Amaitu da Boskatu taldearen bidaia herriarteko txapelketan

Tolosaldeko Ataria

Zumarraga-Urretxu 1 eta Boskatu taldeetako bertsolariak, Zaldibian. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Ostiralean Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako kanporaketetako bat jokatu zuten Zumarraga-Urretxu 1 eta Boskatu taldeek Zaldibian; goierritarrak nagusitu ziren 16-14, eta Tolosan jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu dute.

Alegiako Boskatu taldeak agur esan dio Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketari, eta, ondorioz, ordezkaririk gabe geratu da Tolosaldea aurtengo edizioan. Alegiarrak Tolosaldea ordezkatuz heldu dira final-laurdenetako kanporaketara, baina ezin izan dute aurrera egin.

Joan den ostiralean jokatu zuten Zaldibian finalerdietako kanporaketa, Zumarraga-Urretxu 1 taldearen aurka. 100 bertsozale inguruk bete zuten herri antzokia, eta honako bertsolariak aritu ziren kantuan: Antton Fernandez, Manex Mantxola eta Mikel Iturriotz Zumarraga-Urretxuko taldean, eta Iker Iriarte, Iker Arandia eta Eneko Ontsalo Boskatu taldean. Leire Akizu izan zen gai-jartzailea.

Oso parekatua izan zen saioa. Ariketaz ariketa, ale ederrak entzuteko aukera izan zen, eta ikusleentzat ez zen erraza izan talde irabazlea iragartzea. Azkenean, 16-14 gailendu ziren goierritarrak.

Gauzak horrela, maiatzaren 16an Tolosan jokatuko den finalaurrekoan arituko dira goierritarrak; Hernani edo Txingudi-A taldea izango da haien aurkaria –ostiralean Hernanin izango den final-laurdenetako kanporaketan erabakiko da–. Finala, berriz, Aian izango da, maiatzaren 30ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!