Balioen lanketa egin dute Intxurre futbol taldeko kideen artean

Ataria 2026ko martxoaren 5a

Gurasotasun positiboa eta nerabeen ongizatea landu dituzte prestakuntza baten bidez. Amaieran klubeko Balioen Dekalogoa osatu eta herrian zein taldeen artean zabaldu dute.

Alegiako Intxurre futbol taldeko kideek prestakuntza jaso berri dute Alex Remiro fundazioaren eta Futbolmas fundazioaren bitartez. Gurasotasun positiboa eta nerabeen ongizate emozionala lantzea izan da helburua. «Gipuzkoako taldeetan ari dira egiten saioak, urtero moldatzen ari dira eta aurten lehenengo aldiz gurasoak eta entrenatzaileak elkarrekin aritu dira», esan du Olatz Irazustabarrena Intxurreko futbol eskolako arduradun taldeko kideak. «Guri proposamena egin ziguten, eta onartu genuen».

Urtarrilean eta otsailean egin dute lanketa. «Prestakuntzaren informazioa bidaltzerakoan ikusi genuen interesgarria zela», esan du Irazustabarrenak. «Kirolean, eta futbolean batzuetan are gehiago, jende pila elkartzen da, hainbat adinetakoak, tartean nerabeak, eta beraiek nola dauden eta gurasoek eta entrenatzaileek edo arduradunek ematen dizkieten mezuak eragin handia izan dezakete». Askotan nahigabe izaten dira eta horren inguruko kontzientziazioa eta hausnarketa lana bezala hartu genuen, uste dugulako interesgarria dela eta guk ere ardura bat dugulako».

Prestakuntzak saio dinamikoak izan dira. Bi saio egin zituzten gurasoekin, beste bi entrenatzaileekin, saio praktikoa egin zuten infantil mailako nesken eta mutilen taldeekin, nerabeei begirako prestakuntza zelako, eta bukaeran entrenatzaileek eta gurasoek elkarrekin saio bat egin zuten. «Normalean egunerokotasunean antolaketaren inguruan aritzen gara, edo zerbait puntuala gertatzen denean», zehaztu du Irazustabarrenak. «Urte hasieran berriak direnei azaltzen zaie zein izaten den dinamika, baina egunerokotasunean mezu bidez funtzionatzen dugu. Beraz, ez gara biltzen eta aurrez aurre hausnarketak egiten aritzen, eta prestakuntza saio horiek horretarako balio izan dute».

Balantzea egiterakoan «oso gustura» aritu direla esan du. «Ez da ohiko dinamika izan, hitzaldiak eta horrelakoak. Jolasak egin ditugu, eta helduak garen partetik ez gaude ohituta horrelako dinamiketara». Esaterako, futboleko txartel horiaren eta gorriaren ordez, dinamiketan txartel berdea eta urdina erabili dituzte.

Prestakuntzaren bukaeran Intxurre futbol taldearen Balioen Dekalogoa osatu dute. «Lanketaren amaieran balio batzuk biltzen joan behar genuen, eta ikusi genuen bai gurasoek eta bai entrenatzaileek balio berdintsuak genituela», esan du Irazustabarrenak. Guraso batek proposatu zuen balioen dekalogoa sortu zezaketela, eta denok ados zeudenez, horrelaxe sortu zuten. Klubeko futbol taldeen artean zabaldu egin dute, herrian fisikoki jarri dituzte eta baita futbol zelaian ere. Horietako batzuk dira laguntasuna, euskara, konfiantza, berdintasuna, esfortzua, kiroltasuna eta gozamena.

Intxurre futbol taldearen Balioen Dekalogoa

  1. Laguntasuna eta enpatia. Elkarri laguntzen diogu eta elkar ulertzen saiatzen gara.
  2. Euskara eta gure hizkuntza. Euskaraz bizi eta jokatzen dugu, errespetuz eta elkarrekin.
  3. Konfiantza eta ziurtasuna. Giro seguru eta konfiantzazkoa eraikitzen dugu.
  4. Talde izaera eta talde-lana. Denok gara taldea. Elkarrekin indartsuagoak gara.
  5. Berdintasuna eta parte-hartzea. Pertsona guztiek dute lekua eta ahotsa.
  6. Saiatzea eta esfortzua. Ahalegina egiten dugu, emaitza baino harago.
  7. Motibazioa eta diziplina. Konpromisoz entrenatzen dugu, erabakiak hartzen ditugu.
  8. Adiskidetasuna eta alaitasuna. Futbola lagunartean eta giro onean bizitzen dugu.
  9. Kiroltasuna eta ardura. Errespetuz jokatzen dugu eta gure ekintzen ardura hartzen dugu.
  10. Gozamena. Futbolaz gozatzea da helburua.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!