Iñaki Artola buruz buruko finalera sailkatu da

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 16a

Artola, joan den igandean, Beotibar pilotalekuan jokatu zuen partidan. LEYRE CARRASCO

22-13 irabazi dio Lasori Donostiako Atano pilotalekuan jokatu duten finalerdian; lehen zati bikainean markagailuan aldea zabaltzea lortu du Artolak, eta hori baliagarri izan zaio garaipena lortzeko. Buruz buruzko bigarren finala jarraian jokatuko du pilotari alegiarrak.

Iñaki Artolak Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du maiatzaren 31n, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Duela egun batzuk finalerdietara ez sailkatzetik tanto bakarrera egon zen alegiarra Tolosako Beotibar frontoian. Eta gaur, erakustaldia eman du finalaurrekoan.

Partida oso ona jokatu du alegiarrak. Lehen zati bikaina egin du. Ikaragarri jokatu du, eta ez dio une bakar batean Lasori partidan sartzen utzi. Min handia egin du sakearekin eta errematearekin, eta tantoa luzatu denean, pilota ezker horman sartzen asmatu du. 6-0 eta 10-1 joan da aurretik markagailuan, eta lehen atsedenaldi luzera ia partida erabakita heldu da: 12-2.

Bigarren zatian aldea handitzea lortu du (16-3), baina pilotan asko sufritu beharra dago 22ra iristeko, eta Artolak sufritzen jakin du. «Bolada batean, lan gehiago egin behar izan dut, eta pixka bat sufritu dut. Hala ere, gustura nago egindako lanarekin, uneoro kontzentratuta jokatu dudalako», esan du partida amaieran. Lasok ez du partida ona jokatu, eta opari batzuk egin dizkio Artolari. Bigarren atsedenaldi luzearen aurretik Laso markagailuan hurbildu bazaio ere (17-10), aldea mantentzea lortu du alegiarrak, eta 22-13 irabaztea lortu du.

Partida «buruz prestatzen saiatu» dela adierazi du Artolak. «Ez dut aukerarik izan fisikoki asko prestatzeko. Azken partida oso gogorra izan zen, fisikoki eta mentalki. Banekien erasokor jokatu behar nuela, eta ezin niola partidan sartzen utzi. Oso partida gogorra espero nuen, baina partida taktikoa izan dela esango nuke. Fisikoki ez da oso gogorra izan, espero ez nuen bezala. Ez du bere eguna izan, eta aprobetxatu egin behar nuen».

Bigarren finala jarraian jokatuko du Artolak buruz burukoan. «Ametsik onenetan ere ez nuen pentsatuko hala izango zela. Debutatu nuenean oso urruti ikusten nuen buruz buruko txapela», esan du alegiarrak. Bada, orain beste aukera bat izango du horrenbeste desiratzen duen txapela lortzeko. Bihar jakingo du noren aurka jokatuko duen finala: Dario edo Larrazabal. Aurtengo buruz burukoak, beraz, txapeldun berria izango du.

Artolak 15 tanto egin ditu –sakez, hiru–, eta hiru galdu. Lasok, berriz, hamar tanto egin ditu –hiru sakez–, eta zazpi galdu. Guztira, 223 pilotakada jo dituzte, 55 minutu eskas iraun duen norgehiagokan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!