Urte honetarako 2.910.174 euroko aurrekontua izango du Alegiako Udalak. Abenduaren 18ko osoko bilkuran onartu zuten aurrekontua Aurrera Alegiaren aldeko bost boto eta EH Bilduren bi abstentziorekin, eta otsailaren 20an argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Aipatutako kopurutik inbertsioetara bideratuko da aurtengo aurrekontuaren «zatirik handiena» eta, horren barruan, iazko ekitalditik aurtengora igaro diren osasun zentroaren eta jubilatuen tabernaren eraberritzea eta eremu horretan ezarriko den hiri igogailua nabarmendu dituzte, besteak beste.
Inbertsioen ardatzak
Regina Sorarrain alkateak kontatu du hiru atal orokor identifikatu dituztela inbertsioak egiteko: uholdeek eragindako kalteei aurre egitea, ikastetxearen eremuan obra egitea eta Larraitz auzoaren zein zubiaren arteko eremuan urbanizazio lanak egitea.
Zentzu horretan, euriteen ondorioei dagokienez, alkateak azaldu du iazko kalteei aurre egiteaz gain, errepidea konponduko dutela Errotaldea eta Fabrensa atzealdeko eremu batean: «Zati handi batean konponduko dugu errepidea. Aurretik ere bazegoen beharra, eta euriteek kalte handi samarrak eragin dituzte». Lan horietarako 368.200 euro aurreikusi dituzte.
Bestalde, hirigintzaren arloan, beste 140.000 euro ere jaso dituzte zubiaren eta Larraitz auzoaren lotunea urbanizatzeko: «Iaz bukatu zen Larraitz auzoko obra garrantzitsua, eta hori borobiltzeko egingo dira lanak Intxausti-aurrea deitzen diogun eremuan».
Horiekin batera, eskolaren sarrera lekualdatzeko asmoa dutela ere aipatu du. Gaur egun errepidera ematen du sarrerak, eta albo batera aldatuko dute. Lan horietarako 70.000 euro bideratu dituzte. Ez da, ordea, eremu horretan egingo duten lan bakarra: «Sarrera aldatzearekin batera, Hezkuntza Sailak estalki bat jarri nahi du bertan. Hori eraikitzeak 800.000 euro inguruko kostua izango du, eta eurak finantzatuko dute». Lan horiek uda aurretik egitea aurreikusten dutela ere zehaztu du Sorarrainek.
Azpiegitura lan lerro
Aipatutako lanez gain, Alde Zaharra birgaitzeko plana lantzen ari da Alegiako Udala. Iaz zati bat egin zuten, eta aurten ere bigarren zati bat garatuko dutela aurreratu du. Eta, bestalde, San Joan kaleko hiri-altzarien antolamenduaren inguruan ere hausnartuko dute.
Halaber, aurtengo beste obra nabarmen bat izango da osasun zentroa eta erretiratuen taberna berritzea eta hiri igogailu bat egitea. Lanek, guztira, 2.650.432 euroko aurrekontua izango dute; horietatik, Osakidetzak ordainduko ditu bi milioi pasatxo, eta, gainerakoa, Alegiako Udalak.
Bestalde, herriko alkateak kontatu du beste erakunde batzuekin ere ari direla lanean herriko zein inguruko azpiegiturak hobetzeko. Esate baterako, aldundiarekin lantzen ari dira Bideberrieta kaleko errepidea berritzea —haren jabetzakoa delako—. Eta ildo beretik azaldu du epe laburrean Ura Agentziak Franconi zubiaren eta eremuaren inguruko plana aurkeztuko dietela: «Bertako uholdegarritasun arriskua murriztearekin sekulako aukerak zabaltzen dira eremuari merezi duen etorkizuna emateko».
Alor berean, Tolosaldea Garatzen agentziarekin ere elkarlanean aritu direla kontatu du Sorarrainek, eta Next Generation diru laguntzekin Langaurreko eremua berritzeko aukera izango dutela: «Eraberritze garrantzitsu bat egingo da bertan. Oso eremu kuttuna da guretzat, eta gerora ere lana egin beharko da mantentzeko».
Etxebizitzaren gaiari dagokionez, berriz, «sukaldeko lanean» ari direla aipatu du: «Asko kezkatzen gaituen gai bat da. Alegia herri erakargarri egin behar dugu, eta gazterik gabe ez dago ez herririk, ez etorkizunik. Gazteek bertan geratu nahi dute, eta hori oso pozgarria da. Gaia lantzen ari gara, baina, momentuz, sukalde lanean».
Jarraipena beste arloetan
«Aipatutako guztia, jakina, albo batera utzi gabe gizarte zerbitzuetako begirada, gaztelekua, jaiak eta, orokorrean, kulturaren arloa. Horiek, eta eguneroko lanak, noski», horrela hitz egin du Alegiako alkateak aurrekontuaren beste esparruen inguruan.
Hain zuzen, kulturaren arloan urte honetan «efemeride garrantzitsu» bat izango dutela ere aurreratu du: «Aurten 100 urte beteko dira German Intxausti jaio zela. Familiak izugarrizko ondarea izan du bilduta. Urte garrantzitsua izango da, jarduera kultural dezente egingo direlako horren inguruan. Ekimen horiek bi helburu izango dituzte: batetik, omenaldia egitea herritar nabarmen hari; eta, bestetik, egin zuen lana ezagutaraztea».