Hasi dituzte Langaurreko eremua egokitzeko lanak

Ataria 2026ko apirilaren 27a

Zenbait langile Langaurreko eremuan belarra mozten. ALEGIAKO UDALA

Hainbat lan egingo dituzte eremua egokitzeko, besteak beste, azpiegiturak zein hiri altzariak eraberritzea eta irisgarritasuna hobetzea.

Hasi dituzte Langaurreko aisialdi gunea egokitzeko lanak. Otsailaren hasieran iragarri zuen Alegiako Udalak ingurua egokitzeko zenbait lan egingo zituztela, eta azken egunetan belarra mozten zein beste zenbait egokitzapen lan egiten aritu dira. 

Udaletik aurreratu dute «epe motzean» zenbait azpiegitura ere jarriko dituztela, erabiltzaileek «eremuaz gozatu» ahal izateko. Finean, hurrengo lanak gauzatzea aurreikusten dute: irisgarritasuna hobetzea; komunak eta haurrentzako jolasgunea eraberritzea; eremuko altzariak, parrillak eta «antzeko elementuak» berritzea; eta Sagastigainetako Borda eraberritzea.

Aipatutako lanek 111.000 euroko aurrekontua izango dute, eta Europako Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (Next Generation-EU) esparruan gauzatuko dituzte, zehazki Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planaren 2. Ardatzeko (Efizientzia Energetikoaren hobekuntza) 1.jarduketa (Tolosaldea oinez eta bizkiletan) gauzatzearen barruan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!