Inauterien argazki erakusketa Kabia kultur kabinan

Ataria 2026ko otsailaren 18a

Kabia kultur kabinak 'Basafauna' erakusketa izan zueneko artxiboko irudia. A. ARROYO

Hainbat tokitako «inauteri herrikoien» argazkiek osatuko dute Alegiako Kabia kultur kabinako erakusketa berria. Irudiak ikusgai egongo dira udaberri ingurura arte.

Ondo jakina da inauteriak ospatzen direla eskualdetik harago ere, eta, hain zuzen, horixe jasotzen du Alegiako Kabia kultur kabinako argazki erakusketa berriak.

Aurreko astean jarri zituzten irudiak telefono kabinaren barruan, eta hainbat tokitako inauteriak bildu dituzte. Alegiako Argazkizaleen Elkarteko Ibon Azpilikuetak adierazi du «argazki oso potenteak eta dotoreak» direla: «Leku askotako inauteri herrikoiak jasotzen dituzte argazkiek. Toki horien artean daude, jakina, Euskal Herriko hainbat, eta hortik harago Galizia, Portugal, Gaztela, Asturias... Ospakizun herrikoiak izan dira ardatza».

Dagoeneko ikusgai dago erakusketa, eta bertan mantenduko dute zenbait astez. «Hurrengo erakusketako gaia ere pentsatuta daukagu, baina inauteriei buruzkoa hainbat astez mantenduko dugu». Zehazki datari buruz galdeginda, «udaberri ingurua» aipatu du antolatzaileak, gehiago zehaztu gabe: «Hurrengoa argazki jaialdia egin ondoren jarriko dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!