela baldin bada, horrek esan nahi du momentuko pilotari onenari irabazi beharra dagoela, berdin zaio finalerdietan, final-laurdenetan edo finalean.
Joko aldetik zer saiatuko zara egiten?
Beti aldatzen dituzu pare bat gauza, eta saiatzen zara aurkaria pixka bat estudiatzen automatismo batzuk hartzeko, ez sorpresaz harrapatzeko. Aldi berean, ez dago ezer deskubritzeko, elkar ezagutzen garen pilotariak gara, urteak daramatzagu; jokatzeko modua ere, bakoitza bere berezitasunekin, baina esango nuke antzekoa dela, antzeko oinarria dugula. Gehienbat nire jokoan zentratu nahi nuke. Orain arte ondo egin dudana berriro ere errepikatzen saiatu, eta aurreko partidetan hobetzeko ikusi ditudan gauzatxo batzuk zuzentzen saiatu.
Eskarmentuan irabazten diozu, bere lehenengo finala delako. Abantaila duzu horretan?
Baliteke, baina aho txikiarekin esango nuke. Hori bakoitzak nola bizi duen ere bada. Uste dut Irujori entzun niola aurreneko finaletara askoz lasaiago joaten zela, eta kuriosoa da, berez aldrebes beharko lukeenean. Pertsona zer momentutan dagoen, zenbat lanketa egin duen ikusi beharko litzateke. Darioren berri ez dut, eta ez dakit horrek kalte edo mesede egingo dion. Nik dakidana da ikasten ari naizela pixkanaka. Finalerdian eta aurreko partidetan antzeman dut aurreko urteetan egindako akats batzuk zuzendu ditudala, eta hobeto aurre egin diodala partidari. Niri behintzat esperientzia horrek lagunduko nau.
Zer-nolako pilotalekua da Nafarroa Arena zure ezaugarrietarako?
Ez dakit, finalaren ondorengo astelehenean hitz egingo dugu... Askotan aipatzen da frontoi pisua dela, eta tantoa bukatzeko zaila dela. Horma bikoa asko ateratzen da, eta hori Darioren ezaugarrietako bat da. Nik ere ez ditut sentsazio txarrak. Galduagatik ere, azkeneko binakako finalean nahiko partida ona egin genuen, eta tartean besteren bat ere bai. Ez diot gorrotorik frontoiari. Esango nuke jendearentzako frontoi polita dela, eta gure hiriburu zaharrean plaza polita dela.
Alegiatik ibiltzean herritarren babesa jasotzen ari zara. Zer esaten dizute, oraingoan baietz?
Bai, hori da. Nik ere banuen irudipena. Lehengo urtean bi final eta bi festa handi antolatu, eta ondoren, jendea pixka bat itzaliago egongo zela-edo, baina jasotzen ari naizena ez da hori. Jendea gogo handiz dago, eta aurreko biak galdu izanak hauspotzen du hori. Bai nik eta bai jendeak oraingoan festa egin nahi dugu, baina txapelarekin, eta saiatuko gara.